Unai Amiano pilotari irundarrak zerua ukitu du asteburu honetan. Etxean, Urantzu pilotalekuan, B Serieko 4 t’erdiko txapela jantzi du asteburu honetan Iraitz Zubizarretaren aurka 18-22 irabazita. 3 eta 0 hasi zen markagailuan atzetik, baina hobetzen joan zen gero, eta 12-19 aurretik zegoela, Zubizarreta markagailuan hurbildu zitzaion. Baina azkenean irundarra nagusitu zen. Amianok aitortu du kosta egin zitzaiola erritmoa lortzea. «Nahiz ta gorputza ondo eduki buruak ez badu erantzuten ezin da, baina badakigu partidak erratxaka doazela beti, eta jakin behar da mentalki eusten», azpimarratu du txapela jantzi ondoan.
Urrian 22 urte bete ditu irundarrak, eta oso bizkor iritsi da goi mailara. Gogoratu behar da, 2025eko irailaren 19an estreinatu zela profesionaletan. Eta iaz 4 t'erdiko finalera iritsi eta Senarren aurka 22-15 galdu eta hilabete gutxira, Buruz Buruko txapelketa irabazi zuen Muruaren aurka (22-7). Horrela, 14 hilabete eskas besterik ez ditu behar izan, profesionaletan estreinatu eta hiru final jokatzeko. Horietatik bi irabazita, mailaz igo, eta hoberenekin lehiatuko da heldu den denboraldi honetan.
Hartara, 2024an amateurretan txapelketa guztiak irabazi ondoren, azken urtebetea borobila izan da Amianorentzat. «Oso zaila da, urte asko behar izaten dira gora heltzeko, eta kontent nago lortutakoarekin, baina jakinda ere ez dela beti horrela izango», dio pilotari irundarrak. Alde horretatik, orain punta-puntako pilotariekin lehiatu beharko du, baina banakakoan bere maila ematen badu, beti lehiatzeko aukera izango duela pentsatzen du. «Egia da banakokan nire bertsio onena ematen badut bentajak ateratzeko gaitasuna dudala, eta aurrera begira ere horrela egin beharko dut, hemen ez duelako inork ezer oparitzen», gogoratu du.
Momentuz, aldiz, haizea aldekoa du Unai Amianok, eta gaztea izanagatik ere, Baiko enpresarekin ibilbide dirdiratsua osatzen ari da pilota profesionalaren munduan. Asteburu honetan, Urantzu pilotalekuan ederki asko gozatu duela aitortu du, eta «zaleen babesak punturik ematen ez baditu ere, eskertzekoa dela» nabarmentzen du. Irunen zaletasuna berpiztu du Amianok.