Aurtengo San Pedro eta San Martzial jaien azken ekitaldiak falta dira oraindik. Bero alertagatik bitan atzeratu behar izan duten Adinekoen Omenezko Bazkarian 700 lagunek parte hartuko dute gaur Ficoban. Eta Baserritar Egunaren hitzorduez gain, gaueko 22:30ean Stadium Gal gainean 300 droneekin osatutako musika eta argi koreografia batek itxiko ditu sanmartzialak aurreneko aldiz. "Munduko jaiak" ikusgarria eskainiko dute Stadium Gal gainean hegan, eta Ficoba kanpoko zabalgunetik ikusi ahalko da. Publikoa errazago bertaratu dadin, 22:00etan Zabaltzan plazatik kalejira antolatu dute Los Perolas fanfarrearekin. Eta umore onez amaitu nahi dutenek, berriz, Zabaltza plazan Asier Burguete, Mikel Bermejo eta Patricia Galvanen umore bakarrizketak gozatu ahal izango dituzte sanmartzialei azken agurra emateko.
Irungo Udal ordezkariak bihar deitu dute jaietako balorazioa egiteko bilera, eta Nuria Alzaga Kultura zinegotziak argitu duenez, ia hilabeteko programazioan antolatutako 155 ekitaldi eta jardueretan parte hartu duten elkarte eta eragile guztiekin biltzeko asmoa du. «Esango nuke ekitaldien %87 elkarteekin batera antolatu ditugula, eta haien lana balioan jartzeaz gain, zertan hobetu daitekeen aztertu beharra dago», azaldu du Alzagak, «bikaintasuna zaila da lortzea, eta elkarteek eta udalak iritzi ezberdinak izan ditzakegu gauza askotan, baina horretarako gaude, hitz egin eta gauzak adosteko».
Gaur goizean Antxeta Irratiak Urdanibia plazan Baserritar Egunaren ospakizunean egindako zuzeneko irratsaioan izan dugu gonbidatu Nuria Alzaga. Eta jaien egitaraua aurrera eramateko beroagatik alerta gorriak gorabehera handiak suposatu dituela nabarmendu du. «Hitzordu gehienetan euria egiten badu plan alternatiboa aurreikusia izaten dugu, baina beroagatik ez, 24 orduko aurreikuspenarekin jokatu behar izan dugu, eta jarduera asko azken momentuan lekuz eta dataz aldatu ditugu», azaldu du. Hala ere, Irungo Udalak alerta gorrira egokitzeko gaitasuna erakutsi duelakoan dago, eta «aire zabalean aurreikusiak zeuden ekitaldi batzuk CBAra aldatu behar izan direnez, jende edo giro gutxiago ikusi ahal izan da kalean», aitortu du, «baina 155 ekitaldietatik bakarrik auzoetako puzgarri eta haurren jokoetako bi egun geratu dira bertan behera». Gainerako guztia moldatuta ospatu eta egin ahal izan dela azpimarratzen du.
Autokritika eta hausnarketa
Kultura zinegotziak gogoratu du jaietako egitaraua antolatzeak urtebeteko lana eskatzen duela. Argitu duenez, joan den astean bertan 2027ko jaietako kontzertuen kartela osatzen hasteko lehen bilera izan du. Alde horretatik, aurtengo jaietako kontzertuen artean Henry Mendezek ekainaren 27an San Juan plazan emandakoak polemika sortu izana ulergarritzat jotzen du. Itaiak salatu zuen lehenik, eta hainbat kolektibok deituta gero, ekainaren 26an udaletxe aurrean egindako kontzentrazio batean kontzertua bertan behera uzteko exijitu zioten udalari. Musikari dominikarrak bere kontzertuetan eskuin-muturreko diskurtsoak egiteaz gain, 20 urteko neska bat bortxatzeagatik 8 urteko kartzela zigorra jaso duen Rafa Mir futbolariari babesa adierazi baitio musikariak sare sozialetan.
