Aurreko astean Irungo Udalak beste bost ezki moztu dituela gaitzetsi du Artiako Lagunak taldeak. Azaroan haizete batek 18 metroko zuhaitz hauetako bat bota zuenez geroztik, halako hamar ezki kendu dituztela salatu du. Eta Behobia eta Arenas Carrilloko gunearen artean 37 ezki besterik ez direla geratzen dagoeneko. Orotara, aldiz, azken Porturainoko lerroa barne, 88 gelditzen dira gaur egun.
Joan den astean Gorka Alvarez, Obretako udal ordezkariak Antxeta Irratian azken boszt ezkien mozketa ezinbestekotzat jo zuen. «Zuhaitz bakoitzak bere txosten teknikoa du, eta adituek diote erortzeko arriskua dutela, zorigaiztoko arazo bat sorrarazi dezaketenez hoberena da kentzea, herritarren segurtasuna dagoelako gainerako guztiaren gainetik» argudiatu zuen EAJko bozeramaileak. Kendutakoak ordezkatuak izango direla, eta hunkituak dauden beste zenbait zuhaitzen jarraipena egiteaz gain, Juan Thalamas Labandibar eta Dario de Regoyos kalearen arteko ezponda halako zuhaitzentzat eremu desegokia dela oroitarazi du.
Artiako Lagunak taldeko Alazne Izulainek, aldiz, argi du udalak zuhaitz lerro guztia suntsitzeko estrategia programatua duela. 2019an hasi ziren zuhaitz hauen defentsa lanetan, ezkien «funtzio ekologiko ordezkaezina» azpimarratu du elkarteak, «GI-636 errepidean sortzen den kutsadura akustiko eta atmosferikoa murrizten duelako, eta itzala ematearekin aterpe klimatiko izateaz gain, auzoa haizeaz ere babesten dituelako». 2020ean udalbatzak aho batez onartu zuen ezkiak babesteko, eta oro har, hiriguneko zuhaitzak kontserbatzeko mozioa. Zuhaitzak babestu, azterketa jarraipena egin eta behar denboran kimaketak egiteaz gain, hirian kentzen direnak ordezkatzeko mozioa aho batez onartu zuten talde politiko guztiek, 53 eragilek eta 4.100 pertsonak sinatu ondoren. Eta udalak hartutako konpromisoa ez dela betetzen ari leporatu diote udalari azken hilabeteetan "Hemen Zuhaitz Bat Falta Da" kanpainarekin.
Artiako ezkien lerroari dagokionez, aldiz, azken mozketa honek agerian uzten du Izulainen ustez, «ezkiak traba egiten dietela, erakundeen benetako helburua hor errepidearen hirugarren errail bat egitea delako». Alde horretatik, Gorka Alvarezek mozketa hasi zen egunean bertan zuhaitzen txosten osoa helarazi bazien ere, zuhaitzen defentsako taldeak salatu du, lanak hasi baino 24 ordu lehenago eman zitzaiela honen berri, txostena duela lau hilabetedanik prest zegoenean. «Nahita ezkutatu dute», ondorioztatzen dute.
Hau guztia kontuan hartuta, eta dagoeneko akatutako 10 ezkiak aintzat hartuta, lau eskakizun egin dizkiote Artiako Lagunak taldekoek Irungo Udalari: eskatutako informazio guztia bidaltzea, moztutako ezki guztiak ordezkatzea, 2020ko mozioa betearaztea, eta Juan Thalamas Labandibar kaleko abiadura 30km/h-ra murrizteari buruzko mozioa ere betetzea. Izan ere, «auzoko arrisku hilgarria ez da eror daitekeen zuhaitza» haien ustez, hauek ondo zainduz gero, auzotarrak babestu baizik ez dutelako egiten. Zentzu horretan, agintarien "kotxezentrismoa" hainbatetan salatu du taldeak, eta 2022an aldundia ere salatu zuen errepideko abiadura mugak ez errespetatzeagatik.