Ezpata Dantzaren txintxarriek hartuko dituzte Irungo kaleak igandean

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 25a

Kemen dantza taldeak 2022an berreskuratu zuen Gipuzkoako ohitura zaharra ondo errotu da Irungo jaietan. Ezpata Dantza ikusteko egun finko askorik ez dago lurraldean, eta beraz, igandean 12:30ean Ama Xantalenetik abiatu eta Urdanibia eta San Juan plaza inguruetan txintxa txintxarri hots eta dantzaz gozatzeko hurbil daitezela gonbidatzen du euskal kultur taldeak.

Kemen dantza taldea finko bat da Irungo jaietan. 1982az geroztik (1979tik San Pedro egunean ere) urtero San Pedro eta San Martzial jaiei abiada emateaz gainera, udako solstizioari ongi etorria eman ohi diote ekainaren 23an taldeko dantzariek Aurreskua eta Soka Dantzan. 2022an tradizioa eguneratzea erabaki zuten, eta herritarrak plazan dantza egitera gonbidatzeaz gain, taldeko dantzarien artean genero bereizketarik gabe parte hartzea erabaki zuten aurreneko aldiz 40 urtetan. Joan den asteartean 35 dantzari inguru aritu ziren San Juan bezperako jaien irekiera ekitaldian. 

Baina 2022an, 'Ezpata Dantza' ere berreskuratu zuten, «hurrengo urteetarako ohitura bilakatzeko asmoz», eta pixkanaka errotzen doa jaietako egitarauaren barruan. Aurten ekainaren 28an egingo dute Ezpata Dantza eta Brokel Dantza. Garai bateko ohiko dantza ekitaldia oholtza gainetik atera, eta garai bateko Irungo herriaren mugetatik dantza egiteko urratsa egin zuten, eta horri eutsiko diote igandean. Ama Xantalen ermitatik abiatuko dira 12:30ean, eta Urdanibia plazan, San Martzial, Eliza eta Eskoleta karriketan, Fermin Calbeton kalean, Foruen karrikan, Pikoketa karrikan eta Foruen karrikan barrena dantzatuko dute. 

Gipuzkoan ohitura zaharra izanik ere, egun finko asko ez daudenez ‘Ezpata Dantza’ ikusteko eta parte-hartzeko deia luzatu diete irundarrei igandean. Kemeneko kideek azaldu digutenez, «zuri-gorriz jantzita eta Ezpata Dantzarako zapia buruan, txintxarrien hotsek jendea erakarri ohi dute». Hala, bosgarren urtea duten honetan, garai berrietara egokitzen badakiela erakutsi du Kemen dantza taldeak, eta geroz eta jende gehiago hurbiltzen dela aitortu digute.