Egiten duten lanaren aitortza eta duintasuna exijitzen dute Irungo udal garbitzaileek

Koldo Nausia 2026ko abuztuaren 28a

Otsailean hasi ziren lan hitzarmen berria negoziatzen eta, udalak irailean onartu nahi duen azpikontratazio berriaren pleguetarako, hitzarmenaren baldintza ekonomikoen hobekuntza begirunez hartzen ditu LAB sindikatuak. Baina udal bulegoetatik harago, urte osoan zehar aire zabalean ikastetxeetako jolastokiak edota futbol zelaiak garbitzeko baliabide gehiago eta denbora aldarrikatzen dute sektore feminizatu honen lana duintzeko. 

"Soldata ez da dena, lanaren duintasuna da lehena" lelopean elkarretaratzera jo dute gaur Irungo udal eraikin eta ikastetxeetako garbitzaileek. LAB sindikatuak deituta, udalak garbiketa zerbitzuaren azpikontratazio berriaren esleipena 2027an egiteko baldintza-pleguak onartuko ditu irailean. Eta Ainara Etxabide Oarso-Bidasoaldeko LAB sindikatuko ordezkariak gogoratu duenez, «otsailaz geroztik negoziatzen ari garen lan hitzarmen berriak aintzat hartuko ez dituen lan baldintzak, ez dira kontratu berriaren pleguetan agertuko». 
 
Gaur egun Astigarragan egoitza duen ONE Facility Services estatu mailako enpresa taldeak kudeatzen du udal garbiketa zerbitzua Irunen, eta hiru urtean behin esleitzen du kontratua udalak. LABeko ordezkariak salatu du, azpikontratazioaren ereduak 100 bat langile hauek prekarizatzen dituela. «Sektore feminizatua da, eta askok urte asko daramatzate udalarentzat lanean, baina nekez errepikatu ohi da enpresa bera azpikontratazioan, eta horrek etengabeko aldaketak eta egonkortasun falta dakar», dio Ainara Etxabidek. 
 
Langileek ontzat ematen dituzte lan hitzarmen berriak aurreikusitako hobekuntza ekonomikoak. Baina egiten duten lanaren aitortza aldarrikatzen dute, eta horren araberako baliabideak, errefortzu eta denbora. «Irundarrek udal bulegoak garbitzen irudikatzen dituzte langile hauek, baina kanpoko espazioak, futbol zelaiak eta ikastetxeetako jolastokiak ere garbitzen dituzte urte osoan zehar edozein eguraldia izanda ere», dio LABeko ordezkariak, «bitarteko egokirik gabe egiten dute eta ez dute horretarako lanordu aski». Diotenez, udazkenean langile bakoitzak lauzpabost poltsa hosto bildu ohi ditu horrelakoetan, eta halakoak ez daude lan ordutegietan aitortuak.
 
Otsailean hasi ziren lan hitzarmen berria negoziatzen, eta Irungo Udalak kontratu berriaren pleguak irailean onartuko dituela kontuan hartuta, bost kidek osatzen duten Langileen Batzordearen gutxiengo batekin adostutako hitzarmena
«presaka eta aldebakarrez» itxi nahi dutela salatzen du LABek. «Ez dute langileekin bilerarik egin eta ez dute bozkatzeko aukerarik izan, eta hori onartezina da», dio Etxabidek.