Dies Oiassonis jaialdiak iaz baino %28 bisitari gehiago jaso du

Koldo Nausia 2026ko uztailaren 22a

Irungo Udalak jaialdi erromatarrak izan duen inpaktu ekonomikoaren azterketa zehatza egingo du datozen asteetan. Baina uztailaren 15etik 19ra 9.600 lagunek parte hartu dute Dies Oiassonis jaialdiko programazioan antolatutako 50 hitzorduetan. Oiasso Museoak berezkoa duen ondare historikoaren dibulgazio lana egiteko helburuaz gain, ondo pasatzeko aukera ematen duen erreferentziazko hitzordua bilakatu dela nabarmendu dute udal agintariek. Heldu den urteko edizioan irundarrak erromatarrez mozorrotzera animatu daitezen kanpaina egingo dute.

Dies Oiassonis jaialdiak ia 10.000 bisitari jaso zituen uztailaren 15etik 19ra. Irungo erromatar historia balioan jarri, eta udako kultur agendan hiriko aisialdi eskaintza indartzeko helburuarekin antolatutako egunak izanik, urtetik urtera sendotzen joan den hitzordua dela azpimarratu du Cristina Laborda alkateak. Alde horretatik, astelehenean, Dies Oiassonis jaialdia amaitu eta biharamunean Oiasso Museoaren 20. urteurreneko ekitaldian azaldu zuenaren hari beretik, «Irungo Udalak duela hogei urte museoarekin egindako apustu ausarta izan zen, baina erromatar historia irundarren nortasunaren parte bilakatu da» alkatearen ustez. Eta Dies Oiassonis jaialdiak urteotan egindako ibilbidea horren adierazle delakoan dago. 

Izan ere, irundarrentzat prestatutako ekimena bada ere, bisitariak erakartzeko gai dela gogoratu dute udal agintariek. Kultura eta Hiri Bultzadarako zinegotziak, Nuria Alzagak argi du «festibal bat bada ere, politika ekonomikoa ere bada, udan erreferentziazko hitzordua bilakatu delako eta ekonomia sustatzeko baliagarria da». Aurtengo jaialdiaren lau egunetako inpaktu ekonomikoaren azterketa egingo dute datozen asteetan, baina bisitari datuei erreparatuz gero, azken urteetako garapena agerikoa da. Azken urteetan, antolatutako jardueretara hurbildu diren bisitariak zenbatu izan dituzte. Hala, 2023ko Dies Oiassonis jaialdian 3.000 bisitari inguru izan ziren bitartean, 2024an 5.485 bisitari erakarri zituen. Eta iaz 7.000 bisitarien langa gaindituz marka guztiak apurtu ondoren, aurten ia 10.000 lagunek (9.600 zehaztu dutenez) parte hartu dute antolatutako 50 hitzorduetako baten batean.

Oiasso Museoak Meridako (Extremadura) Museo Arkeologikoarekin duen harreman estuaren adierazle den "Ars Fatum" erakusketa estreinatu dute jaialdiarekin batera, eta lau egunetan 1.500 bisitari pasatu dira museotik erakusketa bisitatzera. Hortaz gain, antzerkiak, musika emanaldiak, zirku erromatarra, aire zabaleko zinema, gastronomia, tailer eta hitzaldi andana bat edota Navigium Isidis prozesioak osatu dute egitaraua. Kasu honetan, 200 lagunek parte hartu dute ekitaldian, baina udalak zenbatutakoaren arabera, 2.300 ikusle bildu ditu kaleetan, iaz baino %44 gehiago. Alde horretatik, udan kultura eta ekonomiaren pultsuari eusteko tresna eraginkorra bilakatu da Alzagaren ustetan.

Baina Oiasso Museoko zuzendari Aizpea Goenagak argi du jaialdiak duen helburu bikoitza uztartzen jakin izan duela. «Iruditzen zait balorean jarri behar dela zenbat ekimen kultural, historiko eta ondarearen aldetik antolatu ditugun, erakusketa inauguratu dugu, eta artisauak eta ikerlariak etorri dira haien ikerketa guztiak pasioz esplikatzera», dio Goenagak, antzerkia eta kontzerturako Beraun kaleko terma erromatarren plazaren errekuperazioa ere nabarmenduz. Gogoan hartu behar baita, lehen Junkal plazatxoan antolatzen zituzten emanaldiak, aurten Irungo Udaleko Kale Izendapen Batzordeak Jaime Rodriguez Salis plaza gisa izendatzea proposatu duen zabalgunean antolatu dituztela. 

Parte hartzen duten guztiei eskerrak emateaz gain, jaialdia osasuntsu dagoela azpimarratu du Oiasso Museoko zuzendariak, eta Dies Oiassonis ekimenaren arrakastaren oinarrian, museoak duen dibulgazio helburuarekin bat datorrela uste du. «Ikasteko festa bat da, baina ondo pasatzeko ere bai, eta hori uztartzen denez oso ondo funtzionatzen du», adierazi du.

Hala eta guztiz ere, Irungo Udalak eta Oiasso Museoak sustatutako jaialdiak hobekuntza puntu ugari dituela aitortu dute. Eta «etengabeko hobekuntza horretan», heldu den urtera begira irundarrak erromatarrez mozorrotuta kalera ateratzeko deialdia luzatuko dutela iragarri dute. Hori lortzeko estrategia aztertuko dute, ordaindu beharreko sarrera duten ekitaldietan deskontuak eskainiz adibidez.