Igandean 11:00etatik 13:30era Gobernuz Kanpoko Erakundeen topaketa antolatu dute Irunen. Zabaltza plazan ospatu ohi izan dute urtero, baina erakundeetako ordezkariek «leku eroso eta kattutteroago» bat eskatu dute, eta Gorka Alvarez Kooperazio eta Garapenerako zinegotziak nabarmendu duenez, aurten aurreneko aldiz Urdanibia plazan egingo dute. 'Irun Munduarekin Lankidetzan' lelopean * (zerrenda behealdean) 21 GKE bilduko dira plazan, iaz baino 4 erakunde gehiago, norbere proiektuen berri emateko helburuarekin.
Horietariko batzuk Irungo Udalak urtero laguntzen ditu hitzarmen baten bidez. Alvarezek argitu duenez, Behar Bidasoa, DOA (Denon Osasunaren Alde), Tadamum (Txingudiko Saharako Lagunen Elkartea), PROYDE-PROEGA eta Taupadak bezalakoak. Gainerakoak, aldiz, proiektuen araberako lehiaketa bidez diruz laguntzen ditu udalak urtero kooperazio eta elkartasun ekimenetarako bideratzen duen udal aurrekontuaren %0,7aren irizpidea kontuan hartuta.
DOA erakundeko Juanjo Martinez eskertua azaldu da Irungo Udalak urtero mantentzen duen konpromisoarekin. «Udalaren hitzarmenak egonkortasun bat eskaintzen digu erakundeoi, eta horri esker proiektu askorekin aurrera jarraitzeko aukera ematen du», nabarmendu du. Alde horretatik, «Irun elkartasun hiria» izan dela beti azpimarratu du Gorka Alvarezek, eta azaldu duenez, urtez urteko ahalegin horretan, 2025ean 504.721 euro bideratu zituzten bitartean, 2026 honetan 539.766 euro zuzenduko dituzte garapen bidean diren herrietan 18 proiektu laguntzera, besteak beste, Etiopia, Kenia, Madagaskar, Kongo, Kolonbia, Mexiko, El Salvador, Jordania edo Guatemalan.
Gobernuz Kanpoko Erakundeetako ordezkariek azoka honen garrantzia azpimarratu dute. Izan ere, diru publikoa zertara bideratzen den gizarteratzeko ez ezik, «munduan zer nolako premiak dauden» ezagutzeko parada ematen duela uste du Behar Bidasoa erakundeko Javier Goñik. Lourdes Marquet, ICLI ingeniarien GKEko kideak oroitarazi du, adibidez, Afrika eta Hego Ameriketako eremu askotan «ez dute osasun zerbitzurik, ez iturriko urarik ere», eta azpiegiturak hobetzeko lanean dihardute bere GKEko boluntarioek.
Zentzu horretan, boluntario lanak egiteko belaunaldi berritzerik ez dagoelako kezkatuak agertu dira. Eta Javier Goñik irundarrak animatu ditu igandeko azokara hurbildu, informatu eta nahi izanez gero laguntzeko.
Igandeko azoka postuez gain, erakundeek hainbat jarduera proposatuko dituzte beren proiektuei lotutakoak. Argazki erakusketa bat, Nikaraguako txokolatearen eta produktu gastronomikoen dastaketa, txapak fabrikatzeko eta arropa birziklatzeko tailerra, bidezko merkataritzako produktuen salmenta, haurrentzako jolasak, laguntza jasotzen duten herrialdeetako emakumeek egindako eskulanen salmenta, eta liburu salmenta. Gainera, Kolonbiako Lina Ortega muralista artistarekin pintura-tailerra ere egingo dute plazan.
Hortaz gain, eta motorrak berotzeko, gaur (urriak 16) Palmera Montero gunean 'Los 300, memoria y verdad en Colombia' proiekzioa izango da 17:30ean, Emigrados Sin Fronteras elkarteak proposatuta.
* Honako elkarte eta erakunde hauek izango dira igande honetako topaketaren protagonistak: Behar-Bidasoa, DOA, Tadamum, PROYDE-PROEGA, FISC Solidaridad Internacional, ICLI, BLB/ACPP (Asamblea de Cooperación por la Paz), Asociación J.A. Freytter, Derandein, ADECO, Agua de Coco, Emigrados Sin Fronteras, Salvamento Marítimo Humanitario, Haurralde Fundazioa, Asociación para la Cooperación Internacional, Más Mujeres, Ayudemos a un Niño, TAU, Etiopía Utopía, Red de Sostenibilidad y Lucha contra la Pobreza eta Chiapas Enea.