Erronka kolektiboa dugula erakutsi du aldundiaren 'Ongizatearen Plazak' Irunen

Antxeta Irratia

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako 'Ongizatearen Plaza' ibiltariaren hamaikagarren geralekua izan da Irungo Zabaltza plaza egunotan. «Ongizatea modu kolektiboan» lantzeko beharra azpimarratu du Eider Mendoza diputatu nagusiak, «modu batera edo bestera, denoi eragiten diguten gaiak direlako». Bi egunotan goiz eta arratsaldeko hitzaldi, tailer eta mahai-inguruetan, elikadura osasuntsua, desiratu gabeko bakardadea, gazteen ongizatea, heriotza eta dolu prozesuak, menopausia eta elikadura, edota migrazioa, harrera eta integrazioa jorratu dituzte.

Gaur itxiko ditu ateak Zabaltza plazan Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen 'Ongizatearen Plaza' ibiltariak. Goiz eta arratsaldez, herritarrek, adituek eta jorratutako gaien ingurumarian lan egiten duten elkarte eta erakundeetako ordezkariek, hitzaldiak, tailerrak eta mahai-inguruak egin dituzte. Elikadura osasuntsua, desiratu gabeko bakardadea, gazteen ongizatea, heriotza eta dolu prozesuak, menopausia eta elikadura, edota migrazioa, harrera eta integrazioa landu dituzte.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak bisita egin du bertara, eta ekimen honek herriz-herri izan duen arrakasta nabarmendu du. Udan Hondarribian izan ondotik, oraingoan Irunen ere «elkar entzun, hausnartu, iritziak partekatu eta gozatzeko topagunea» bilakatu baita. Bere esanetan, «guztion ongizatean eragina duten errealitate berri eta emergenteak plazara ekarri ditugu, elkarrekin hausnartu, elkar entzun, ikasi eta eraikitzeko aukera edukiz». Alde horretatik, ongizatea modu komunitarioan lantzeko beharra dagoela sinetsita dago, eta «modu batera edo bestera, denoi eragiten diguten gaiak» direnez, erronka kolektiboa dela dio. 

Ongizatearen Plaza egitasmoak hamaikagarren geralekua zuen Irunen, eta orain arteko esperientzia guztiak aberasgarriak izan direla nabarmendu du Mendozak.