Irungo Isuri Gutxiko Eremuaren (IGE) udal ordenantzak hasierako onespena jaso zuen joan maiatzeko udalbatzan, eta bere izapidetze administratiboan hurrengo urratsa emateko, herritarrek, enpresek, elkarteek eta bestelako interesdunek dokumentazioa eskuratu, kontsultak egin eta alegazioak, iradokizunak edo erreklamazioak aurkezteko aukera emango zaie abuztuaren 6ra arte, HAZ edo egoitza elektronikoaren bidez.
Bien bitartean, prozedura gardena dela bermatzeko, Irungo Udalak informazio bulegoa ezarri du Txanaleta plazan. Joan den astelehenean zabaldu zituen ateak, eta herritarrek zalantzak argitzeko aukera izango dute bertan irailaren amaierara arte.
2030 urterako Irungo erdiguneko zirkulazioa %20 eta isuriak %25 batean apaltzeko helburua duen araudia izango da IGE eremuan indarrean ezarriko dutena. Kontuan hartuta Irungo Isuri Gutxiko Eremuaren barruan dauden 1.540 establezimenduen jarduera ekonomikoan eragingo duela batetik, eta bestetik, eremu barruan irundarren %22,4 bizi dela (14.000 pertsona orotara) zuzenean hunkitutako hiritarrak, zein gainerako guztiak informatzeko premia dagoela nabarmendu du udalak. Dena den, udal ordenantza garatzeko urteotan hunkitutako kolektiboekin egindako partaidetza saioen emaitza dela defendatzen du Borja Olazabal Garapen Jasangarrirako zinegotziak. Izan ere, 2028 urtean indarrean sartuko diren lehen debekuekin batera, araudia progresiboki aplikatu bada ere, 30 salbuespen aurreikusten baititu. Eta partaidetza saioetan jasotako kasu eta adibideen %75a jaso ditu udal ordenantzak.
Hala eta guztiz ere, desinformazio handia dagoela uste du udalak. Eta beraz, herritarrek zalantzak argitu ditzaten, Txanaleta plazako informazio gunea uztailean, abuztuan eta irailean 09:00etatik 13:00etara irekita egongo da astelehenetik ostiralera, eta asteazkenetan eta ostiraletan 17:00ak eta 19:00ak bitartean ere egongo da irekita.
Era berean, Irungo Udalak 7.000 triptiko banatu ditu IGEaren barruan dauden etxebizitza eta establezimenduetan, eremuari buruzko informazioa hedatzeko.