Uda atzean utzita, Irungo Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik adineko pertsonen nahigabeko bakardadea eta isolamendua prebenitzeko eta herritarren zahartze aktiboa sustatzeko jarduerekin jarraitzen du udazkenean ere. Uda garaian ohikoak diren tailerrek aktibitate gutxiago dituztela, 'Udan Gogoz' programak hutsune horiek estaltzeko antolatu du udalak. Eta udazkenean sartu orduko, `Bizi Gogoz´ programari helduko diote berriz.
Kasu honetan, adinekoen zentroetako espazioetatik kanpo ere, urte osoan zehar, 60 urtetik gorakoentzat tailer programa eskaintza zabala proposatzen dute 2024az geroztik. Iosu Iguiñiz, Gizarte Zerbitzuetarako udal ordezkariak gogoratu duenez, 2023ko udal aurrekontu parte-hartzaileetan onartutako ekimena izan zen hasieran, eta harrera beroa izan duela ikusita, programa indartzea erabaki dute azken urteetan.
Iaz 165 lagunek parte hartu zuten antolatutako tailerretan. Eta oraingo honetan, tailer eskaintza berritu egin dute «adinekoen sormena, ikaskuntza, jakin-mina eta ongizate mentala zein fisikoa» sustatzeko. Iguiñizek nabarmendu duenez, udalean jabetuta daude horrelako programek adinekoen ongizatean duen eraginaz, eta beraz, «mantendu eta indartu» nahi dute.
Udazken honetarako lau tailer berri proposatzen dituzte. Iaz arrakasta lortu zuen Itziar Sistiaga idazlearen eskutik `Bazen behin nire bizitza´ idazketa tailerra errepikatzeaz gain (irailaren 14 honetatik aurrera astelehenero, 17:00etatik 19:00etara), gai anitzak landuko dituzte berrikuntza gisa. Batetik, Olga Grande kazetariak urriaren 2tik azaroaren 20ra (17:00etatik 19:00etara) Palmera Montero gunean emango duen ´Ideien kluba´ tailerra izango da. Grandek argitu duenez, hitz egiterakoan segurtasunez egiteko eta komunikatzen ikasteko tailerra izango da.
Bestetik, Patxi Perez aktoreak `Inprobisazio Antzerkia´ tailerra emango du urriaren 8tik azaroaren 26ra arte, goizez, 11:00etatik 13:00ra Leka-eneako espazio sozialean. Argitu duenez, jolastuz antzerki ariketak egingo dituzte lotsa galtzeko helburuarekin eta gorputza mugitzeko ariketak ere egingo dituzte.
Junkal Alfonso artistak bere partetik `+60 ART: Leon Bonnat´ tailerra emango du azaroko asteartetan (17:00-19:00) Palmera Montero gunean. Artean Espazioko kideak azaldu duenez, aurreko edizioetan Oteiza eta Andy Warhol bezalako figurak landu ondoren, oraingo honetan artean interesa duten adineko pertsonekin Leon Bonnat pintore frantses errealista ezagutzeko aukera emango dute, eta azaroaren 26an Baionako Bonnat-Helleu Museora bisita batekin borobilduko dute.
Tailer guztien artean berritzaileena, berriz, `Adimen Artifiziala, beldurrik gabe´ izenekoa izango da. Yeye Studioseko adituek emango dute urriko asteazkenetan, 17:00etatik 18:00etara, Palmera Montero gunean. Eta iragarri dutenez, adimen artifiziala eguneroko bizitzan arduraz eta modu eraginkor batean erabiltzen ikasteko aukera eman nahi dute.
Irungo Udalak gogoratu duenez, tailerrak dohainik dira, baina plazak mugatuak. Izena emateko epea irailaren 15etik 25era zabalik egongo da Irungo Udalaren webgunean. Eta eskaera eskaintza baino handiago izango balitz, irailaren 28an (12:30ean) jendaurreko zozketa egingo lukete Palmera Montero gunean.