Irailaren 16an goizeko 9:30ean Irunen aurreikusia zegoen etxegabetzea geldiaraztea lortu dutela aditzera eman du Palmira Dual Jimenezek. Joan den ostegunean Landetxa Auzo Elkartean egindako agerraldian salatu zuen bere gurasoek pairatzen ari ziren egoera, eta administrazioei «auzora jaisteko» eskatu zien, berea bezala «familia zaurgarriek bizi dituzten muturreko egoerak ulertu eta enpatia izan dezaten» galdeginez.
Ostiralean Irungo Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariekin bilera egin zuten, alternatibak bilatzeko helburuarekin. Eta azkenik, epaileak etxetik kaleratzeko agindua emana bazuen ere, haien egoerara egokitutako etxebizitza alternatiba erreala aurkitu ahal izateko eskatutako «denbora» eman die. Izan ere, etxe gabetzea geldiarazteaz gain, bi urteko epea eman die epaileak.
Gurasoek %75eko desgaitasun fisikoa eta dementzia-zantzuak dituzte, eta zaurgarritasun egoera aitortua dutela gogoratzen du Palmira Dualek. Alde horretatik, 33 urtez Katea auzoan bizitzen daramaten etxea Kutxak Kimbolton Invest SM putre-funtsari saldu eta gero hasi ziren etxe gabetzeko mehatxuarekin borrokan.
Palmirak babesa eman dioten Irungo 30 eragile eta auzo elkarteei «bihotz bihotzez eskertu» die. «Erakutsi diguzue ez gaudela bakarrik! Eskerrik asko beste alde batera ez begiratzeagatik!», adierazi du sare sozialen bidez plazaratu duen bideo batean. Eta iragarri duenez, borrokan jarraituko dute Irunen etxe gabetzeko egoeran aurkitzen diren familia zaurgarrien egoera gizarteratu, eta hauek babesteko neurriak har daitezen.