Lekuen izenek edo toponimoek pistak eman ohi dituzte, baina hirien zabaltzearekin desagertu ohi diren tokien, lanbideen edo historiaren pasarteen garai bateko oihartzun hutsalak bilakatzen dira askotan. Jendarteak ez baitu horren kontzientziarik. Irunen gutxik dakite auzune eta leku askoren deiturak, garai bateko baserrienak direnik. Baina pista horiek ez ezik, artxibategiak arakatuz eta lekukotasunak bilatuz, Irungo baserrien bilakaera eta desagerpenaren historian argi izpi bat jartzeko erronka onartu du orain Juanma Sarasola Murgiak.
Irungo Udalaren Serapio Mugica ikerketa beka eskuratu du horretarako. 10.000 euroko saria eta urtebeteko epea du ikerketa osatzeko. Joan Batista Elizanburu saratarraren herri kantari keinu bat eginez, "Ikusten duzu goizean... Irungo baserrien historia. Erdi Arotik gaur egun arte" titulupean, ikerlari irundarrak urte luzetan egindako Irungo baserrien azterketa sakona muturreraino eramango du orain. Argitu digunez, Erdi Arotik gaur egun arte, Irunen noizpait izandako baserriak, eta hirigintza bortitzari aurre eginez oraindik zutik irauten dutenak zerrendatuko baititu. Baita baserri bakoitzaren historian sakondu eta bakoitzaren istorioa edo fitxa osatu ere.
Irun osoko baserriak, errotak, burdinolak, bordak, eta nekazaritzari lotutako dorretxeak ere kontuan hartuko ditu, eta kalkulatzen duenez, orotara grosso modo 400 edo 450 bat izan dira Irungo historian zehar. «Ez du esanahi denak batera izandu zirenik, XX. mendean ere eraiki izan ziren batzuk paduren idortzearekin, eta denboran zehar joan dira sortzen eta desagertzen», argitzen du Sarasolak.
Zutik eta memorian irauten duten etxaldeak
Alde horretatik, Bidasoa, Meaka edo Olaberria bezalako landa eremuko auzoetan zutik jarraitzen dute baserri askok. Baina azken hamarkadatan industrializazioak, trenbidearen garapenak, merkataritza-zentroen eraikuntzak, eta bereziki etxebizitzek okupatu dituzte garai bateko zelai eta soroak Irunen. «Hori dena porlanez, errotondaz, asfaltoz, etxez bete dute, Irungo hainbat toki bezala», dio goibel ikerlariak.
Irun hirigintza modernoak okupatu aurretik, San Martzialetik ikusita.
Izan ere, hiriak irentsi dituen lurrak izanik, hor ziren baserrien izenak dira gaur egun, lekuan berean dauden eskola, kale, parke edota auzo berriak izendatzen dituztenak. Leka-Enea, Antzaran, Zubimuxu, Aranibar eta horrela dozenaka leku daude irundarren egunerokoan presente, eta denak iraganeko baserrien omenez izendatutakoak dira.
Baserri gutxi batzuk bizirauten dute oraindik hirigunean integratuak, baina zutik eta lurrik gabe mantendu izan ohi dira, garai bateko baratze eta ukuilurik gabe. Ikerlariarekin elkartu gara, hain justu, horietariko baten atarian. Larreaundi auzoan Txikillo izeneko etxeak garai batean izandako baserriaren egitura besterik ez du gordetzen iada. Eta inguru haietan ere, Berio kaleari izena eman zion baserria, edota metro gutxira auzunea bera izendatzeko erabili zen Larreandi ere, baserri bat izan zirela gogoratzen du.
Txikillo baserria Larrendi auzoan (eskuinetara), hiriak inguratu aurretik.
Beste hainbat baserriekin bezala, haien izenak besterik ez dira geratzen, garai bateko Irun baten oihartzuna. Bere ikerketa osatzeko argazkiak edo irudiak biltzen ari da han-hemenka. Eta artxiboez aparte, oraindik zutik geratzen diren baserrien kasuan, baserritarrekin gogoratzen dutenaz hitz eginez, ala txalet zein etxebizitza soil bilakatu direnetan bizi direnekin mintzatuz, edota aurretik beste ikerlari batzuk osatutako bildumetatik lortutako informazioarekin eta irudiekin osatuko ditu baserrien fitxak. «Argazkiak txundigarriak dira kasu batzuetan, harritua geratuko da jendea ikusterakoan nola aldatu den Irungo paisaia, garai batean landa edo zelai ingurua zena orain hirigunean erabat barneratuta dagoelako», dio Juanma Sarasolak.
Erribera baserria Larreaunditik Olaberria auzorako bidean.
Zentzu horretan, Irungo baserrien zerrenda huts bat baino gehiago osatzen ari da. Desagertu den bizimodu eta Irun baten historia biltzen. «Iragana askok ez dute ezagutu, eta trantsizio horretan baserriren bat hiriak inguratuta ezagutu duena historiaren parte baten lekuko izan da», azpimarratzen du ikerlariak.
Ikerketa lana badu aurretik egiteko, artxibategiko dokumentuak, baserritarren ahozko testigantzak eta informazioa osatzeko irudi zaharrak nahiz egungoak bilduko ditu. Eta azaldu digunez, ikerlanaren liburua argitaratuko du gero Irungo Udalak Serapio Mugica bekaren baitan, "Irunek Historia du" izeneko bilduma osatzen jarraitzeko. Ale honetan ziur bitxikeria anitz topatuko dituela, Irungo baserrien eta auzoen historian interesa duenak.