Irungo Udalak San Pedro eta San Martzial jaietako balorazio ezin hobea egin du. Gaur jaietako programazioan zein segurtasun dispositiboan parte hartu duten arlo ezberdinetako ordezkariekin batera, Cristina Laborda alkateak egindako agerraldian aditzera eman du, hilabete oso bateko programazioaren koordinazioak lan handia eskatu duela udal zerbitzu ezberdinentzat. Baina «Irun ekitaldi handiak antolatzeko gai» dela berriz erakutsi duelakoan dago alkatea. Eta antolatutako 155 kultur ekitaldi eta jardueren artean, «bakarrik kontzertuetan 50.000 ikusle baino gehiago» elkartu dituztela azpimarratu du.
Zehazki, Henry Méndez eta Chenoa izan dira San Juan plazan ikusle gehien erakarri dituzten emanaldiak, 9.100 eta 7.000 hurrenez hurren. Bestalde, Sofia Cristok Urdanibia plazan emandako DJ saioak 5.900 ikusle bildu zituen, eta udalaren iturrien arabera, Zea Mays (5.500) eta Mikel Erentxun (4.500) ikuslerekin ere jendetsuak izan ziren. Era berean, aurtengo nobedadeetako bat, jaien bukaerako droneen "Munduko jaiak" ikuskizuna izan da, eta Ficobaren aurreko zabalgunean 5.000 ikusle bildu zirela aditzera eman du udalak. Egun berean, Zabaltza plazako umorezko bakarrizketa saioan, beste 3.000 lagun izan diren Mikel Bermejo eta Patricia Galvanen emanaldian.
Bestalde, Santiagoko Euskal-Jai frontoian ekainaren 26tik 28ra antolatutako Gaztegunearen jarduera eta emanaldietan 4.200 herriko gazte eta nerabek parte hartu dute. Ekitaldirik jendetsuenetakoa gune horretan, Serko (1.800 ikusle) eta Hazas (1.500) kontzertuak izan ziren.
Bestalde, garraio publikoaren datuak ere baliatu dituzte jaietako mugimenduaren termometro gisa. Irunbus zerbitzuen kasuan, iazko jaietan baino %14 bidaiari gehiago izan ditu ekainaren 19tik uztailaren 1era, 95.000 guztira. Eta Gautxori zerbitzuak, aldiz, %44 egin du gora, 2.300 erabiltzailerekin.
Jaiak ekonomia eta kontsumoaren eragile
Alde horretatik, jaiak irundarrek gozatu dituzten bezala, hiriak kanpotik iritsitako bisitari kopuru nabarmena jaso duela azaldu du Nuria Alzaga Kultura eta Hiri Bultzadarako zinegotziak. «Urte osoko lana eskatzen du jaiak antolatzeak, eta emozioz ospatu eta gozatzeko badira ere, ezin dugu ahaztu jaietako programazio horrek duen inpaktu ekonomikoa», dio. Irungo Udalak aurten 746.000 euroko aurrekontua bideratu du (segurtasun neurri eta lan-txandak aintzat hartu gabe) jaietako egitaraua antolatzeko. Baina Alzagak datu zehatzik eman gabe bada ere, argitu du, Bidashop eta Denok Bat elkarteekin hitz egin duela dagoeneko, eta Irungo ostalari eta merkatariak poza transmititu diotela. «Oraintxe bertan jaiei esker uda egina daukate, eta hori asko esatea da, eta udan Dies Oiassonis edo Euskal Jirarekin jarduera egongo bada ere, ekainean lau asteburutan kaleak beteak izan ditugu, horrek kontsumoan suposatzen duenarekin», azpimarratu du Hiri Bultzadarako zinegotziak.
Alde batera utzi gabe jaiak jarduera sozial bat direla, udal langile, elkarteetako boluntario eta hainbat ekintzetan parte hartzen duten profesionalen lana goraipatu dute udal ordezkariek. Izan ere, «bisitari guztien artean espero ez genuen bat izan dugu», gogoratu du Cristina Laborda alkateak. Jaietako hainbat egunetan beroagatik alerta gorria aktibatu eta egitaraua egokitu behar izan dute. Zentzu horretan, «pozik gaude ekitaldien jarraipen handiari dagokionez ez ezik, aurreikusia ez zegoen beroari aurre egin eta udal zerbitzu ezberdinek eta elkarte parte-hartzaileek erakutsi duten egokitzeko gaitasunarekin», esan du.
Bestalde, Kultura Zerbitzutik jaietako ekitaldi guztien jarraipena eta ebaluazio bat egin duela argitu du Nuria Alzagak, eta «beti zer hobetzeko dagoela» dakiela aitortuta, «lanean jarraitzeko» konpromisoa adierazi du. Joan den astean Antxeta Irratian argitu zuenez, jaiak amaitu gabe 2027ko kontzertuen kartela aztertzeko lehen bilera egin dute, eta elkarteen jardueretarako hainbat proposamen mahaigainean daude dagoeneko. «Urte osoko lana da jaiak antolatzea, baina bertako elkarte eta eragileen elkarlanik gabe ezinezkoa izango litzateke», argitu dute udal agintariek.