´Ene Kantak` eta ´Irunen Kantuz` asteburu honetan Euskararen Egunerako motorrak berotzen joateko

Antxeta Irratia

Joan den urriaren 30ean PausoK dantza eskolaren "Zazpiak Bat" ikusgarriarekin egitaraua estreinatu ondoren, ostiralean (azaroak 13) Ene Kantak taldeak 'Amagoia Dragoia' ikuskizun berria eskainiko du Amaia Kultur Zentroan. Eta igandean (azaroak 15) 'Irunen Kantuz II' kale kantu-jira egingo dute hiriko kaleetan zehar, Irungo abesbatzekin eta Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak girotuta.

Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak hiriko elkarte eta eragile andana batekin programa oparoa osatu dute aurten abenduaren ·ko Euskararen Egunaren bueltan. Bost asteko egitaraua ondu dute, Josu Iguiñiz Euskara ordezkariaren arabera, Euskararen Nazioarteko Eguna «egun bakarreko txinparta izan ez dadin». Hartara, urriaren 30etik abenduaren 9ra bitartean adin guzietarako aproposak diren hamaika hitzordu prestatu dituzte, abenduaren 3tik harago. 

Joan den urria bukaeran Amaia Kultur Zentroan PausoK dantza eskolak Euskal Herriko zazpi lurraldeetako artistekin, kantu zaharrekin eta abesti berriekin, dantzarekin eta zuzeneko musikarekin, euskalkiei garrantzi berezia emanez antolatutako ikusgarriarekin ekin zioten programari. 

Eta asteburu honetan bi hitzordu gozatu ahal izango dira. Batetik, azaroaren 13an, ostiralean, 17:30ean, Ene Kantak taldeak 'Amagoia Dragoia' ikuskizun berria eskainiko du Amaia Kultur Zentroan. Istorio berri honetan, Ene Kantak taldeak Amaiurreraino bidaiatuko du ustekabean, eta protagonistek injustiziek eta desberdintasunek markatutako komunitate batekin egingo dute topo Erdi Aroan girotutako kontakizun batekin. Abentura zaildu egingo da Amagoia Dragoia agertzean, herritarren artean zalantzak eta mesfidantza sortuko dituen herensuge misteriotsua. Amagoia Dragoia Nerea Urbizuk idatzitako eta Mikel Santos 'Belatz'-ek ilustratutako Amagoia Dragoiaren ezkatak liburuan oinarrituta dago. Gonbidapenak hemen eskuratu daitezke. 

Bestalde, azaroaren 15ean, igandean, 12:00etan, 'Irunen Kantuz II' kale kantu-jira egingo da hiriko kaleetan zehar, Irungo abesbatzekin eta Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak girotuta. Ekimena ekainean abiatu zen, hiriko eragileek eskatuta, kalean kantatzeko ohitura berreskuratzeko eta euskarazko kantutegia zabaltzeko. Eta sanmartzialetan antolatutako saioak arrakasta izan zuenez, Euskararen Egunaren atarian errepikatzea erabaki dute. 

Hurrengo hitzorduak

Asteburu honetarako prestatutako hitzorduen ondoren, azaroaren 21ean, larunbatean, Palmera Montero Guneak Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen XI. Txapelketa hartuko du, goizez eta arratsaldez, Euskal Herri osoko parte-hartzaileekin. Eta azaroaren 28an, larunbatean, 19:00etan, Oiasso Museoan, Imanol Epeldek 'Zerbait sartu zait begian' bakarrizketa eskainiko du, musika, irudia, argia eta hitza uztartzen dituen pieza.

Abenduaren 1ean, asteartean, 19:00etan, Palmera Monteron, Iñaki Sanz-Azkuek eta Eñaut Agirrek 'Euskara eta natura' hitzaldia emango dute. Abenduaren 2an, asteazkenean, 18:00etan, CBA liburutegian, Beñat Muguruzak 2025eko Jose Antonio Loidi bekaren lana aurkeztuko du: 'Euskararen fade-outa Irunen. Irungo euskararen historia soziala (1900-1936)', XX. mendearen lehen herenean Irunen euskara nola joan zen galtzen aztertzen duen ikerketa.
 
Euskararen Nazioarteko Egunean bertan, abenduaren 3an, bi hitzordu izango dira. Goizean, 11:00etan, Oiasso Museoak ihes gela antolatu du euskaltegietako ikasleentzat eta Mintzalaguna taldeentzat. Arratsaldean, 19:00etan, Amaia Kultur Zentroan, egitarauaren ekitaldi nagusia izango da: 'Adiorik ez' antzezlana, La Dramática Errante konpainiarena, María Goiricelayak idatzia eta zuzendua, bizitzaren amaierari eta zaintzari buruzko lana. Emanaldia irisgarria izango da publiko guztientzat: audiodeskripzioa, azpitituluak eta entzumen-laguntza izango ditu. Euskara denona bada, denontzat izan behar du.
 
Abenduaren 6an, igandean, Irungo Txistulari taldeak diana joko du 8:30ean, Urdanibia plazatik abiatuta, eta 12:00etan muxikoak San Juan plazan. Egitaraua abenduaren 9an itxiko da, asteazkenean, 19:00etan, Amaia Kultur Zentroko hitzaldi-aretoan, 'Mintzo zen' laburmetraiaren emanaldiarekin eta Aitor Aranarekin egingo den tertulia dialogikoarekin.
 
Emanaldi guztiak doan dira. Amaia Kultur Zentroko emanaldietarako gonbidapenak (Zazpiak bat, Amagoia Dragoia eta Adiorik ez) www.irun.org webgunean, Amaia Kultur Zentroko leihatilan eta Luis Marianoko turismo bulegoan eskura daitezke, pertsonako lau gehienez hartuz. Oiasso Museoko emanaldietarako gonbidapenak museoan bertan hartu behar dira, pertsonako bi gehienez.