Ikasleek irundarren kontsumo ohituretan eragiteko kanpainari ekin diote

Koldo Nausia

Egunerokoan hartzen ditugun kontsumo erabakiek gure ingurunean inpaktu izugarria dutela sentsibilizatzeko 'Gure gazteek badakite. Jasangarri izatea jarrera kontua dela' kanpainari ekin diote Irunen. Iaz eskolartekoek 2030 Eskola Agendan egindako lanaren emaitza da, eta orain Irun osoan eragin nahi dute.

 

Irungo zazpi ikastetxeetako ia 3.000 ikaslek joan den ikasturtean 2030 Eskola Agenda programaren barruan egindako lana hiri osoarekin partekatuko dute orain. Irungo Udalarekin batera, 'Gure gazteek badakite. Jasangarri izatea jarrera kontua dela' sentsibilizazio kanpaina egingo dute, eguneroko kontsumo ohituretan eragin nahian.

Iaz ikasgeletan hausnartu eta landu zuten ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren gaia (garapen jasangarriaren 12. helburua) eta, horrekin batera, hiriaren errealitatea aztertu zuten hobetzeko proposamenak egiteko.

Programaren barruan, Bigarren Hezkuntzako ikasleek hiriko zenbait eremu garbitu zituzten, baina kanpaina egitea Txingudi HLHI eta Toki Alai HLHI ikastetxeetako ikasleen proposamena izan da. Gazteek mahaigaineratu dituzten gaien artean, denda txikiak eta merkatuak babestearen garrantzia, plastikoen erabilera murriztu beharra, tokian-tokikoa eta sasoian-sasoikoa aukeratzearen garrantzia, bigarren eskuko produktuen erabilera eta tokiko merkataritzari ikusgarritasun handiagoa ematea izan dira.

Orain ikasleen lana ezagutzara ematea eta gizartean eragitea dute helburu. Hortaz, kanpaina ikasgelatik hiri osora zabalduko duten. 'Gure gazteek badakite. Jasangarri izatea jarrera kontua dela' kanpaina hiru ideiatan ardazten da: 0 km, bigarren eskukonerabilera eta sasoiko produktuen kontsumoa. Horretarako, hiriko hiru establezimenduren laguntza jasoko dute: Yon Gallardo izozkitegia, Zebra Store & Gallery eta Labore Txingudi. Haiuek baitira kanpainako irudien protagonistak.

Hala ere, kanpainari segida eman nahi diote, eta azarotik aurrera, ekimenarekin bat egin nahi duten Irungo dendek atxikitzeko aukera izango dute, kontsumo ohitura jasangarriak sustatzeko sortu duten 'Hemen ere badakigu. Jasangarriak gara' markarekin ekimenari atxikimendua identifikatuz.

Aurkezpenean aditzera eman dutenez, kanpaina honetan ikus-entzunezko pieza bat ere sortu dute ikasleekin eta irakasleekin. Proiektuaren nondik norakoak azaltzen dituzte, baita zein diren ondorio nagusiak eta abian jarri beharreko ekimenak ere, udalerrian kontsumo jasangarria sustatzeko