Irungo Udal iturrien arabera, Eusko Jaurlaritzako URA agentziak gaur egingo ditu azterketak erreka honetan bakterioaren presentzia baieztatzeko. Izan ere, oraindik ez da txakurraren heriotza eragin duen kutsadura zoonotiko honen kasua bertatik eratorria ote den argitu.
Hala ere, Larreaundiko Dolores Salis kalearen eta errekaren bazterrean dagoen oinezkoen pasabidea eta berdegunea (etxebizitzen atzealdean) txakurrak paseatzeko eremu gisa erabili ohi dute askok. Eta txakur jabeak ohartarazi nahi izan dituzte agintariek bero egun hauetan errekan sar ez daitezen.
Errekara sarbideak itxi dituzte prebentzio neurri gisa.
Irungo erreka inguru hau ez da ohikoa bainuarentzat. Horretarako Ibarla eremua erabili ohi baitute herritarrek egokitua dagoelako. Baina ezin ahantzi daiteke Estebenea errekaren ur emariak Dunboako kanalaren bitartez Santiagotarrak ontziralekua dagoen Bidasoa ibaiaren bazterretik bideratzen da. Eta inguru horretan kirolariak ez ezik, hainbat irundarrek erabili ohi dute bainurako.
Gaixotasun zoonotikoa
Alde horretatik, eta URA agentziak Estebenea errekastoko uraren egoera argitzearen esperoan, osasun agintaritzak prebentzio neurriak hartzea gomendatzen du. Izan ere, bakterio batek eragindako eritasuna saihesteko, ur kutsatuarekin kontaktua ekidin besterik ez da egin behar.
Leptospira bakterioa animalia infektatuen gernuarekin kutsatutako urarekin edo lurzoru hezearekin kontaktuan jartzean transmititzen da. Bakterioak gorputzean sartzen dira azaleko, begietako, sudurreko edo ahoko zaurien bidez. Eta animaliak ez ezik, gizakiak ere kutsatzen ditu. Sintoma nagusiak gripearen antzekoak dira, eta normalean esposizioaren ondorengo 2 eta 30 egunen artean agertzen dira: sukar handia, giharretako mina, begi gorriak eta buruko mina dira. Antibiotiko tratamendurik gabe, Weil-en gaixotasuna (forma larria) eragin dezake, ikterizia (azalaren eta begien horitzea), eta gibeleko edo giltzurrunetako arazo larriak eragin ditzake.
Klima tropikaletan ohikoagoa bada ere, eurite handien edo uholdeen ondoren, eta ur geldoetan ematen dira agerraldiak.