Ikasturte politikoaren abiatzearekin batera, atzo Cristina Laborda Irungo alkateak datozen hilabeteetarako udalgintzaren gidalerroak eta udal gobernuaren politika eta helburuen ardatz nagusiak aurkeztu zituen. Bereziki etxebizitza publikoa eta segurtasunaren arloan. Irun bizitza proiektu oso bat garatzeko hiria izan dadin lanean ari dela nabarmendu du alkateak, eta gazte eta ez hain gazteentzako etxebizitza publikoa eraikitzea lehentasuna dela dio, «arazo transbertsala» delako, eta kezka nagusietako bat dela gogoan du alkateak.
Etxebizitza eta segurtasuna
Alde horretatik, Irun Gune Tenkatua izendatu ondoren iragarritako 1.000 etxebizitza berrien eraikuntzaz gain, San Migel-Anaka hiritartze lanen garapena «bi auzo josteko aukera emango duen proiektua giltzarri» dela nabarmendu du Labordak. Eta hurrengo hilabeteetan lehen etxebizitzen eraikuntza ikusiko dugula iragarri du. Zehazki, 2027 urtean 695 etxebizitza publiko eraikitzen hasiko dira San Migel-Anakan ez ezik, Korrokoitzen eta Mendipen (Behobian). «San Migel-Anakan Eusko Jaurlaritzak sustatuko dituen 400 etxebizitzen eraikuntzaren esleipena lantzen ari da orain, eta Irunviren eskukoak ere ikasturte honetan hasiko dira eraikitzen», hitzeman du alkateak. Bestalde, Korrokoitz eremuan etxebizitza zaharrak eraisteko lanak abiatu dituzte udan, eta Alde Zaharra eta Arbes elkartzeko kanalaren berreskurapen lanak esleitu nahi ditu udalak ikasturte honetan.
Zentzu horretan, hiri-segurtasuna hobetzeko estrategiaren barruan kokatzen ditu proiektu hauek. Labordak dioenez, «orain arte abandonatuak zeuden eremuak hiritartu eta auzoak lotuz, auzoen bizitza suspertzeko aukera emango du, eta horrek kaleko segurtasuna hobetuko du eremu garbi berriak lortuz», azaldu du, mugikortasunaren arloan ere eragina izango duela azpimarratuz, «hirigunea gehiago zabaldu gabe lortuko ditugu etxebizitza gehiago eta auzo berriak, eta horrek hiri jasangarriagoa egingo du oinez eta garraio publikoan mugitzeko». Honi lotuta, Isuri Apaleko Eremuaren udal ordenantza definitiboa azaroan onartzea aurreikusten du udal gobernuak, udan jasotako alegazioak aztertu ondoren.
Bestalde, segurtasuna ere lehentasunetan du alkateak. Eta iragarri duenez, 2027 urterako aurreikusiak zituzten udaltzain postu berriak 2026 bukaerarako aurreratu nahi dituztela argitu du, plazak betetzeko Arkauteko polizia eskolaren menpe daudela ahaztu gabe. Baina aurreikusitako 15 udaltzain postuetatik 9 lehenbailehen jarri nahi dituzte lanean, bereziki udalak martxan jarri nahi duen auzoetako hurbileko zaintza eredu berria indartzeko.
Era berean, proiektu estrategikoak ere azpimarratu ditu Labordak. Via Irun eta Txenpereneako kirolgunearen proiektua, Ficobako IAM pabiloia edota goragoko erakundeen eskuko finantzaketa beharrezkoa duten Arbesko Egoitza, Oinaurreko anbulatorio berria eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostutako errepide-sarea hobetzeko Plan Integralaren garapena hurbiletik jarraituko ditu udal gobernuak.
Hauteskunde ikasturtea
Ikasturte berriak, aldiz, udal hauteskundeak begiz jota ditu udaberrian. Eta 2027ko udal aurrekontuak onartzeko lanak behin egindakoan, horri begira ere jarriko dira alderdi politiko guztiak. Udal gobernukide duen EAJ-PNVk Gorka Alvarez izango du alkategai, baina sozialistek ez dute oraindik hautagaia baieztatu.
Cristina Labordak argitu duenez, alkatetzara aurkezteko asmoa du, baina goiz da oraindik baieztatzeko. «Alderdi bakoitzaren epeak eta prozesuak kontuan hartu behar dira, baina Irungo sozialisten konfiantza lortzen baldin badut, noski, nire burua aurkeztuko dut, alderdi barreneko prozesuak errespetatu behar dira, baina alkate ikusten dut nire burua, eta aurkezteko asmo dut».
Udako trafiko krisiari aterabideak
Gainerakoan, uda mugitua izan da Irunen, Itzulera Operazioa dela eta. Hainbat egunetan 14 kilometro arteko autolerroak eman dira autobidean, Irungo errepide sare osoa kolapsatzeraino. Jakina da Irungo alkateak Biriatu eta Landetxa arteko autobidean hirugarren errailaren eraikuntza, edota Hegoaldeko Saihesbidea osatzeko eskatu diola Gipuzkoako Foru Aldundiari, baita Itzulera Operazioaren dispositiboa indartzea Eusko Jaurlaritzari ere. Aldiz, Hego Euskal Herriko agintari eta erakundeen arteko eztabaidetatik harago, Biriatuko ordainlekua arintzeko Frantziako estatuko agintariekin harremanetan ote diren galdetu diogu alkateari. Izan ere, joan den astean prefet berriak egindako adierazpenen arabera, Centinelle operazioan mugetako kontroletan Frantziak mobilizatu dituen 350 polizien kontrolek ez dute izan autolerroetan eraginik.
Cristina Labordak aditzera eman duenez, «agerikoa da Frantziak hartzen dituen erabakiak traba suposatzen dutela, eta Biriatuko ordainlekuaren sistema azkarrena ez dela aintzat hartu beharra dugu ere, baina Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuko ordezkariak haien Frantziako homonimoekin harremanetan badaude, haiek kolaboratu nahi ez badute, gure kabuz zer egin dezakegun aztertu beharra dago», adierazi du alkateak.
Alkatearen ustez, epe luzerako hausnarketa egin beharra dago aterabideak bilatzeko. Izan ere, errepide-sarea duela 10 urteko gogoeta baten emaitza da, eta aurten Itzulera Operazioan iaz baino %6 ibilgailu gehiago mugitu bada, hamarkada batean zirkulazioa nabarmen gora egin duela dio, eta beraz, azpiegiturak hobetu behar dira. Hala ere, Frantziako estatuari «exijitu edota eskatu» baino, Irungo Udalak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak beren kabuz zer egin dezaketen aztertu beharra dute bere ustez. Eta etorkizunera begira ere, mugetako kontrolak edota 2022an bezala emandako itxieren ondorioak aurreikusi. «Ezin gara geopolitikaz isolatu, gure buruari egin behar diogun galdera zera da, eskuin muturrak Frantzian irabaziko balu zer nolako ondorioak pairatuko genituzke Irunen? Hauteskunde presidentzialak izango dituzte aurki, eta ni alkate gisa kezkatua nago horrekin», esan du.