Txenperenea: herritarrak aspertzen dituen politikarien eztabaida mugagabea

Koldo Nausia 2026ko uztailaren 21a

EH Bilduk azalpenak eman ditzala exijitu dio udal gobernuari, «sozialistek eta jeltzaleek elkarri leporatu diote proiektua geldirik egotea, aurrera egiteko duten ezintasuna erakutsiz» salatu du, bi alderdiak erakunde guztietan koalizioan gobernatzen dutela gogoratuz. 2018an oposizioko EH Bildu, SPI eta EAJ-PNV kokapen berria adostu eta udalbatzan onartu zutenetik, udal gobernuak ez du aldaketa gauzatu. Eta Irungo Udalak Plaiaundiko atletismo pista enegarren aldiz konpontzeko 200.000 euroko inbertsioa egin duen bitartean, Irungo jeltzaleek Txenpereneara leku aldaketa blokeatzen ari dela leporatu diote Cristina Laborda alkateari.

Txenpereneako proiektua eztabaida politikorako bolbora bilakatu dute berriz ere Irungo ordezkari politikoek. 2027ko udal hauteskundeei begirako kanpainaren atarian gaudela, 33 urtez atzeratu den Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdaketaren erruak zuritu nahi izan dituzte azken egunotan. Eta espresuki, 2018az geroztik ez atzera, ez aurrera egin ez duen Txenpereneako proiektua udalgintzarako eztabaida bilakatu dute. 

Joan den astean, hain justu, Cristina Laborda alkateak Plaiaundiko atletismo pistara bisita egin zuen, Ibon Muñoz  Bidasoa Atletiko Taldeko ordezkariarekin batera. Txingudi Rugby Klubeko kirolariez gain, goi mailan ari den BAT taldeko 600 bat atleta dira azpiegitura hauek prekarioan erabiltzen dituztenak. Eta aterabide bat bilatu bitartean, atletismo pistak gutxieneko baldintzetan mantentzeko konponketak egiten ditu udalak noizeanbehin, azkenak izango direlakoan beti.

Izan ere, bi hamarkada luze behar izan zituen Irungo Udalak kirol instalazioen leku aldaketarako eremua erabakitzeko. Eta 2018an Txenperenearen proiektua udalbatzan onartu ondotik, proiektua garatzearen esperoan jarraitzen du kirol klubek. Joan den ekainean Irungo Udalak Plaiaundiko kirol-instalazioak Txenpereneako eremu berrira lekuz aldatzeko finantzaketa-hitzarmenaren proposamena helarazi zion Eusko Jaurlaritzari.

Cristina Laborda alkateak aditzera eman zuen, Plaiaundiko instalazioak lekuz aldatzeak daraman hiru hamarkadako atzerapenarekin amaitu nahi duela udalak. Baina horretarako, Txenpereneako instalazioak eraiki beharko dituzte. Eta kokagune berria Irungo udalbatzak 2018an adostu zuen, EAJ, Si Se Puede Irun Ahal Dugu eta EH Bildu oposizio taldeek bultzatuta. Baina ez zen Jose Antonio Santano buru zuen PSE-EEko gobernu taldearen gustuko aukera, eta bistan da, horrek ez duela hirigintza garapena azkartzea lagundu.

Jokin Melida (EH Bildu), David Soto (SPI) eta Xabier Iridoyk (EAJ) Txenperenean 2018an akordioa bultzatu zuten.

Gorka Alvarez, Irungo EAJ-PNVko egungo bozeramaileak proiektua blokeatzen ari dela leporatu dio aste honetan Cristina Laborda alkateari. Eta jeltzaleek gobernuan kudeatzen duten Obretarako arlotik proiektu teknikoa apirilaz geroztik prest dagoela azpimarratu du esleitua izateko prest. Beraz, finantzaketa arazoa baino, udal gobernukide sozialistek proiektua oztopatzen ari direlakoan daude jeltzaleak. 

Alde horretatik, EH Bilduk Plaiaundiko kirolgunearen leku aldaketa «eskualdeko zor historikoetako bat» dela gogoratu du, «Irungo PSEk eta EAJk azken urteotan egindako adierazpen eta iragarkietatik harago bete gabe jarraitzen duena». Eta Irungo gobernu koalizioa osatzen duten bi alderdien arteko enegarren ika-mika ikusita, proiektua zertan den argitzeko exijitu diote alkateari. Ane Unanue EH Bilduren zinegotziak dioenez, «erakunde guztietan koalizioan gobernatzen badute ere, Irungo sozialistek eta jeltzaleek elkarri leporatu diote proiektua geldirik egotea, eta beste behin, proiektu garrantzitsuetan aurrera egiteko duten ezintasuna erakutsi dute».

