Badator FICAB zinemaldi arkeologikoa zinemazale eta historiazale guztientzat

Koldo Nausia

Soroxarta estudioko Juantxo Tolosa diseinatzaile grafiko irundarrak egindako FICAB zinemaldiaren kartela aurkeztu dute gaur Oiasso Museoan. Azaroaren 16tik 21era ospatuko den FICAB Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXVI. edizioak nazioarteko 24 film eskainiko ditu, aurtengo deialdian jasotako 60 filmen artean aukeratuak. Ostirala (azaroak 6) honetatik aurrera proiekzioetarako sarrera gonbidapenak jaso ahal izango dira Luis Marianoko Turismo Bulegoan edo Irungo Udalaren webgunean.

Azaroaren 16tik 21era ospatuko den XXVI. FICAB «erabat egonkortutako hitzordua» dela azpimarratu du Nuria Alzaga Kultura zinegotziak gaur egindako agerraldian. Urtero bezala, zinemaldi arkeologikoaren kartela aurkeztuz hasi da Oiasso Museoaren garapenaren eskutik sendotzen joan den hitzorduaren atzerako kontaketa. Soroxarta estudioko Juantxo Tolosa diseinatzaile grafiko irundarrak egin du kartela, eta aurkeztutako diseinu guztien artean honek duen «indarra» nabarmendu du Mélanie Doré FICABeko zuzendari berriak. «Kartelarekin batera, zinemaldia urteroko proiektu hutsa izateari utzi eta aurki gozatuko dugun errealitate bilakatzen da», adierazi du Oiasso Museoan egindako aurkezpenean. 
 
Irundar talentua eta nortasuna
 
Nuria Alzaga Kultura zinegotziak zinemaldi arkeologikoak egindako ibilbidea goraipatu du, eta 26. urte honetan kartela ere irundar batek egina izatea balioan jarri du. «Zinemaldia identifikatzen gaituen zerbaiti buruz hitz egitea ere bada, Irune  Oiasso Museoa egotearekin lotura du, historiarekin eta arkeologiarekin dugun harremana, Irungo ondarearen eta nortasunaren parte direnak, eta kartela ere irundar batek egiteak Irunen dagoen talentua ere indartzen du», esan du zinegotzi sozialistak.
 
Alde horretatik, XXVI. edizio honen aurkezpena Oiasso Museoko eta FICAB zinemaldiko zuzendaritza utzi berri duen Aizpea Goenagari eskerrak emateko probestu nahi izan du Alzagak. «Kultur ekitaldien aurkezpenetan politikariok aurpegia jarri ohi dugu, baina Aizpeak bere bizitzaren parte garrantzitsu bat eman du Irunen, Oiasso museoan eta zinemaldi honen garapena berak ere egin du posible», esan du. Hala ere, erreleboa egiteko Oiasso Museoaren gidaritza lanetan lekukoa hartu berri duten Ander Arrese eta Mélanie Doré lantaldeak aurten egindako lana azpimarratu du.
 
Oiasso Museoko zuzendariak, Ander Arresek zinemaldi arkeologikoa ikusle eta aurkezle bezala bizi ondoren, orain antolakuntzaren parte gisa bizi ahal izatearekin pozik azaldu da. «Erreferente bat dela balioan jarri beharra dago», Arreseren ustez, «eta ez bakarrik nazioarte mailako proiekzio eta ikerketen maila kontuan hartuta, hezkuntza mailan eta dibulgazioan egiten den ahalegina ere» goraipatu du Oiasso Museoaren zuzendariak.
 
Alde horretatik, gogoratu du ez dela bakarrik arkeologoentzako zinemaldi bat, izan ere, Hezkuntza Sailean eta dibulgazio lanetan egiten den ahalegina garrantzitsua da bere ustez. Historiarekiko, zinemarekiko edo, besterik gabe, zerbait berria aurkitzeko jakin-mina duten pertsona guztiei irekitako zinemaldi bat dela dio.
 
Goi mailako proiekzioak
 
Nabarmendu behar da aurten 24 film hautatu direla, bai sail ofizialean baita hezkuntza-sailean ere; 60 zinta aurkeztu dira guztira. Ildo horretan, aurten berezitasun bat dago: Frantzia, Italia edota Txile bezalako herrialdeetako filmak hautatu dira, euren kalitate handia eta interesa dela medio.

Beti bezala, hautatutako filmen hiru proiekzio-saio izango dituzte Amaia KZn: goizeko saioa hezkuntza-sailari dagokio (nahiz eta publiko guztiei irekia izan), eta 17:00etako (astelehena 16ko saioa Amaia KZko hitzaldi-aretoan izango da) eta 19:00etako saioak sail ofizialeko filmetarako izango dira.

Gainera, Donostiako Aquariumean ur azpiko arkeologiari buruzko saioa egingo da beste behin. Halaber, edizio honetako film guztiak online ikusteko aukera egongo da, Festhome plataformaren bidez, zinemaldiak irauten duen astean zehar.

FICABeko saioetarako gonbidapenak udal webgunean egongo dira eskuragarri, bai eta Luis Marianoko Turismoko Bulegoan ere, azaroaren 6ko 10:00etatik aurrera. Amaia KZko txartel-leihatilan ere hartu ahalko dira, saioak hasi baino lehen.