Irungo Udalak 2027 urtera begira indarrean dauden zergak, udal-tasak eta udal zerbitzuen prezio publikoak bere horretan mantentzea onartu du, udal gobernuak proposatu bezala. Nuria Alzagak, Ogasuneko ordezkariak urriaren 30 honetan ospatutako udal osoko bilkuran azaldu du, erabaki hau udalaren diru-sarreren eta hiriko baliabide eta zerbitzu publikoen kudeaketa arduratsuari dagokiola. «Irundarrei ahalegin ekonomiko gehigarria noiz eskatu behar ez zaien jakin behar da», adierazi du, udalak modu arduratsuan jokatzen duela azpimarratuz, «bidezko fiskalitatea ez datza soilik zenbat biltzen dugun erabakitzean. Dirua nola biltzen dugun eta ahalegin hori nori eskatzen diogun pentsatzea ere bada kontua».
Alde horretatik, 2027 urtean Irungo Udalak diru-sarrera berriak izango dituela kontuan hartu dute gainerako inpostuak izozterako garaian. Batetik, diru-bilketaren bilakaera positiboa izan dela argitu dute, eta bestetik, hurrengo ekitaldirako aurreikusitako diru-sarrera berriak daude, horien artean egonaldi turistikoen gaineko zergaren ondoriozkoak. gogoan hartu behar baita, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera Irungo Udalak Egonaldi Turistikoen gaineko zerga hirian aplikatzea onartu duela.
Kolektibo zaurgarrienak gogoan
Bestalde, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren (OHZ/IBI) hobariak kolektibo berrietara zabaltzea onartu du udalbatzak aho batez. Hala nola, guraso bakarreko familietara, etxe bateko buru diren eta etxeko edo generoko indarkeria jasan duten pertsonetara, baita kalteberatasun-egoeran dauden pertsonentzako ere.
Nuria Alzagak argitu duenez, «Familia bakoitzaren atzean, errealitate propio bat dago, udal administrazio gisa gure betebeharra da hori kontuan hartzea, eta horrelako neurriak hartzen ditugunean, herritarren ongizatean pentsatuz egiten dugu». Hartara, familia guztien ahalmen ekonomikoa kontuan hartuko duen fiskalitate baterantz aurrera egiten jarraitu nahi dutela azpimarratu du.