etxe kaleratzea

Palmira Dual: «Ez dugu gurasoak etxebizitza horretan mugagabe geratzea eskatzen, alternatiba duin bat aurkitzeko denbora baizik»

Koldo Nausia

Kimbolton izeneko putre-funtsak 33 urtez haien jabetzakoa izan den etxetik hiru kideko familia bat kaleratu nahi du Irungo Katea auzoan. Etxearen mailegua ordaintzeko zailtasunak izan zituzten, eta Kutxak enpresa honi saldu zion haien jabetza. Irailaren 16an, goizeko 9:30ean agindutako etxe kaleratzea geldiaraztea eskatu dute, etxeko gurasoek %75eko desgaitasun fisikoa eta dementzia-zantzuak dituztelako. Administrazioak «muturreko egoerak ulertu eta enpatia» izan dezala eskatu du, eta epaileari «denbora» haien egoerara egokitutako etxebizitza alternatiba erreala aurkitu ahal izateko.

Palmira Dual Jimenez irundarra ijito herriaren giza eskubideen defentsaren aldeko aktibismoagatik ezaguna da. Baina gaur Kateako Landetxa auzo elkartean egindako agerraldian ez da emakume ijitoen Kera elkarteko kide gisa aurkeztu, bere familiaren bozeramaile gisa baizik. Salatu duenez, Oviedon (Asturias) egoitza soziala duen Kimbolton izeneko putre-funtsak bere gurasoak 33 urtez haien jabetzakoa izan den etxetik kaleratu nahi ditu. Izan ere, etxearen mailegua ordaintzeko zailtasunak izan ondoren, Kutxak enpresa honi saldu dio haien jabetza.

Etxe kaleratzea irailaren 16an, goizeko 9:30ean agindu dute, eta Palmirak azaldu duenez, epaileak gurasoen zaurgarritasun-egoera egiaztatzen duen dokumentazioa jaso badu ere, oraindik ez du etxe kaleratzea bertan behera utzi. Bere gurasoek %75eko desgaitasun fisikoa eta dementzia-zantzuak dituzte, eta horrek egoera are gehiago larriagotzen duela nabarmendu du.

Irene Rubio abokatua ari da familia laguntzen, eta aditzera eman duenez aspalditik hainbat kudeaketa egiten ari dira kaleratzea geldiarazten saiatzeko, eta irtenbide bat aurkitzeko. Enpresarekin harremanetan sartu dira, eta etxebizitza alternatiba duin bat lortu artean, 33 urtez haien etxebizitza izan den horretan bizi ahal izateko alokairu bat ordaintzeko aukera proposatu diete, baina aukera hau ukatu egin diete.

Horrenbestez, etxe kaleratzea geldiarazi dezatela exijitzen du Palmirak, eta administrazio publikoei eskatzen die «auzora jaisteko familia zaurgarriek bizi dituzten muturreko egoerak ulertu eta enpatia izan dezaten». Argitu duenez, erakundeek legea betetzeaz harago, pertsona horiei dauden baliabideak zeintzuk diren eta oinarrizko administrazio publikoek baliabide eta tresna horiek behar dituzten pertsonen eskura jarri behar dituztela aldarrikatu du Dual Jimenez familiaren bozeramaileak. Izan ere, «hemen kanpoan familia zaurgarri ugari daude desahuzio-egoeran, eta ez dute sare sozialik, ez aliantzarik, ezta egoera horietatik ateratzen lagunduko dien babesik ere», argitu du Irene Rubio abokatuak. 

Hala ere, Palmira Dual Jimenezek argi utzi nahi izan du, ez duela nahi bere gurasoak etxebizitza horretan mugagabe geratzea. «Guztiz jabetzen gara bizi dugun egoera juridikoaz, baina gure eskaera logikoa da, bizi duten muturreko zaurgarritasun eta larritasun egoera kontuan hartuta, denbora eskatzen dugu, denbora haien egoerara egokitutako etxebizitza alternatiba erreala eta egonkorra aurkitu ahal izateko». Izan ere, etxebizitza duina izateko eskubidea herritar guztiek duten eskubidea dela gogoratzen du Palmirak, eta eskubideei dagokienez, «ezin du lehen eta bigarren mailako herritarrik egon». Zoritxarrez, hori askotan paper bustian geratzen dela dio, eta pertsona zaurgarrienak «sistemaren akatsen eta tranpen artean harrapatuta» aurkitzen dela.

Katea auzo elkartean egindako agerraldian jaso duten Irungo 30 bat elkarte eta eragile sozialen babesa eskertu du Palmira Dual Jimenezek. Alde horretatik, irailaren 16an 33 urtez bere familiaren jabetzakoa izan den etxebizitzatik kanporatzeko agindua geldiarazi arte borrokan jarraituko duela hitzeman du. 

Atxiki diren eragileen zerrenda: Oarso-Bidasoko LAB sindikatua, BDS koop ekonomia sozialeko elkartea, Lakaxita gaztetxea, Kale dor Kayiko elkartea, Kera elkartea, Bidasoako Kontseilu Sozialista, Erletxea, Txingudiko elkarte feminista, Zambra EH, Antxeta Irratia, Gazte Koordinadora Sozialista (GKS), Bizirun, Irungo Sortu, BorBor Hausnarketa Politikorako Plaza, Lahia 3.0 sexologia eta hezkidetza elkartea, Agifugi ijito elkartea, Bidasoaldeko elkarte feminista, Harrera Sarea, Bidasoko Ernai, Plaiaundi Institutuko Gizarteratze zikloko irakasleak, Oarso-Bidasoko ELA sindikatua eta honako auzo elkarteak; Landetxa, Arbes, Larreaundi-Olaberria, Anaka, Alde Zaharra-San Juan, Erdigunea-Centro, Behobia eta Elitxu.