Presentzia eta kontrol poliziala areagotuta, atxilotze, lapurreta eta eraso gutxiago izan dira Irungo jaietan

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 6a

Ertzaintza eta Udaltzaingoaren elkarlanetik patruilek egindako prebentzio eta disuasio lanari esker, Irungo jaietan segurtasunak hobera egin duela azpimarratu du Iñigo Berges udal ordezkariak. Iaz 54 pertsona atxilotu zituzten bitartean, oraingoan 37 izan dira. Hala ere, presentzia poliziala nabarmena izan da kaleetan, eta iaz 483 identifikazio egin zituzten bitartean, aurten 841 pertsona identifikatu dituzte. Polizia kontrolak ere nabarmen areagotu dituzte, iazko 18etatik aurten 55 kontrol egitera pasatu baitira.

Irungo jaietako segurtasun eta prebentzio dispositiboaren balorazio baikorra egin du Iñigo Berges udal ordezkariak. Segurtasun eta Bizikidetzarako zinegotziak aditzera eman duenez, iazko San Pedro eta San Martzial jaietan emandako delitu eta polizien esku-hartzeek behera egin dute aurten, «ez lan gutxiago egin delako, kontrakoa baizik, prebentzio neurri zorrotzak eta lan handia egin denez, segurtasun maila hobetu egin baita», azpimarratu du. 
 
Alde horretatik, Irunen ospatu ohi diren ekimen handietan ohikoa bilakatu den bezala, oraingoan ere Irungo Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren arteko elkarlana «ezinbestekoa eta goraipatzekoa» izan da horretarako. Ezin ahantzi daiteke, bi polizia indarren arteko lankidetzarako baliabideak indartu egin dituztela azken hilabeteetan. Joan den urtarrilean bertan, delitugileen identifikazioa azkartu egin zuten, eta atxilotutako pertsonen irudiak, datuak eta hatz-aztarnak hartzen dituen Morphobis sistema berriaren bidez, Udaltzaingoak Ertzaintzaren fitxategietarako sarbidea du kalean egiten diren esku-hartzeetarako.
 
Aldez aurretik, Ertzaintza Irunen segurtasuna areagotzeko neurriak hartzera konprometitu zen. Horrela, plan espezifiko bat jarri zuten martxan 2024ko udaberrian udaltzaingoarekin lankidetzan, gaueko aisialdiko guneetan bereziki. Gabonetako kanpainetan eta iazko San Pedro eta San Martzialetan ere, agente gehiago kaleetan ibiltzea eta zaintza baliabideak sendotzeaz gain, Ertzaintzaren beraren eta Udaltzaingoaren arteko elkarlan aktiboaren esparruan dispositibo berezia abian jarri dute aurtengo jaietan ere. Eta Irungo Segurtasuna eta Bizikidetzarako zinegotzi Iñigo Bergesen arabera, «datuek frogatzen dute eraginkorra dela».
 
Aitortu du hala ere, aurtengoan Irungo Udaltzaingoaren plantillaren berregituraketa bete-betean eta Xabier Garagarza komisario berriak kargu hartu berria zuela aurre egin behar izan diotela jaietako dispositiboari. «Handicap horrekin egin behar izan dugu lan, eta zoriondu beharra dago udaltzain zein babes zibileko boluntarioen ahalegina, jaietan lan eskerga handia izan ohi dutelako». Adibide gisa, uztailaren 1ean jaietarako antolatutako 40 balizamendu kentzeko lanak jarri ditu adibide gisa. 
 
Hortaz gain, jaietan izandako bero alerta gorriari ere aurre egin behar izan diote oraingoan, eta Emergentzia teknikari arduraduna Cecopi krisi-bulegoarekin koordinatuta lanean aritu dela argitu du Bergesek, «langile eta babes zibileko boluntarioen ahalegina» eskertuz. 
 
Datu zehatzak jaietan
 
Horiek horrela, Iñigo Bergesek aditzera eman duenez, balorazio ofiziala Euskal Poliziak egingo du Eusko jaurlaritzaren datu ofizialekin batera. Baina Irungo jaietako ospakizunetan (egun ofizialetan eta ekaineko lau asteburuetan), Irungo Udalak bildu ahal izan dituen datuen arabera, udaltzain eta ertzainek egindako kaleko patruila lan prebentiboari esker, delituen apaltze nabarmena eman da. 2025eko jaietan lesio eta mehatxuengatik 54 pertsona atxilotu zituzten bitartean, 37 izan dira oraingoan. Lapurreta biolentoak 10etik 3ra murriztu dira, eta pertsonen kontrako erasoak 66tik 45era pasa diren bitartean, eraso sexualak 16tik 7ra apaldu dira 2025 urtearekin alderatuta. 
 
Iñigo Bergesek azpimarratu duenez, «datu hauek poliziak egindako prebentzio lana eta presentzia indartzeak ekarri duen disuasio efektuari esker eman dira». Alde horretatik, Irungo jaietan poliziak 841 identifikazio egin dituela nabarmendu du, iazko 483 esku-hartze izan ziren bitartean. Eta iazko 18 kontrol polizialen aldean, aurten halako 55 dispositibo ezarri dituzte. 
 
Era berean, prebentzio lanarekin eta poliziaren presentzia emendatzearekin batera, herritarrei emandako aurrez aurreko arreta zerbitzu kopuruak ere gora egin du. Izan ere, pertsonei auxilio edo laguntza iazko 90etik aurtengo 198ra iragan dira, eta ia 5.000 lagun ingururi osasun asistentzia (bero alerta gorriarekin batera) eskaini diete udaltzainek jaietan.