Sara Mariezkurrena, Bidasoko Itaiako kideak aitortzen duenez, aurten azaroaren 25a inoiz baino bereziagoa izan daiteke. Lau egun beranduago Espainiar Estatuan ospatuko diren hauteskunde kanpaina bete-betean gaudelako, eta diskurtso erreakzionarioak normaltasun osoz entzuten ditugulako. «Tamalez, telebistan ez ezik, sare sozialetan gero eta normalizatuagoak daude emakumeen kontrako diskurtso erreakzionarioak», dio Mariezkurrenak, eta hauteskundeen harira, eskuineko hautagaiek «astakeria galantak» esan eta komunikabide askok bozgorailu lanak egiten dituzte normaltasun osoz.
Alde horretatik, Madrilen gobernu aldaketa bat emango balitz, «orain arte lortutako eskubide asko galtzeko zorian» egongo garelakoan dago Itaiako kidea. Hala ere, «gaur egun ez gaude ondo» gogoratzen du, joan den azaroaren 11ko greba orokorrean aldarrikatu zuten bezala, «etxebizitzaren arazoa emakume askorentzat are larriago baita» eta indarkeria matxistarekin lotura zuzena duela uste du. «Indarkeria matxistaren biktimak eremu pribatuan pairatzen dute indarkeria, eta eremu seguru bat lortzeko etxebizitza eskubidea bermatu behar da», zehaztu du.
Nolanahi ere, indarkeria matxistaren arazoa estrukturala dela gogoratzen du, hau da, oinarri sozioekonomikoa eta politikoa duela. Hartara, belaunaldi berrien heziketa ezinbestekoa dela pentsatzen dute Itaian, baina era berean, indarkeria matxistari aurre egitea ez dela posible kapitalismoaren kontra borrokatu gabe. «Zapalkuntza guztien buruan dago sistema kapitalista», dio Mairezkurrena, eta beraz, «emakume langileok aktibatu, eta gizartea eraldatzeko kaleak hartzera» animatzen ditu, «faxismoa eta matxismoaren kontra». Agintariei, aldiz, gehiago eskatzen die. «Erakunde publikoek protokoloak sortu dituzte erantzuteko, eta beharrezkoa da, baina dagoena kudeatu besterik ez dute egiten, eta erasoak gertatu eta erantzuna emateaz gain, zerbait gehiago egin beharko da gizartea errotik eraldatzeko», dio.