Atzo 17:00etan haize bolada indartsuek erauzi zituzten bi zuhaitzaren garbiketa lanak jarraitu dituzte gaur goizean Juan Thalamas Labandibar kalean, eta horren ondorioz, Behobia eta Azken Portuko biribilgunearen arteko GI-636 errepidea itxita mantendu dute. Irungo Udalak jakinarazi duenez, trafikoa Dario De Regoyos kaletik (Artia auzoa) desbideratu dute. Ostegun honetan, 16:00etan, errepidea berriro irekiko da, inguruko ibilgailuen zirkulazioa normaltasunera itzuliz.
Era berean, segurtasuna lehenetsiko dutela argitu du Gorka Alvarez Obra eta Mantenurako zinegotziak. Eta ezponda berean dauden ezkien egoera aztertuko dute datozen egunetan galtzadara erortzeko arriskua ote duten argitzeko. Baina, momentuz, egoera aztertu ondoren, inguruko beste bi zuhaitz ere botatzea erabaki dute, oinezkoen eta ibilgailuen segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Jarduera horiek gertakariaren ondoren hartutako prebentzio-neurrien barruan kokatzen dira.
Kendu behar izan dituzten zuhaitzak ezpondaren baldintzetara hobeto egokitzen diren eta erresistenteagoak diren espezieak aukeratuz ordezkatuko dituztela iragarri du Irungo Udaleko Obra, Mantentze eta Azpiegitura arloak.
Aipatutako azterketa teknikoaren emaitzen arabera, inguruko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko dira eta dagozkion jarduerak zehaztuko dira. Udalaren lehentasuna "herritarren segurtasuna bermatzea eta izan daitezkeen arriskuak saihestea da".
Ez da lehen aldia ezkien lerrokada honekin arazoak suertatzen direla. 2019an erori zen aurreneko zuhaitza, eta udalak hainbat ale kendu zituen. Artiako Lagunak elkarte ekologista zuhaitzen defentsan mobilizatu zen, baina 2024 urtean beste zuhaitz bat erori ondoren, Irungo Udalak ezponda zati horretan zeuden 37 zuhaitzen osasun-azterketa egitea erabaki zuen. Eta eztabaida sortu zuen beste zenbait ale kentzea agindu zuen udalak, zuhaitz gazteagoekin ordezkaru zituen.