Informazio gehiena soilik sarean bilatzeko ohitura gailendu den garai hauetan, turismo bulegoetan parez-pareko tratua eta azalpenak eskaintzen dituzte oraindik ere. Horretan aritu da adibidez udara honetan Itsaso Alcalde Lesakako turismo bulegoan. Herriko turismo eta komertzio teknikaria da bera, eta balorazio orokor bat jaso asmotan jarri dugu berarekin hitzordua bertan.
Urtean zehar udaletxean lanean aritu da Alcalde bertzelako proiektuekin, eta udara partean turismo bulegoan bertan eskaini die arreta herrira bertaratu diren bisitariei: «Nik pertsonalki hagitz balorazio positiboa egiten dut. Gustura eta eroso egon naiz etorri den jendearekin», erran digu. Lesakan turismo bulegoa Burdinaren etxea erakusketaren areto berean dago, eta beraz bisitariek inguruari buruzko informazioa jasotzeaz gain Pedro Lantz-en burdinezko lanak ikusteko aukera izaten dute.
Bertan lanean lehendabiziko udara izan du lesakarrak, eta beraz, zaila egiten zaio datuez gaindi sentsazioak alderatzea bertze urte batzuekin: «Nik aurten kalean jende gehiago ikusi dut bulegora bertara etorri dena baino. Eta ikusi dut honat jende heldua hurbildu dela gehien bat. Nik uste horiek direla pertsona batekin topatzea eskertzen dutenak eta blog edo interneten ikusten dutenarekin gelditzen ez direnak. Nahi izaten dute norbaitekin solas egin, eta bertakoa baldin bada, hobe. Hori aunitz eskertzen dute hori», onartu du.
Bertaratzen direnek beraz, Alcalderen azalpenak aditu eta sentsazioak partekatzen dituzte. Betiere, teknikariak argi du zein helburu duen bere lanak eta «beti turismo jasangarri bat bilatu eta oreka aurkitzeko» xedea dutela azpimarratu du: «Ez dugu nahi jende gehiegi egotea, baina ezta guttiegi ere. Puntua bilatzea zaila izaten da».
Herria bizi nahi duten bisitariak
Lesakara hurbiltzen diren bisitarien profila anitza izan badaiteke ere, nagusiki turismo bulegoa bisitatzen dutenak madrildarrak edo espainiarrak direla adierazi digu Alcaldek: «Gehienak bero anitz egiten duen lekuetatik etortzen direnak izaten dira, espainiatik datozenak freskura bila». Hala ere, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik ere etorri ohi da jendea, batez ere, kirolari tiraka: «Euskaldunak mendizaleak gara eta gure zonaldea leku aproposa da mendi ederrak dituelako. Hori bilatzen duen jendea ere izaten da, edo bide berdean barrena datorrena. Gainera, Lesakan badugu Bizibide deitzen den bizikleta sare bat eta jendeak nahi izaten du hori egin».
Herri bat jendeak egiten du, eta bisitariek ere zuzenean zein zeharka nabaritzen dute hori. «Bisitariei herria bera gustatzen zaie gehien. Hemengoak ohituratuak gaude hemen bizitzera baina hemengo ondarea, historia, etxeak zein zainduak dauden… herritik paseatzea gustatzen zaie, pixka bat hemen bizitzea. Jendeak maiz erraten dit nabari dela hemengo jendeak hori anitz zaintzen duela. Gustatzen zaigula gu garena eta Lesaka zaintzea», erran digu.
Nonbait bisitan goazenean bertako sentitu nahi izaten dugu eta beraz, lesakartu nahi izaten dutenak ere izaten dira: «Jendeak nahi izaten du etorri eta aste batean dena ikusi… eta orduan, ikusten dutenean zein bizirik dauden hemengo ohiturak, berriz ere ospakizun datetan itzultzeko gogoz gelditzen dira. Herria bizitzeko sentsazio eta gogoarekin etortzen dira Lesakara».
Turismo jasangarriaren bidean
Orokorrean «urte lasai» gisa baloratu du aurtengoa Alcaldek turismoari dagokionean: «Iraila bukatzean sentsazio orokor bat lortu nahi nuke ostatuetatik pasatuta; ez da erabat erreala hemen bizi dudana, mundu guztia ez baita hemendik pasatzen», erran digu.
Azken urteotan turismoa orekatu eta indartzeko baliabide ezberdinak eskaini dira Lesakan zein inguruetaan udaletxeetatik, eta «herria errespetatzea» lortu dela onartu digu teknikariak: «Indarra jarri da turismo jasangarri bat lortzeko bidean, eta estimatu behar da udaletxeek horretan jartzen duten indarra. Baztan-Bidasoan gauza aunitz eskaintzen zaizkie bertakoei zein kanpotik etortzen direnei», azaldu du.
Dauden erronkei heldu eta bide horretan segituko dute, beraz.