Genozidioaren aurkako elkarretaratzea gaur Irunen

Aitor Errazkin

Gernika-Palestinak ehundik gora elkarretaratze deitu ditu Euskal Herrian.Mobilizazioek Palestinarekiko elkartasuna eta Gazako egoeraren salaketa izango dituzte ardatz. Alderdiek, sindikatuek eta hainbat gizarte-eragilek deialdia babestu dute. Irunen, elkarretaratzea gaur, osteguna, egingo da, 19:00etan, San Juan plazan. «Genozidiorik ez! Gerrarik ez!» izango da mobilizazioen lelo nagusia.

Gernika-Palestina herri mugimenduak ehundik gora elkarretaratze antolatu ditu gaur, osteguna, Euskal Herriko hainbat udaletxeren aurrean. Mobilizazioen helburua Palestinar herriari elkartasuna adieraztea eta Gazan Israelek egiten ari den genozidioa salatzea da. Deialdia «Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez!» lelopean egingo da.

Mobilizazioek alderdi politiko, sindikatu eta gizarte-eragile ugariren babesa jaso dute. Besteak beste, Amnesty International, Zehar Errefuxiatuekin, Udalbiltza, AEK, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Gure Esku eta Mundubat bezalako erakundeek bat egin dute deialdiarekin.

Elkarretaratzeetan Palestinatik ekarritako testigantza bat ere irakurriko dute. Bertan, azken hiru urteetan palestinarrek bizi izan dituzten egoera eta esperientzia gogorrak jasoko dira.

Irunen, mobilizazioa gaur arratsaldean izango da, 19:00etan, San Juan plazan. Deitzaileek herritarrak parte hartzera animatu dituzte, Palestinarekiko elkartasuna kalera ateratzeko eta gerraren eta indarkeriaren aurkako aldarria zabaltzeko. (Argazkia Oarso Bidasoko HITZA)