Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak bultzatzen duen ASTEKLIMAren VII. edizioaren baitan, trantsizio energetiko eta klimatikoaren premiaz herritarrak kontzientziatzeko hainbat ekintza proposatuko dituzte Irungo Plaiaundiko Ekoetxean. Urriaren 16tik 25era "Zure aztarna keinu bakoitzean hasten da" lemapean, eguneroko erabaki txikiek planetaren etorkizunean eragin zuzena dutela erakutsi nahi dute. Horretarako, Ekoetxea Txingudik doako jarduera programa oparoa prestatu du, publiko guztientzat diseinatua, eta zientzia, familiaren parte-hartzea eta natura-ondarea uztartuz. Antolatzaileek argitu dutenez, gure aztarna ekologikoa murrizten lagunduko duten tresna praktikoak eskaini nahi dituzte, eguneroko ohituretan aldaketa txikiak eginez natura zaintzeko.
Asteburu honetan naturarekin harreman sartzeko bi ekintza egingo dituzte. Urriaren 17an Bidasoa ibaia piraguan ezagutzeko aukera emango dute, bere korrontearen erritmoan biodibertsitatea behatu eta ekosistema hau bere baitan bizitzeko helburuarekin, eta larrialdi klimatikoak planteatzen dizkion erronkak eta kontserbazioaren balioaz hausnartzeko. Goizeko 10:00etatik 14:00etara egingo dute, eta 12 urtetik gorakoentzat zuzenduta dago.
Larunbatean iaiarekin lotura landu ondoren, igandean, urriaren 18an, goizeko 11:00etatik 13:00era Plaiaundiko hezegunea inguratzen duen flora behaketarako familia-tailerra proposatuko dute. "ZENBATEKO EZAGUTZA DUZU ZURE INGURUAN HAZTEN DIRENEI BURUZ?" izeneko jardueran, zuhaitz, hosto eta koloreen artean murgildu, eta Plaiaundiko Parke Ekologikoko landareak labur aztertu ondoren, landareen ezaugarri nagusiak identifikatzen irakatsiko dute dira, hostoak sailkatu eta estanpazio eta pintura teknikak erabiliz herbario artistiko bat osatuz. Hau 6 urtetik gorako haurrak dituzten familiei zuzenduta dago.
Hurrengo asteburuan, aldiz, Klima Azoka ospatuko dute Plaiaundin. Urriaren 25ean 11:00etatik 14:30era, eta 15:30etik 18:00etara, "ZER EGIN DEZAKEZU KLIMAREN ALDE?" lemapean, zazpi postuz osatutako azokan klima aldaketari lotutako gai ezberdinak jorratuko dituzten guneak izango dira: energia, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisia, kontsumoa, lurzoruaren babesa eta ikuspegi pertsonaletik aldaketari egin dakiokeen ekarpena.
Azokarekin batera, beste bi ekintza antolatuko dituzte goizean. Batetik, San Lorentzo aintziraren oreka berreskuratzeko egiten ari diren lanketa ezagutzeko "ETA NATURARI LEKUA ITZULTZEN BADIOGU?" ibilbide gidatua, 10:30etik 12:00era. Eta bestetik, 12:00etatik 13:00era "MURRIZTU, BERRERABILI EDO BIRZIKLATU EGITEN DITUZU?" Naturwoman ikuskizuna.
Ikuskizun honekin, familiak klima aldaketari buruz umorez eta hurbiltasunez sentsibilizatuko dute ASTEKLIMA ekimenaren helburuekin bat eginez. 6 urtetik gorako haurrei zuzendutako ikusgarria da, eta arratsaldeko 16:30etik 18:30era, "ZEREKIN JOKATUKO DUZU GAUR?" jolasarekin borobilduko dute.
Jarduera guztiak doakoak dira, baina gehienek aldez aurretik izenematea behar dute, edukiera-muga dela eta. Informazio gehiago: https://ekoetxea.eus/asteklima2026/