Duela 90 urte pairatu zuen suntsipena oroitu du Irungo hiriak, berriz errepika ez dadin

Aimar Lopez

1936ko irailaren 4 eta 5ean sartu ziren tropa matxinoak aitzinko bost asteetan bonba bidez sarraskitu zuten Irunera. Oroimen ekitaldi ofiziala egin du Udalak, elkarte memorialistekin batera.

Lerro hauek idazten diren momentutik 90 urte gibelera, Avenida zubian pilatuak ziren milaka bidasotarrek -irundarrak gehienak- zutabez beteriko hiria zuten bizkarrean: ke zutabeak, eta faxista zutabeak. Bost asteko erresistentzia “sinisgaitzaren” ondotik, sartu ziren Endarlatza eta Behobia aldetik frankistak. Suak hartua zuen ordurako hiria; historikoki, errepublikanoek piztutako sua zela zabaldu izan da, etsaiak hartzear zuen lurra antzua izan zedin. Aste honetan Aranzadik eta Antxeta Irratiak aurkezturiko txostenean baina, argi adierazten da errepublikanoek sugar batzuk piztu bazituzten ere, aste luzez abiazio faxistak jaurtitako su-bonbek ere eragin handia izan zutela.

Hau oroitarazten aritu da gaurko omenaldian Peli Lekuona, Kepa Ordoki memoria elkarteko kidea. Eta gehitu orain bederatzi hamarkadako jazoerek “irundar on eta txarrak” sortu zituela, suntsipenaren sustatzaileetan hiritarrak ere baziren heinean. Are, sailkapen horrek eta haren kalteek gaurdaino iraun dutela deitoratu du.

Espainiako II. Errepublikako banderak ikurrinekin nahasiak ziren ekitaldira hurbildu den herritar zientoaren artean. Cristina Laborda alkateak oroimenean jarri du indarra: “Gaur, indarkeria jasan zutenak gogoratu nahi ditugu, ihesean joan behar izan zutenak, jazarriak eta errepresaliatuak izan zirenak, urteetan isilik egon zirenak. Gaur, 90 urte geroago, oso gauza xumea esan nahi dugu: Irunek ez du ahanzten”.

Tokiko memoria demokratikoaren eguna

Gaurtik landa, irailaren 5a tokiko memoria demokratikoaren eguna izendatu du Irungo Udalak. Gorka Alvarez memoria demokratikoaren udal ordezkariak azpimarratu du irailaren 5ero hiria “bere eguneroko errutinan gelditu” beharko dela, “eta galderak egin”. Alkatearen ildotik, isilik ez gelditzeko eta memoria egiteko beharra azaleratu ditu.