Larreaundiko Josu Langilea kaleko futbol zelaiko belar artifiziala osorik berritzeko lanak amaitu dituzte. Joan den maiatza bukaeran Irunen ospatutako OCR Europako Txapelketa izan zen bertan egindako azken kirol jarduera, izan ere, txapelketaren hainbat frogetarako eszenatoki, beste zenbaitzuen abiapuntu, eta txapelketako sari banaketaren podiuma ere bertan ezarri zuten. Eta hura amaitu bezain pronto hasi zituen Irungo Udalak zelaia berritzeko lanak. Gorka Alvarezek, Obrak, Mantentzea eta Azpiegituren arloko ordezkariak argitu du, udako sasoia erabili ohi dutela horretarako, «kirolariak oporretan daudelako eta garai aproposena da traba gutxien egiteko».
Alde horretatik, San Marcial eta Dunboa-Eguzki futbol klubek erabiltzen dute Larreaundiko Josu Langilea futbol zelaia. Orotara 400 bat kirolarik erabili ohi dute astero. Eta erabilera intentsibo horren ondorioz, «zelaia berritzeko beharra zegoen aspaldi». Joan den Irungo belar artifizialeko futbol zelai guztien artean aspaldi berritu gabe zegoen bakarra zen honakoa, hain justu, 2012an ezarritako instalazioa baitzen. Eta orduz geroztik, Stadium Gal (2019), Ugaldetxo (2020) eta Artiakoa (2023) berritu ditu udalak.
Adituen arabera, oro har belar artifizialeko zelai hauek 12-15 urte arteko iraupena dute. Eta beraz, esku-hartze honekin, momentuz, futbol instalazioen berritze lanak amaitutzat eman ditzake udalak zenbait urteetarako. Gorka Alvarezek argitu duenez, 439.000 euroko aurrekontua bideratu dute Larreaundiko futbol zelaiaren eraberritze integrala egiteko. Eta zelaiaz gain, kirol ekipamendua (ateak, aulkiak eta alboetako sareak) eta beste hiri elementu batzuk ere (kanalenetako saretak, zakarrontziak, etab.) nabarmen hondatuta zeuden, eta ordezkatu egin dituzte.
Udalak argitu duenez, zelai berrian egungo punta puntako materialekin egindako sistema berri bat instalatu dute, oinarri elastikoa eta 40 milimetroko belar artifizialekoa. Arauzko futbol zelaiaz gain, beste kolore bateko marrekin futbol zazpiko bi egokitu dituzte eremu berean, silize harea eta kautxu pikorkatua zabaldu dute, gainazala seguru eta uniformeagoa izan dadin. Gainera, planimetria egiaztatu dute. Hau da, zelaiaren zoruaren eremuren bat hondoratua ote zegoen aztertuko dute, ur putzuak eragiten zituena, belar artifizial berria instalatu aurretik betelanak egin eta konponduz.
Beste kirol instalazioetan hobekuntzak
Bestalde, Irungo Udalak hiriko beste zenbait kirol instalazioetan hobekuntza lanak egiteko aprobetxatzen ari da udako sasoia. Alvarezek azaldu duenez, egunotan Artalekun zenbait konponketa eta Azken Portuko aldageletan berri lanak egiten ari dira. Eta udaberriko udal aurrekontuaren kreditu aldaketan adostu zuten bezala, Stadium Galen zenbait hobekuntza egingo dituzte datozen asteetan.
hortaz gain, Stadium Galeko belarrezko futbol zelai nagusiaren ordezkatze lanak egiteko, Real Union eta Irungo Udalaren arteko akordioa negoziatzen ari direla iragarri du. Gal Stadiumak ehun urte beteko dituen honetan, belarrezko zelaiak uholde arazoak pairatzen ditu aspaldi, eta berritzeko beharra du.
Udako sasoi honetan
« »