Aziendarik gabe, baina egin dute Lesakako feria

Ekhiñe Zapiain 2025eko azaroaren 20a

Euritan ernatu da Lesaka, baina jendea joan-etorrian ibili da Plaza Zaharraren bueltan. Feria eguna ospatzen dute gaur, eta nabari da herritarren gogoa. Aurten ez dute aziendarik atera kalera, baina artisauek postuak muntatu dituzte eta musikariak eguraldi txarra alaitzeko ahaleginean aritu dira. Eguerdiko poteoan harrapatu dugu jendea, aterkia eskuetan.

Feria eguna ospatu dute gaur Lesakan; aurten, inoiz baino modu bereziagoan. Arrazoi bikoitzagatik, ez dituzte ohi moduan aziendak plazara atera. Bortzirietako abeltzainek, ortzegunetik ortziralera feria egunaren aldaketa eskatu zuten, eta aurten ortziralarekin izanen ez zela jakitean, aziendak ez ekartzeko hautua egin zuten. Jakinarazpen horretatik egun gutxira, Nafarroako Gobernuak aziendak plazaratzeko debekua ezarri zuen, dermatosi nodular kutsakorra zabaltzea ekiditeko.

Hala, gaur ez da ohi bezela aziendarik agertu Lesakako feria egunera. Baina hori ez da oztopo bat izan lesakarrek besta eguna ospatu dezaten. Ibilaldia egin dugu, eta postuz-postu aritu gara beraiekin solasean.

Tratu anitzeko feria bat

Aterkia lagun, zer ikusia bazegoen herrigunean. Zuhatz Oiartzabal Lesakako Tantirumairu Ikastolako ikaslea da, eta Tantirudendan topatu dugu pintxoak eta gozoak saltzen. Kontatu digu irabazitako dirua «eskiatzeko edo bertara joateko autobuserako» erabiliko dutela. Ohikoa izaten da ikasleak horrelako postuetan topatzea.

Kalean aitzinera egin dugu, baina ez dugu ikastola gibelean utzi. Tantitutalo postuan talapalak astintzen hasiak dira jada. Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara ariko dira taloak eskaintzen. Ikastolako guraso eta langileek auzolanean egiten dituzte, eta Uxue Mesa bertako irakaslearekin mintzatzeko aukera izan dugu: «Ferietan aspaldian jartzen dugu talo postua, eta gero irabazitako dirua ikastolako inbertsioetarako erabiltzen dugu. Ikastoalaren funtsa auzolana da, eta horregatik gaude hemen auzolanean» azaldu digu.

Bertze urteetan Plaza Zaharraren kantoi batean txerria ikustea ohikoa izaten da. Euskal Preso eta Iheslarien aldeko txerriaren zozketa egin ohi du herriko presoen aldeko mugimenduak. Gaur ordea, Maddi Ane Txoperena topatu dugu tiketak saltzen, baina ezin izan dute txerria ekarri. Hala ere, saria egon badagoela nabarmendu digu: «Ferietan presoen aldeko aldarria presente egotea nahi izaten dugu. Egunean zehar txerri baten zozketa egiten dugu, eguerdian kontzentrazioa, eta ondotik herri bazkaria».

Poteoa bazkarian bukatu ohi da, eta horiek eskaintzen dituen Arrano Ostatuan egin dugu azken geldialdia. Larraitz Eugi topatu dugu barraren barrenean fin lanean, eta azaldu digu ez dutela aziendaren falta anitz sumatu: «Herria nola dagoen ez dakit, hemen nagoelako. Baina ostatuan ez dugu anitz nabaritu. Jendea gosaltzera etorri da, eta bazkaritarako erreserbak ere baditugu», erran digu.

Azaroaren 30ean herri galdeketa

Abeltzainen kexak tarteko, Lesakako Udalak heldu den azaroaren 30ean herri galdeketa deitu du Lesakako feria eguna ortziralera aldatu edo ortzegunez mantentzea erabakitzeko. Galdera bakarrari erantzun beharko diote Lesakan erroldatutako 16 urtetik goitiko herritarrek: Lesakako feria eguna ortzegunean edo ortziralean egin nahi duten.

Bertan ateratako emaitzarekin erabakiko da 2026tik aitzinera noiz eginen duten ospakizuna. Tratuak tratu, feria gosez segituko dute lesakarrek.