Horren aurrean, egoera zein den argitu dezala exijitzen diote udal gobernuari, eta «proiektuak aurrera egitearen ezintasuna non dagoen modu garbi eta publiko batean azaldu dezala, hori bideratu eta behingoz hitzetatik ekintzetara pasa daitezen».

Hemeroteka eta premia gorria

Izan ere, urratsak egiteko premia dago. Kirol instalazio duinak eskaintzeaz harago, ez baita oharkabean pasatzen Irungo Udalak legea bete behar duela. Alde horretatik, 1993an Plaiaundi natura gune babestua izendatua izan ondotik, hezegunea berreskuratzea eta kirol instalazioak bertatik kentzea gehiegi luzatu den betebeharra da. Europako arauek behartuta, Plaiaundiko natur parke ekologikoa 1993 urtean hustutzeko beharra sortu zenetik, hiru hamarkada luze pasa dira Bidasoa Atletiko Taldea eta Txingudi Rugby klubei aterabide bat eskaintzeko.

Kirol jarduera prekarioan egiten jarraitzen duten bitartean, 2018an oposizioko taldeek adostutako Txenpereneako kokaleku berriaren proiektuak aurrera egin dezan premia dago. Eta udalak lursailen lagapena proposatu dio Eusko Jaurlaritzari. Lakuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako inbertsio konpromisoak bete ditzala espero du Cristina Laborda alkateak.

Udalak 800 etxebizitzako hiri-zabaltza berria aurreikusia du Txenperenean, Lapitze eta Larreaundi lotuz.

Nolanahi ere, Irungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzak 1993an sinatutako Lankidetza Hitzarmenean jasotako konpromiso berberekin bat dator ekainean udalak Lakuari helarazitako hitzarmena. Akordio horren arabera, Plaiaundiko kirol-instalazioak birkokatzeko edozein jarduketa modu partekatuan finantzatuko zela finkatu baitzuten. Horren arabera, egin beharreko inbertsioaren %30 Eusko Jaurlaritzak finantzatuko luke, %50 Gipuzkoako Foru Aldundiak eta gainerako % 20a Irungo Udalak.

Hiriarentzat estrategikoa den proiektuak aurrera egin dezan, Irungo Udalaren proposamen berriak planteamendu hori bera jasotzen du, Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa izango litzatekeen udal lursail eta kirol azpiegitura horiengatik udala konpentsatzeko beharrean oinarrituta. Finantzaketa akordio hau Txenperenean instalazio berrien eraikuntza finantzatzeko ezinbestekoa izango litzateke PSE udal taldearen arabera. Eta dokumentua uztailean egitekoa zuten Jasangarritasun Saileko arduradunekin egitekoa zuten bileran aztertu behar zutela iragarri zuen Labordak. Hau ezinbestekoa baita proiektuak aurrera egin dezan, eta Cristina Laborda alkateak aditzera eman duenez, udala hilabeteak daramatza hau eskatzen.

Joan den otsailean Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Labordak proiektu honetan inplikazio handiagoa agertzeko, eta orain Irungo Udalak proposamen bideragarri bat aurkeztu duela, bere lur-ondarearen galera konpentsatzeko, «behin betiko aurrera egiteko, hirirako, kirol-klubentzako eta Plaiaundi berreskuratzeko» akordioa lortzea espero du alkateak. Hain justu, Gipuzkoako Batzarretan Txenpereneako proiektua garatzeko behar inbertsioak egiteko konpromisoa hartu zuten 2025eko martxoan, EH Bilduk aurkeztutako mozio baten bidez.

Baina politikarien arteko eztabaidak eztabaida, 1993tik 2018ra eman zuten kirol instalazioen kokapen berria erabakitzeko, eta oposizioak bultzatuta onartu zuten Txenperenea. Eta orduz geroztik, beste zortzi urte pasatu dira. Argi dago batzuek eta besteek hartutako konpromisoak eta emandako hitzak ate atzean amaitu dutela orain arte, eta eztabaida politikoak eguneratzen doaz, baina hemerotekak zahartze txarra izan ohi du.