Nuria Alzaga: «Irunen beharrezkoak diren gero eta udal zerbitzu gehiago ditugu, eta ondo da, baina asko garestitu da dena eta aurrekontuaren 10 eurotik 7 egunerokoa mantentzeko dira»

Irungo PSE-EAJ udal gobernu koalizioak 106 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du 2027 urterako, 1.650 euro inguru irundar bakoitzeko. Iazkoa baino %0,46 gehiago da eta inoizko handiena. Herritarrek urtero egingo diren proiektu berrietan arreta jartzen dutela ulertzen badu ere, Nuria Alzagaren ustez balorean jarri beharra dago udal zerbitzuek suposatzen duten gastua. «Ez gara ohartzen, baina kaleak garbi mantentzea, garraio publikoak funtziona dezan edo HAZ-SAC bulegoak egunero pertsiana igotzeak aurrekontuaren parterik handiena hartzen du», gogoratzen du, azken urteetan gastu arrunta nabarmen garestitu dela argituz, «etxean egiten dugun bezala, soberan geratzen den apur horrekin zer egin nahi dugun eta inbertsioetan lehentasunak markatu behar dira».

Irungo Udal Gobernua oposizioko taldeekin 2027ko udal aurrekontuak negoziatzen hasi da. Heldu den abenduaren 18an udalbatzara aurkeztu aurretik, gainerako taldeek aurkeztu ditzaketen proposamenak txertatzeko prestutasuna agertzen du Nuria Alzaga Ogasun udal ordezkariak. Diru partidak gordetzen dituzte horretarako, baina urtetik urtera udal aurrekontua emendatzen doan arren, «gero eta gutxiagorako» ematen duela aitortzen du. Izan ere, azken urteetan udalaren gastu arrunta nabarmen igo da, eta horrek aurrekontuak baldintzatzen ditu. 

Nuria Alzagak gogoratzen duenez, azken hamarkadan Irungo Udalak martxan jarri dituen udal bulego eta zerbitzu berri guztiak «geratzeko iritsi dira». Hartara, auzoz-auzo sortu dituzten adineko zentroak, Haurtxokoen sarea, Palmera Montero gunea, urtez urte bidaiari gehiago jasotzen dituen Irunbus edota HAZ-SAC bulegoa mantentzeak gastu bat dakar, zerbitzuan eta udal langilegoan. «Oharkabean pasatzen zaigu agian, baina ni gaur goizean autobusa hartu dut, eta zaborra botatzeko erabili dudan edukiontzia hustu egingo dute gero, eta lorategiak zainduak daude eta belarra moztuta», dio zinegotzi sozialistak, «hiriaren egunerokoa mantendu eta dena txukun egoteak gastu izugarria suposatzen du».

Alde horretatik, 2027ko udal aurrekontuen parterik handiena oinarrizkoak diren zerbitzuak bermatzeko bideratuko dutela gogoratzen du. Zerrenda horretan, udal langileen soldatekin batera, etxez etxeko laguntza (2,3 milioi euro), argindar faktura (1,4 milioi), garraio publikoa (2 milioi) edota berdeguneen zaintza (2,5 milioi) bezalako oinarrizko zerbitzuek 65 milioi euroko gastua suposatzen dute. Denen artean partidarik handiena garbiketara doa, izan ere, Txingudi Zerbitzuen kale-garbiketarako 5,5 milioi euroez gain, udal bulego eta eraikinen garbiketak 4,8 milioi euroko aurrekontua du. 

PSE-EAJ gobernu koalizioak inoizko udal aurrekontu proiekturik handiena aurkeztu duen honetan, bizitzaren garestitzeak pisu handia duela dio Alzagak. «Dena garestitu egin da, zenbait zerbitzuen kontratuk %40 egin dute gora, eta etxeko ekonomian bezala, dagoen diru poltsarekin egin behar dugu aurrera», azaltzen du, heldu den urteko udal zerbitzuen kasuan, «gastua nabarmen igoko bada ere, zerbitzuak hobetzeko baino, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko izango da». Zentzu horretan, eguneroko pertsiana igotzeak udal aurrekontuaren 10 eurotik 7 eramaten dituela kalkulatzen du Ogasun ordezkariak. 

Datu zehatzetan, Irungo Udalak duen ohiko gastua %6,36 batean egingo du gora 29,59 milioi eurotaraino. Eta bigarren gastu nagusia pertsonala edo udal langilegoa izango da. Horretara 35,96 milioi euro bideratuko ditu Irungo Udalak 2027an, +%7,37 gorakadarekin. Ogasun ordezkariak azaldu duenez, «sindikatuek eta gobernuak adostutako soldaten eguneratzea (%4,5ekoa 2027an) batetik, eta 8 udaltzain agente berri kontratatzeak Udaltzaingoaren aurrekontuan suposatuko duen %10,98 igoera» aintzat hartu dute atal horretan.

Bestalde, udalak hiriko elkarte, GKE eta zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak laguntzeko 4,5 milioi euro banatuko ditu 2027an. Aurten aurreikuspen handiagoarekin ari dira lanean. Izan ere, 2026 honetan Larrialdi Sozialeko Laguntzetarako (AES) diru-partida agortu egin dute, eta beharrei erantzuteko %15,15 batean emendatuko dute heldu den urtean laguntza sozialetarako partida 1.038.640 eurotaraino. Gainerakoan, elkarte eta GKEei urtero banatzen zaizkien laguntza izendunetarako 1,1 milioi euro aurreikusten dituzte, eta beste 1,7 milioi gehiago lehiaketa bidez banatzen diren dirulaguntzetarako.

