«Gozatu, Ezagutu, Sentitu» turismo kanpainarekin Irun berriz deskubritzeko gonbidapena luzatu dute

Koldo Nausia 2026ko uztailaren 2a

Kanpoko bisitariak erakartzeko ez ezik, udan bertan geratuko diren irundarrek ere hiriak eskaintzeko dauzkan ondare historiko, natural, kultural eta gastronomikoez goza dezaten bilatzen du Irungo Udalak. "Gozatu - Ezagutu - Sentitu" lelopean, Oiasso Museoa, Ama Xantalen nekropolia, Irugurutzetako Interpretazio Zentroa, Aiako Harria Natur Parkea, Plaiaundi, Aitzondoko ur-jauzia (Gipuzkoako altuena), hiriko ostalarien eskaintza, edota "Irun, 2000 urteko historia" bisita egitera gonbidatzen dute. Dies Oiassonis jaialdi erromatarrak, Bidasoa ibaia kayakean zeharkatzea, edota Junkal elizako kanpandorrera bisitek osatzen dute eskaintza.

Irungo Udalak, Bidasoa Bizirik erakundeko Irun Turismo agentziarekin batera, udako kanpaina abian jarri du uztailaren bigarren honetan. San Pedro eta San Martzial jaiek hirian bildutako milaka bisitariez harago, Irunek udako eskaintza oparoa duela nabarmendu du Nuria Alzaga Turismo eta Hiri Bultzadarako udal ordezkariak. Kanpainaren "Gozatu - Ezagutu - Sentitu" leloarekin bat eginez, udal ordezkaria hirian historia, kultura, gastronomia, kirola, natura eta aisialdirako eskaintza erakargarria dagoela sinetsita dago. «Irungo hiriak kokapen estrategikoa du, eta ez da beharbada turistak bilatuko duen eskaintza espezifikoa, baina ez du zergatik Hondarribia edo Donostiarekin lehiatu beharrik», dio Alzagak, «berezkoa duen eskaintza interesgarria du gainerako guztia konplementatzeko».

Historia eta ondare aberatsa

Osagarri gisa, historia eta ondareari lotutako bisita gidatuak edo Irun Berdea markaren eskutik natur parkeetan barrena egin daitezkeen paseoak jartzen ditu adibide gisa. «Jende askok ez daki, adibidez, Aitzondo ur-jauzia dela Gipuzkoako altuena, eta beti esaten dut normalizatu egin dugula Oiasso Museoak eskaintzen duen aztarnategi erromatarra ikusteko aukera, baina apartekoa da», azpimarratzen du. Era berean, Irugurutzetako labeetako interpretazio zentroak udaberrian ateak zabaldu berri dituela, tren txikitoarekin bertaratu eta Irungo meatzegintzaren historia ezagutzearekin batera, Aiako Harria Natur Parkearen atarian, museo gune hauek udako beroari aurre egiteko Irungo 28 Aterpe Klimatikoen artean daudela gogoratzen du. 

Alde horretatik, Oiasso Museoak bi proposamen ditu uda honetarako. Batetik, museoa eta terma erromatar inauguratu berrien bisita gidatu tematiko bat, eta bestetik, Irun erromatarra ezagutzeko tour espezifiko bat hirian barrena. Biak ala biak ostiraletan dira, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30etan euskaraz. Esan gabe doa, uztailaren 15etik 19ra ospatuko den Dies Oiassonis jaialdi erromatarra edota Kultura Zerbitzutik antolatuko duten udako gainerako agendaren programazioak ere pizgarri izan nahi duela.

Hala ere, erromatar historiaz harago, Irungo hiriak 2.000 urteko historia duela nabarmentzen dute udal ordezkariek. Hartara, gune historikoetan zehar bisita gidatuak antolatuko dituzte. Hala nola "Zubiz zubi" izenekoa: ibilbide bat Bidasoa ibaian behera, Abenida zubitik Behobiako aduana zaharrera, Gazteluzarren barrena. Bi ordu irauten du, uztaileko eta abuztuko ostegunetan egingo da, 3 euroan, eta hiriaren iragana gune historiko nagusien bidez ezagutzeko parada ematen du.  

Era berean, aurreko urteetan arrakasta handia izan duen Junkal elizako kanpandorrera bisita dago aukeran. Jarduerak 25 minutu irauten du, eta udan larunbatero hiru txanda (11:00, 11:45 eta 12:30) eskainiko dituzte 1,5 euroan. Kanpaina berean sartzen da "Irun, 2000 urteko historia" bisitak. Bi orduko iraupena dute, eta hiriko zenbait puntu enblematiko ezagutzeko parada eskaintzen dute, hala nola Junkal plaza, San Juan plaza, Kale Nagusia, Pikoketa kalea, Colon ibilbidea eta Zabaltza plaza. Gainera, bide batez, Junkaleko kanpandorrera igotzeko aukera ere ematen dute. Ibilbide horiek asteazken goizetan egiten dira euskaraz, eta ostiral arratsaldeetan, gaztelaniaz, 3 euroan.

Bestalde, Irungo udaletxearen bisita gidatuak antolatuko dituzte hileko azken larunbatetan, azarora arte. Euskaraz egin daitezke, 11:30ean, edo gaztelaniaz, 12:30ean.

Irundarrei hiria deskubritzeko deialdia

Baina baliabide turistikoak kanpoko bisitariak erakartzeko amua badira ere, agintariek irundarrei kanpora bidaiatu gabe pasako duten opor denboran, Irun beren aisialdirako aproposa dela gogoratu nahi die. Nuria Alzagak dioenez, «Irundik atera gabe norbere hiriko txoko asko ezagutu edo beste begirada batekin berriz deskubritzeko aukera aprobetxatu dezatela», gomendatzen du zinegotziak.

Alde horretatik, proposamen horiei tokiko zenbait eragilek aisiarekin eta naturarekin lotuta antolatzen dituzten beste ekimen batzuk gaineratu behar zaizkiela gogoratzen du, hala nola paseo gidatuak, bizikletaz egiteko ibilbideak, Bidasoa ibaian kayak irteerak edo naturaguneak ezagutzeko ibilbideak, besteak beste. Izan ere, Aiako Harria Natur Parkea eta Erlaitzen dagoen Lapurriturriko informazio-puntua gogoan hartzen dute, uda osko asteburu eta jaiegunetan zabalik egongo baita, bisitariei parkeko ibilbide tematikoei buruzko informazioa emateko eta tailerrak, familia osoarentzako jolasak proposatzeko. 

Horri guztiari eskaintza gastronomikoa batuz gero, «turistek egin dezaketen gastuaz gain, irundarrok gure aisialdian bertan uzten dugun diruak hirian duen eraginaren garrantzia gogoan hartu beharra dagoela» pentsatzen du.

Horrexegatik, udako turismo kanpaina bat baino gehiago da honakoa, Irunen edo eskualdean bizi direnei ere zuzentzen zaielako. «Kanpaina honetan gauza bat lortu nahi genuen, irundarrek berek erakustea, harro, hiriak dituen baliabide turistikoak, eta hirian bertan eskaintzen diren esperientzia horiek beraientzat ere badirela, Irun hobeto ezagutzeko edo bisita gidatu batean parte hartzeko, ez da zertan kanpotarra izan behar», esan du Nuria Alzagak.

Gainera, Irungo Udalak argitu duenez, baliabide turistiko eta bisita gidatu horietariko gehienetan irundarrek prezio merkeagoa izango dute bertakoak direla adierazten baldin badute.