Junkal elizako kanpandorrea bisita daiteke udan larunbatero

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 9a

XV. mendean eraikitako Junkal elizako 22 metro altuerako kanpandorrea bisitatzeko aukera emango dute uda honetan ere. 2024an Irungo Udalaren laguntzarekin berritu ondoren, joan den udan 245 lagunek egin zuten bertara bisita gidatua. Uda honetan ere, larunbatero 8 lagunentzako hiru txanda (11:00tan, 11:45ean eta 12:30ean) antolatuko dituzte uztaila eta abuztuan.

Irungo Udalak eta Bidasoa Bizirik erakundeko Irun Turismo agentziaren eskaintza turistikoaren baitan, Junkal elizako kanpandorrera bisitak berreskuratu dituzte uda honetan. "Gozatu - Ezagutu - Sentitu" kanpainarekin bat eginez, bisitarientzako aukera bada ere, Luis Mariano turismo bulegoko langileek aitortzen dutenez, bereziki irundarrek egin ohi duten bisita da honakoa. Izan ere, plaza mugatuak izanagatik ere, irundar oso gutxi dira orain artean kanpandorretik Irun ikusteko parada gozatu duten herritarrak. Baina interes handia adierazi dute.  

2024an udalak 30.000 euroko dirulaguntzari esker konpondu eta egokitu zuen Junkal parrokiak kanpandorrea eta bere sarbidea. Eta uda hartan bertan hasi ziren bisita gidatuak antolatzen. Joan den udan ere 245 lagunek izan zuten horretarako aukera. Aukera mugatua, esan bezala. Izan ere, larunbatero hiru bisita antolatzen dituzte, baina 8 lagunentzako besterik ez da. Uztaila eta abuztuan, larunbatero 11:00etan, 11:45ean eta 12:30an emango dute aukera 1,5 eurotan, eta bisita 25 minutukoa da. Eta lekuak erreserbatzeko turismo bulegoan ala Oiasso Museoan egin daiteke.

Hala ere, bada kanpandorrera igotzeko bigarren aukera edo alternatiba ere. Turismo kanpaina berean "Irun 2000 urteko historia" bisita gidatu luzeagoa antolatzen baitute, asteazkenetan 11:00etan (euskaraz), eta ostiraletan 17:00etan (gaztelaniaz). Kasu honetan, 3 euroko txartela ordaindu behar da, eta bisita bi orduko iraupenekoa da. Izan ere, Zabaltza plazako kioskoa, Ikust Alaia jauregia, eta Irungo leku historiko garrantzitsuenak bisitatzeaz gain, Junkal parrokiara bisita egiten dute, kanpandorrera igoaz.

XV. mendeko puntu gorena

Mendiak salbu, Irungo bistarik altuenetariko eta osoenetarikoa du Junkal elizako kanpandorreak: 22 metroko garaieratik, Bidasoaldea osorik ikusten da, 360 gradutara gainera. Norberaren sasoia proban jartzen du haatik bista ederrak, ehun bat eskailera borobildu igo behar baitira, XV. mendean eraiki zen elizaren punturik gorenera iristeko.

Goian, paisaiaz gain, XVII. mendeko kanpaiak ere bertatik-bertara ikus -eta entzun- daitezke. Garaian komunikaziorako ezinbestekoak baziren, egun ere haien kolpeak hiriaren soinu-bandaren parte dira. Kanpandorrearen goiko estaian, kanpaiak baina metro pare bat beherago, balkoi estua da bisitagarria dena. Kupula handia du erdian, eta 270 gradutan ibili daiteke dorrearen inguruan.

Alde batetik, Hendaia eta Hondarribia, bertzetik, Jaizkibel, Oiasso museoa eta termen lanak, baita Irunen zati handi bat ere, gibelean, Aiako Harria, San Martzial eta San Juan plaza, eta azken aldean, Bidasoa, Intzura, Faisan uhartea eta Xoldokogaina ikus daitezke