Nuria Alzagak argitu duenez, udalak «hausnarketa sakona» egin du eta «aurrerantzean horrelako kasuetan zuhurtasunez jokatzeko ikasketa» atera duela dio. Hala ere, «Henry Mendez barkamenak eskatu zituen, eta berea ez da antzeko egoera bakarra izan, argi dago onartezinak diren gai batzuk oso sentiberak, eta noski, kontuan hartu behar dugu» dio zinegotzi sozialistak. Nolanahi ere, udalak jaietan eta urte osoan zehar artista mota asko kontratatzen dituela gogoratzen du, eta erradiografia sakon bat egitera behartuta dagoela aitortzen du. «Kiskilosoak izan behar gara, udal erakunde bat gara, arduratsuak izan behar gara eta exijentzia maila oso altua behar dugu», azpimarratu du, «baina dena kontrolatu behar dugu, ez da kontu erraza, eta gainera jaietan oihartzun handiago du, jende gehiago dagoelako».
Halako gertaerak kontzertutik hain hurbil kudeatzea zaila dela gogoratzen du, eta Henry Mendezen kontzertuarekin bezala, Urdanibia plazan Metrika taldeak emandako kontzertuarekin piztutako polemika ere kontuan hartu du autokritika egiterakoan. «Abestien letrak debatea sor dezakete, baina Spotifyn dago, eta hori da jendeak entzuten duena», justifikatzen du.
Herri eragileen beharra
Bestalde, aurtengo jaietan Kuadrillen Eguna bi egunetan antolatu behar izan du Betti Gotti euskara kultur elkarteak, eta ekainaren 27ko eguna txosnetako kolektiboek antolatutako bazkari, jolas eta animazioekin osatu zuten Urdanibia plazan egun osoko programazioa. Hainbat kolektibo izan dira udalaren jarreraz kexu izan direnak, eta prentsa agerraldia egin zuten hau salatuz. «Edonolako jarduera antolatzeko baimenak sistematikoki ukatzeko duen jarrera salatu nahi dugu», leporatu zioten Irungo Udalari, «kaleak eta jaiak denonak dira, irundarronak, eta ez udalarenak», aldarrikatuz. Alde horretatik, jai eredu burokratikoaren aurrean herriko eragileen iniziatibari bide emateko eskatu diote udalari.
Haatik, Nuria Alzagak argi dauka «sanmartzialak aurrera eramaten direla elkarlanari esker». Txosnekin kolaborazioa eman dela argitzen du, eta Betti Gotti elkarteak egiten duen lana pribatuan egin duen bezala, publikoki ere zoriondu nahi izan du. «Betti Gottiren inplikazioa goraipatu behar da, ezadostasunak tarteko, urte asko daramatza ez bakarrik oihartzun handia duten Herri Bazkarian edo Kuadrillen Egunean, beste ekitaldi askotan ere eta akordioetara iritsi behar gara bai ala bai», aditzera eman du.
Horretarako eragile guztiekin hitz egiteko prestutasuna agertu du zinegotziak. «Eragileek egiten duten lanarik gabe ez dugu programaziorik», aitortzen du, baina jaietako egitaraua kudeatu beharra dagoela ohartarazi du aldi berean, «ez dira aurtengo jaiak amaitu eta dagoeneko hainbat proposamen ditugu mahaigainean hurrengo urterako, askok diote nolatan luzatzen diren jaiak hilabete oso bat, baina gero eta egitasmo gehiago antolatu nahi dituzte elkarteek, eta denei eman behar diegu bere espazioa».
Balorazio ofiziala datozen egunetan plazaratuko du Irungo Udalak, datu eta xehetasun guztiekin. Baina amaitzear dauden aurtengo San Pedro eta San Martzialetan ospatutako 155 ekitaldietan, baita alarde egunean ere, «aniztasunean eta errespetuz jokatuz gozatu» ahal izan delakoan dago Nuria Alzaga.