2023ko abenduaren 13an Jose Antonio Santanoren lekukoa hartu zuen Cristina Labordak Irungo alkatetzan, baina 2027ko udaberrian ospatuko diren udal hauteskundeetan irundarrek erabaki beharko dute hala izaten jarraituko ote duen ala ez. Aurreneko aldia baita hauteskunde batzuetan zerrendaburu dela. Hala ere, egungo alkateak udalgintzan duen esperientzia nabarmentzen du. Izan ere, 1999tik (19 urte zituenetik) zinegotzi izan da udal gobernu ezberdinetan Hirigintza edota Segurtasuna bezalako ardurak hartuta. Bestalde, 2007-2008 tartean Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzarkidea izan zen, eta 2008 eta 2012 tartean eusko legebiltzarkide.
Labordak urteotan guztiotan «pilatutako esperientzia» azpimarratu du, eta eraldaketa handiak behar dituen Irungo hiriaren etorkizuneko proiektuari, eta beraz, alkate izateko hautagaitzari ilusioz heltzen diola nabarmendu du. «Irungo alkate izatea nire bizitzan izan dudan pribilegiorik handiena da. Irun nire etxea da, nire historia eta nire pasioa», aldarrikatu du, irundarren alde lanean jarraitu nahi duela argituz. «Horregatik jarraitu nahi dut, Irun maite dudalako eta haren etorkizunaren alde lanean jarraitzeko esperientzia, ilusioa eta gogoa ditudalako», adierazi du. Eta horretarako lan talde sendo baten babesa duela dio.
Hiriak aurretik erronka garrantzitsuak dituela aitortu du Labordak, eta horiei aurre egiteko sozialistek proiektu eta bide-orri argia dutelakoan dago. Via Irun edo etxebizitza politikatik hasi eta kulturaren, segurtasunaren eta auzoen hobetzea jartzen ditu lehentasunen artean. «Asko dago egiteko, etorkizunari anbizioz begiratu behar diogu, eta irundarron interesak gainerako erakundeen aurrean defendatu», dio herritarren eguneroko beharrei «entzute aktiboan» oinarrituz erantzuteaz gain, Gipuzkoako bigarren hiri populatuena balioan jarri beharra dagoela aldarrikatuz. «Irungo alkate izatea ez da nolanahiko ardura, badakit zer esan nahi duen erantzukizun horrek, eta oso serio hartzen dut».