Hilaren 25ean abiatuko da ‘Alda dezagun zikloa!’, eskubide menstrualak bermatzeko kanpaina

01/2023 Lege Organikoak aitortzen dituen eskubideak plazaratuko ditu kanpaina honek. Legeak ia lau urte daramatza indarrean eta Ara!Gorputzeko kideek ohartarazi dute legea ez dela ezaguna eta ez dela betetzen ari. Horren harira, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunaren astean jarriko dute martxan ekimena, «eskubide menstrualak ez betetzea indarkeria matxistaren beste aldaera bat» dela azpimarratzeko.

Ara!Gorputz Behe Bidasoko kooperatiba txiki feminista da. 2018. urtetik hilekoaren kultura sortzen dihardute. Gaur bertan ‘Alda dezagun zikloa!’ kanpainaren berri eman dute, «hilekoaren zikloa desinformazioarekin eta normalizatutako minekin lotzen duen zikloa hautsi» nahi dutelako. 

01/2023 Lege Organikoa

Ia lau urtez indarrean diharduen lege honek hainbat menstruazio-eskubide aitortzen ditu, baina Ara!Gorputzeko kideek ohartarazi dute, legea ezezaguna izateaz gain, ez dela betetzen. Eskubide menstrual hauek ez betetzearen auzia indarkeria matxistarekin lotu dute. Horregatik, kanpaina azaroaren 25aren astean jarriko da abian, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunaren astean. 

Hauek dira legeak aitortzen dituen hamar eskubideak: 

1. Hilekoaren kudeaketarako produktuak doan eta bitartekaririk gabe eskuratu ahal izango dira espazio publikoetan

2. Merkaturatzen diren produktuen osagaiak publikoak izango dira eta ez dira osasunerako kaltegarriak izango. 

3. Hilekoaren osasun-arretarako gutxieneko irizpideak ezarriko dira. 

4. Informazioa autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetara egokituko da.

5. Hilekoaren eta menopausiaren inguruko ikerktak bultzatuko dira.

6. Estereotipoetan oinarritutako diskriminazioa desagerrarazteko neurriak hartuko dira. 

7. Menstruazio arazoek eragindako bigarren mailako desgaitasunak dituzten emakumeei eta hilekoa duten gorputzei desgaitasun tenporala aitortuko zaie.

8. Derrigorrezko hezkuntzako ikasketa planean menstruazioaren osasunari buruzko ikuspegi integrala landuko da. 

9. Menstruazioaren eta menopausiaren osasuna sustatzeko kanpaina instituzionalak egingo dira.

10. Zuzenbide, hezkuntza eta gizarte zientziei lotutako titulazioetan hilekoaren eta klimaterioaren inguruko formazio berezitua integratuko da.

Sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina honen baitan, Irungo zenbait autobus markesinetan kartel handiak jarriko dituzte, kartelak eta esku orriak banatuko dituzte eta eskubideen berri ematen duen bideo bat ere zabalduko dute Ara!Gorputzekoek. Aitzinerago informazioa zabaltzen jarraituko dute, eskubide hauek ezagutarazteko eta indarkeria matxistarekin amaitzeko. 

Erakunde publikoei ere erantzukizun zehatzak eskatuko dizkiete. Kooperatiba irundarrak oroitarazi du eskubideek ez dutela beren kabuz aurrera egiten. Horiek ezagutu eta haien alde inplikatuko diren pertsonak behar dituztela azpimarratu dute. 

«Menstruazio eskubideak gizarte osoari eragiten dioten auzi gisa kokatu nahi ditugu eta kanpainako irudietan hilekoaren fluxu gorria konpromiso partekatuaren marka bihurtu dugu. Eskubide menstrualak betetzea denon ardura baita» . 

Kanpainarekin bat egin duten instituzio zein norbanakoak. 

'Alda dezagun zikloa!' Gipuzkoako Foru aldundiaren berdintasun sailak diruz lagundu du, eta hainbat eragile zein norbanakok bat egin dute zabalpenarekin. Horien artean: ESE sustatzeko BDSKoop elkartea, Antxeta Irrati Komunitarioa, La vida en Rojo elkartea, Menstrualmente Hablando proiektua, Risem sarea eta Debako Udala.