Egoera ekonomiko osasuntsua

Gastu arruntak gora egin du, eta aurrekontu orokorrak ere azken urteetan. 2016an Irungo Udalak 69 milioi euroko aurrekontua kudeatu zuen bitartean, hamarkada geroago 106 milioikoa aurkeztu baitu. Tartea, aldiz, 2021etik Irunen 13,5 milioi euro inguruko inbertsioak egitea ahalbidetu duten Europako Next dirulaguntzak amaitu direla gogoratzen du Alzagak. «Horri esker, Oiasso Museoko termak edota Irugurutzetako interpretazio zentroa berritu ahal izan da, eta hiriarentzat ona da, baina behin martxan jarrita, horrek gastu berri iraunkor bat ere suposatzen du», dio. Hala ere, eta Europako laguntzak bukatu arren, aurten zerga bilketa uste baino hobe joan da, eta Irungo Udalaren egoera ekonomikoa «oso osasuntsua» da gaur egun.

Kontuan hartu behar baita, 2016 urtean udalak 23 milioi euroko zorrak zituen bitartean, une honetan 3,4 milioi euroko mailegu bat besterik ez duela. «Hala ere, ardura handiz jokatu behar dugu aurrerantzean, inbertsio handiak egin beharko ditu udalak datozen urteetan, eta ezin dugu berriz berdin zorpetu», azpimarratu du.

Inbertsio nagusiak

Argitu duenez, etorkizunera begira, proiektu estrategikoetan inbertsioak egin beharko ditu udalak, izan Txenpereneako lekuz aldaketa, izan IAM pabilioia edota Via Irun proiektua garatzeko ere. Horietan guztietan, hala ere, beste erakundeen finantzabideak ezinbestekoak izango direla gogoratzen du Alzagak. Izan ere, udalak egin beharreko beste inbertsio nabarmenak ere bere gain hartu beharko ditu, kirol instalazioetan adibidez. «Argi dugu kiroldegietan, adibidez, hobekuntzak egin behar ditugula, eta aurtengo Udal Aurrekontu Parte-hartzaileetan irundarrek behar hori adierazi dute gainera», argitzen du zinegotziak. 2027ko aurrekontuetan hain justu, kiroldegietan hobekuntzak (570.000€) eta Stadium Galeko berdegunearen berritzeak (2 milioi euro) jasoko dituzte inbertsiorik aipagarrienak.

Udal gobernuak aurreikusten dituen beste inbertsio nabarmen batzuk dira, era berean, autobus elektriko berria erosteko 700.000€, eta bereziki Irunbus zerbitzuaren kotxera berrietarako 1,8 milioi euroko inbertsioak. Era berean, Errotazar kaleko igogailua (600.000€), eta Irungo Udalak ADIF erakundearekin tren geltoki berriaren Aduana kaleko pasarela berria egiteko adostutako 4,15 milioi euroko inbertsioari dagokion 2027ko ordainketa ere 1,43 milioi eurokoa izango da.

Bestalde, Iparralde etorbideko Oteiza-Basterretxea eraikina berritzeko 730.000€, Musika Kontserbatorioaren fatxada berritzeko 500.000€, eta Ikust-Alaia eraikinean Hiriko Museoa martxan jartzeko 300.000€ko inbertsioak dira aipagarrienak. Herritarrek urtero egingo diren inbertsio eta proiektu berrietan arreta jartzen dutela ulertzen badu ere, Nuria Alzagak gogoratzen du, udal aurrekontuaren parte txiki bat besterik ezin dela horretara bideratu. «Lehentasunak markatu behar ditugu, aipatu dugun gastu arrunta eta eguneroko zerbitzuak ordaindutakoan, zer egin nahi dugun eta geratzen den diruarekin zer egin daitekeen erabaki behar delako», argitzen du. 

Etxebizitza premiak

Zentzu horretan, irundarren premia handienetakoa etxebizitza da. Eta Irunen azken 25 urteetan 936 etxebizitza babestu eraiki diren bitartean, Irun Etxebizitza Gune Tenkatua izendatu zenean, hiru urtetan 1.000 etxebizitza berri eraikitzeko konpromisoa iragarri zuen Cristina Laborda alkateak, beste zenbait neurrirekin batera. 

Alde horretatik, 1,5 milioi euro bideratuko dituzte 2027an Irunvi etxebizitza publikorako sozietatera. Ez dirudi ahalegin handia denik, baina Nuria Alzagak gogoratzen duenez, Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordioari esker, «udalak lurrak jartzen ditu eta etxebizitzen eraikuntza haiek hartzen dute beren gain». Argitu duenez, aipatutako Irunviren dirupartida bereziki Kale Nagusian eraikiko dituzten etxebizitzen proiektuarentzat izango da. Baina dioenez, «Irunen premia handia bada ere, aparteko baldintzak ditu une honetan dagoen etxebizitza beharrari erantzuteko». Izan ere, San Migel-Anaka eremuan 20 urteko atzerapenarekin hasi diren proiektuaz gain, Mendipe, edo Korrokoitzen «Irunen etxebizitza asko izango ditu hurrengo urteetan».

Hala ere, ez da dena eraikuntza berrietara mugatzen. «Ahaleginak egiten ari gara hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko, eta IBIa %150 ordainaraziz merkatura ateratzea lortzen ari garen ala ez aztertzen, adibidez, horrek ez du aurrekontuetan islada handirik ikerketa bat delako, baina etxebizitza politika lehentasuna da» hitzematen du.