oiasso museoa

Ander Arrese & Mélanie Doré: «Ondo engrasatutako tren batean igo gara, ikusgarria da Oiasso Museoak duen dimentsioa eta dinamismoa»

Koldo Nausia

Aizpea Goenagak erretiroa hartu berritan, ilusioz jantzita onartu dute Oiasso Museoaren etapa berria gidatzeko erronka. Ander Arresek, zuzendari berriak, museoa ezagutzen zuen, baina lanean hasi orduko topatu duen dimentsio sozio-kulturalarekin harrituta dago. Aparteko iraultzarik egin gabe, orain arteko ibilbideari jarraipena eman nahi dio, eta bisitari markak apurtzeko beharrari baino, arkeologia eta dibulgazio lanetan sakontzeko helburuari begira dagoela aitortu du Ander Arresek. Izan ere, arkeologoa den heinean, profil teknikoago batetik lan egingo du.

Europako Ondare Jardunaldiak direla eta, urrian antolatutako jarduerekin, eta azaroaren 16tik aurrera ospatuko den FICAB nazioarteko zinemaldi arkeologikoan lanean buru-belarri harrapatu dugu Oiasso Museoaren zuzendaritza talde berria. Ander Arrese eta Mélanie Dorék ilusioz jantzita onartu dute erromatar museoak abiatzen duen etapa berria. Aizpea Goenagaren lekukoa hartu berri dute, zazpi urtez zuzendari izan ondoren, erretiroa hartu berri baitu.

Zuzendaritza talde berriaren lemazaina Ander Arrese arkeologoa da orain. Museoaren jarduera kulturala eta FICAB zinemaldiaren gidaritza, berriz, Mélanie Doré, bretoia jatorriz. Honek ondo ezagutzen du proiektua, bost urtez arkeologia zinemaldiaren zuzendari artistikoa izan baita Aizpea Goenagaren bidelagun.

Joan den uztailean 20 urte bete zituen museoak, eta bi hamarkada luze hauetan 500.000 bisitari jasotzeaz gain, Oiasso zenekoaren dibulgazioan ez ezik, terma erromatarrak berreskuratu dituzte, eta Irugurutzetako kiskaltze labeen interpretazio zentro berritua ireki berria hartzen du zuzendaritza taldeak. Hain justu, iaz 44.000 bisitarien langa gaindituta, marka historikoa hobetzea zaila izango dela aitortu digu Ander Arresek. Baina ez du ezinbestekoa ikusten. «Normala da terma erromatarren antzeko irekiera batek oihartzun handia lortzea, eta museo batek bere gorabeherak izan ohi ditu, baina museo bat ezin da bisitari kopuruengatik neurtu, garrantzitsuena egiten den dibulgazio lana da», azpimarratzen du.

Museoaren dinamismoa

Alde horretatik, Oiasso Museoa ezin osasuntsuago dagoela uste du. Museoa kanpotik ezagutzen bazuen ere, zuzendaritza kargua hartuta, museoak duen «dimentsio soziala eta dinamismoarekin» harrituta dago. «Aizpeak lortu duena ez dut nik orain deskubrituko, baina abian jarri duen jarduera kulturala gol bat izan da museoarentzat», dio Arresek, «erromatar museo bat baino gehiago bilakatu da, kulturgune bat, eta eragile askorentzat topagune bat ere».

Baina ikuspegi zientifikoa eta Euskal Herrian erreferentziazkoa den erromatar museoaren dibulgazioa eta hezkuntza alorrean sakondu nahi du. Izan ere, Ander Arrese arkeologoa da. Suhar fundazioaren sortzailea da, eta bere esanetan «arkeologo todoterreno» bat. Erdi Aroko arkeologia urbanoan aditua, baina trikuharrietatik hasi eta itsas-arkeologian berezitutako proiektuak garatu ditu azken urteetan batik bat.

Hain justu, Oiasso Museoak antolatzen duen FICAB zinemaldian parte hartu izan du, Murumendiko kastroaz egindako laburmetrai batekin, edota Beñat Iturrioz arkeologoarekin Eñaut Tolosa dokumentalgilearekin batera 1615ean Islandian izandako 'Euskal balezaleen triskantza' (2016) dokumentalarekin.

Hain justu, 2016 urtera bitartean museoaren zuzendari eta FICABen sortzaile Mertxe Urteagaren profil teknikora itzuliko da orain Oiasso Museoa, hein batean. Baina Arresek jakin badaki ere, Aizpea Goenaga artista eta aktoreak urteotan museoari emandako kulturaren topagune izaera garrantzitsua dela. «Perfil teknikoago bat dut dudarik gabe», aitortzen du Arresek museoaren azken urteetako desmartxa hori mantendu ahal izatea espero duela nabarmenduz.

Zentzu horretan, museoak azken urteetan beste museoekin lortu dituen aliantzak batetik, eta eskolartekoen bisitak, tailerrak, hitzaldi zein erakusketak antolatzeko gaitasuna sustatzen jarraitzeko aukerarekin pozik azaldu da. Eta arkeologia diziplina ezberdinei lotutako aldi baterako erakusketak indartzeko helburua duela iragarri du. Ohiko dinamismo horrekin jarraitzekoa, alegia. «Martxan dagoen tren batean igo garela sentitzen dugu, eta museoan dagoen lantaldea oso ondo engrasatutako makina bat dela esan beharra dago, harrigarria da zein ondo lan egiten den hemen», goraipatu du Arresek, zuzendaritza talde berria izanagatik ere, Oiassok duen lantalde osoari esker, museoaren garapena ongibidean jarraituko duelakoan.

Gogoan hartu behar da, Juanjo Jimenez zuzendari laguntzailea, Itsaso Bikuña eta Idoia Castro Hezkuntza sailean, Idoia Lekuona administraria, edota Ane Astarloa eta Judith San Roquek osatzen dutela Oiasso Museoaren eguneroko martxa. Eta museoak bere hirugarren hamarkada abiatzen badu, ilusioak berritutako etapa berri bat dute aurretik.