Azken bi egunetan kanoen txanda iritsi da AEBn ospatzen ari den Oklahomako Munduko Txapelketan. Eta lehian aritu diren Basque Team-eko lau palisten artean bi irundar izan dira lehian, Santiagotarrak arraun elkarteko Klara Olazabal eta Oier Diaz. Nazioarteko lehiaketetan eskarmentu handiagoa duten emakumeek lehen proba gainditu eta finalerdietan sartu ziren asteazkeneko proban. Miren Lazkanok 15. postua lortu zuen, jaitsiera garbia eginez, penalizaziorik gabe, eta kronoa 97.45ean geldituta. Klara Olazabal irundarra ere hurrengo faserako sailkatu zen, 22. postuan amaituz, 99.59ko denborarekin, eta bere kasuan ere penalizaziorik gabe.
Gizonen kasuan, ordea, ez dute zorterik izan. Bereziki, Oier Diaz irundarrak. Izan ere, subluxazio bat jasan du sorbaldetako batean, horrek jaitsiera nahi bezala amaitzea eragotzi dio, eta lehiaketatik kanpo utzi du nahiko bikain egiten ari zen denboraldian, jokatutako Munduko Kopako final gehienetan sartu baita. Oierren lesioa dela eta, gizonak ezin izan ziren arratsaldean patruilen txapelketan lehiatu. Irungo palistak proba egin zuen, baina bere sorbaldak ezin izan zuen jasan.
Emakumeen kasuan, aldiz, Miren Lazkanok eta Klara Olazabalek, Nuria Vilarrublarekin batera 5. postuan bukatu dute taldekako jaitsiera. Eslovakiak, Txekiak eta Frantziak eraman dituzte urrea, zilarra eta brontzea, baina euskal palisten emaitza nabarmentzekoa da.