Irungo Udala EAEn aitzindari izan zen bere urteko aurrekontuen parte bat, 1,5 milioi euro, herritarren partaidetza bidez erabakitzeko aukera eskaintzen. Aurten
Udal Aurrekontu Parte-hartzaileen 12. edizioa antolatu du, eta irundarrak proposamenak egitera animatzen ditu. Izan ere, urtebetean egingarriak, interes orokorrekoak eta ondoren udalaren gastu arrunta handituko ez duten 20 proiektu berri herritarrek erabakitzeko prozesuari ekingo dio datozen egunetan.
Esan bezala, guztira 1,5 milioi euro bideratuko ditu udalak horretarako, horietatik 200.000 euro 16-30 urte arteko gazteei zuzendutako prozesurako, eta gainerakoa 18 urtetik gorako irundar guztiei bideratuta. Jon Ugarte, Gobernu Irekia eta Hiritarren Parte-hartzerako udal ordezkariak aitortu duenez, «erabat sendotua dagoen egitasmoa da, baina egia da gazteek proposamenak egitera animatzeko ahalegina egiten ari garela». Alde horretatik, 16 urtetik gorako irundar guztiei zuzendutako prozesua dela kontuan hartuta, udalak hau gizarteratzeko eta fase ezberdinetan partaidetza sustatzeko bide ezberdinak bilatzen ditu.
Lehen hitzordua, hain justu, irailaren 9an eman dute Genaro Etxeandia plazan (18:00etatik 20:00etara) ezarriko duten karpa informatiboarekin. Eta irailaren 10ean urtero herritar eta eragileekin antolatzen duten bilera presentziala izango da 19:00etan Palmera Montero gunean. Aurrez aurreko bilera dinamika horretatik proposamen finalistak aukeratzeko aurretiazko bozka fasera pasako diren hiru ekarpen jasoko dituzte. Gainerakoak, aldiz, auzo elkarteen eskutik (3 proposamen) eta Hiritar Foroak (bakarra) egindakoak izango dira, eta Online bidez irailaren 11tik 15era herritar orok egingo ditzakeen proposamenen artean beste 13.
Guztira 20 proposamen izango dira finalistak, baina horretarako irailaren 28an eta 29an aurre-bozka fasea egingo da internet bidez, Irungo Udalaren administrazio elektronikoaren bidez (Irun Txartelarekin) bozka dezakete 16 urtetik gorako guztiek. Ugartek argitu duenez, 18-30 urte artekoek bi prozesuetan parte har dezakete, orokorrean zein gazteei zuzendutakoan.
Azkenik, 20 proposamen finalistak aukeratzeko, urriaren 2tik 6ra online eta aurrez aurreko bozka egingo da. Iaz bezala, HAZ-SAC bulegoan bozka daiteke, eta udalak adineko zentroetan ere bozkatzeko laguntza emango die Internetarekin moldatzen ez diren irundarrei. Era berean, Zabaltza plazan urriaren 2an 18:00etatik 20:00etara bozkatzen laguntzeko mahai ezarriko dute.
Joan den urtean 2.405 irundarrek bozkatu zuten 2026ko Udal Aurrekontu Parte-hartzaileetako proposamen finalisten botoen fasean. Eta horietatik 1.011 bozka segurtasuna hobetzeko zaintza-kamerak instalatzearen alde egin zuten, eta larrialdi-zerbitzuetarako materiala zein Udaltzaingoak herritarren segurtasuna kontrolatzeko baliabide gehiago ere izan ziren bozkatuenen artean. Hala ere, iaz 28 proiektu onartu zituzten bi prozesuen artean. Izan ere, bozkatutako proposamen zerrendaren lehentasuna aintzat hartuta, baina 1,5 milioi euroko diru partida agortu artean gauzatzeko konpromisoa hartzen du Irungo Udalak.