Irungo Ernaik Donostiako manifestaziora deitu ditu Behe Bidasoko gazteak igandean

Aitor Errazkin

Irungo Ernaik Behe Bidasooko gazteak Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera deitu ditu.
Mobilizazioa irailaren 13an izango da, igandean, 13:30ean, Bulebarretik abiatuta. «Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez!» lelopean egingo dute protesta. Ernaik faxismoaren eta eskuin muturraren gorakadaren aurrean gazteen mobilizazioa aldarrikatu du. Horretarako, ikasturte hasieran kaleak betetzea ezinbestekotzat jo du gazte antolakundeak.

Irungo Ernai Gazte Antolakundeak Behe Bidasoko gazteei dei egin die datorren igandean, irailaren 13an, Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera. Mobilizazioa 13:30ean abiatuko da Bulebarretik, «Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez!» lelopean.

Ernaik azaldu duenez, nazioarteko egoera aldaketa azkarreko garai batean dago, eta kapitalismoaren krisiaren testuinguruan «aterabide baztertzaile eta atzerakoiak» indarra hartzen ari dira. Gazte antolakundearen arabera, egoera horren aurrean beharrezkoa da Euskal Herrian ere mobilizatzea eta faxismoaren zein eskuin muturraren gorakadari erantzutea.

Horrez gain, Euskal Herriaren, euskararen, migratzaileen, LGTBIQ+ kolektiboaren eta feminismoaren aurkako diskurtso atzerakoiak salatu ditu Ernaik. Antolakundearen ustez, gorakada hori desberdintasun sozialarekin eta zapalkuntza egoerekin lotuta dago.

Mobilizazioaren deialdiak babes zabala jaso du, eta kultura, aisia eta gizarte mugimenduei lotutako ehun bat lagunek manifestua sinatu dute. Besteak beste, Fermin Muguruza, Itziar Ituño, Joseba Tapia eta hainbat musika taldek bat egin dute deialdiarekin.

Testuinguru horretan, Irungo Ernaik Behe Bidasoko gazteak Donostiara joatera animatu ditu, faxismoaren eta eskuin muturraren aurkako jarrera kalean erakusteko.