Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak hainbat jarduera antolatu ditu LGTBI+ programaren baitan. Gaur goizean, irailak 14, aurkeztu dute egitaraua Berdintasuneko eta LGTBI+ Eskubideen ordezkari Maite Cortinak, Nazioarteko Elkartasuna (NESI) elkarteko kide Nerea Etxeberriarekin eta Paula Agirreazaldegirekin batera.
Irungo Udaleko Berdintasun arloak LGTBIQ+ kolektiboa ikusarazteko eta hausnarketa sustatzeko zikloa aurkeztu berri du. Abendura bitartean pelikulak, hitzaldiak, tailerrak eta erakusketa bat ere proposatzen dute Irungo Emakumeen Etxetik, kolektiboaren eskubide eta borrokaz, genero disidentzia edota ekofeminismoaz gogoetatzeko. Maite Cortinak, Irungo Udaleko Berdintasuna eta LGTBI+ Eskubideen ordezkariak argitu duenez, «tamalez, jendarteak oraindik ere onartuak ez dituen kolektiboen errealitatea gizarteratu, eta errespetuz eta diskriminaziorik gabe bizi ahal izatea» helburu du udalak. Eta bide horretan lanean ari direla azpimarratu du.
Antolatutako hitzorduen artean, Nazioarteko Elkartasuna (NESI) elkarteak 'Libres y disidentes' argazki erakusketa aurkeztuko du azaroaren 3an Emakumeen Etxean, eta honi lotutako tailerra ere emango dutela iragarri du elkarteko Paula Agirreazaldegi Perezek. Erakunde honek Mexikoko Oaxakan lanean ari diren beste bi erakunderekin lankidetzan garatutako proiektuaren berri emango dute, emakumeen eta lesbianen egoera azaleraziz. Erakusketa abendua bukaera arte ikusgai egongo da Irungo Emakumeen Etxean bertan, eta aurkezpenaren egun berean tailerra egingo dute.
Hitzordu guztien artean, irakaskuntzako profesionalei zuzendutako Haur eta gazteen transexualitatea: ulertu, lagundu ahal izateko formakuntza saioak ere antolatu dituzte Palmera Montero gunean NAIZEN elkartearen eskutik. Gaztelaniaz, azaroaren 30ean (18:30ean) eta euskaraz abenduaren 1ean (9:30ean) izango dira, eta interesa duen ororentzat ere ateak zabalik egongo dira.
Programaren egitaraua:
- Irailaren 18an, 19:00etan: La misteriosa mirada del flamenco filma, Amaia Kultur Zentroan. Hego Ameriketako queer kolektiboari buruzko film saritua da.
- Urriak 7an, 18:30ean: Ander filma, Amaia Kultur Zentroan. Maskulinitateei buruzko Irungo Zinema Zikloaren barruan antolatutako jarduera da.
- Azaroak 3an, 17:00etan: Libres y disidentes argazki erakusketa eta tailerra Irungo Emakumeen Etxean. Mexikoko emakumeen eta lesbianen egoera azaleratzen dute argazkiek.
- Azaroak 16an, 18:00etan: Mi pequeño gran samurai dokumentala Irungo Emakumeen Etxean. 2018an buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi gazte transexualaren historia jorratzen du.
- Azaroak 30ean, 18:00etan: Haur eta gazteen transexualitatea: ulertu, lagundu ahal izateko hitzaldia (erdaraz) NAIZEN elkartearekin Palmera Monteron.
- Abenduak 1ean, 9:30ean: Haur eta gazteen transexualitatea: ulertu, lagundu ahal izateko hitzaldia (euskaraz) NAIZEN elkartearekin Palmera Monteron.
- Abenduak 2an, 18:00etan: Este cuerpo mío dokumentala Amaia Kultur Zentroan. Afioco Gneccoren zuzendariaren trantsizioari buruzko dokumentala, Gnecco berak eta Carolina Yuste aktoreak zuzendutakoa