Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 40 urteko gizon bat atxilotu zuten astelehenean (abuztuak 24) Irungo prostituzio etxe batean, sexu eraso bat egitea egotzita. Polizia iturrien arabera, prostituzio etxeko alarma gelak abisu bat jaso, eta poliziei dei egin zieten. Bertaratu zirenean, agenteek jakin zuten gizonak sexu erasoa egin ziola 27 urteko emakume bati, eta, gainera, emakumea atxiki zuela erasoa egindako lekuan.
Ez da gizonari leporatu dioten eraso bakarra. Lekukoen arabera, biktimari laguntzera joan zen 24 urteko emakume bat jo zuen gizonak saihetsean. Agenteek gizona atxilotu zuten, sexu erasoa, legez kanpoko atxikitzea eta lesio delituak leporatuta. Atxilotu zutenean, 12.000 euro zeramatzan. Preso dago orain gizona, epailearen esku geratzeko zain.
Erasoaren berri jaso bezain pronto, Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak gaitzespen gogorrena azaldu nahi izan du gertatutako eraso sexista honen aurrean. Babes osoa adierazi dio ohar baten bidez, erasoa pairatu duen emakumeari. Eta udalak dituen baliabide guztiak jarri ditu erasotako emakumearen esku, baita bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere.
Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak emakumeen aurkako indarkeriari erantzun publikoa emateko protokolo instituzionala aktibatu du informazioa baloratzeko eta, biktimari edo bere gertukoei egokia den arreta eman ahal izateko.
Irungo Udaleko Berdintasun Batzordea osatzen duten elkarte feminista eta emakume elkarte guztien bidez, Uxoa, Argoiak, Gaurko Andreak, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Irungo Emakumeen Etxea Elkartea, Txingudiko Elkarte Feminista eta emakume ijitoen elkartea KERA elkarteak aditzera eman dute, ez dutela atsedenik hartuko gure bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu artean.