Lesakako Ferien egunaren inguruko herri galdeketa eginen dute igandean

Paola Oskoz 2025eko azaroaren 26a

Bortzirietako abeltzainek sustatuta eta, lehen aldiz, Lesakako Udalaren Parte-Hartze Ordenantza erabiliz, Ferien egunaren inguruko herri galdeketa eginen dute igande honetan, azaroaren 30ean, Lesakan. Lesakarrek Feria eguna ortzegunean edo ortziralean egin nahi duten erabakiko dute bozketa bidez. 16 urtetik gorako eta herrian erroldatutako biztanleek eman dezakete bozka eta ordutegi zabala ere proposatu du Udalak horretarako. 

Lesakako Udalak urriaren 30ean egindako osoko bilkuran aho batez onartu zuen Lesakako Ferien egunaren inguruko herri galdeketa egitea. 2025eko martxoan onartutako Parte-Hartze Ordenantza oinarri bezala hartuta, herri galdeketa azaroaren 30ean, igandean, eginen da udaletxean. Erantzun beharreko galdera hauxe izanen da: zein egunetan nahi dituzu Lesakako Feriak? Aukerak berriz bi, ortzeguna edo ortzirala. Horrela erabakiko dute lesakarrek 2026tik aitzinerako Ferietako eguna zein izanen den. Herrian erroldatutako 16 urtetik goitiko biztanleek eman dezakete euren bozka igandean, 10:00etatik 14:00etara edota 16:00etatik 20:00etara. 

Bortzirietako abeltzainek sustatuta eraman zuten herri galdeketaren proposamena osoko bilkurara, izan ere, abeltzainek erabaki zuten aurtengoan, ortzegunarkein ospatuz gero, ez zutela aziendarik plazaratuko Ferietan. Beraien erranetan, urteak daramatzate eskakizun hau egiten, Feriak ortziralera pasatzea hain zuzen ere. Horrela izan zen, aziendarik ez zen ikusi azaroaren 20an ospatu ziren Lesakako Ferietan, baina hau ez zen izan arrazoi bakarra. Nafarroako Gobernuak debekatu baitzuen abereak ferietan elkartzera, Dermatosi Nodular Kutsakorra gaixotasuna ez zabaltzeko helburuarekin.

Feriak egunez aldatzearen erabakia lesakar guztieti eragiten diela ikusirik, Udalak herri galdeketa egiteko proposamena hartu eta aitzinera eraman du. Igande honetan beraz, azaroaren 30ean, herritarrek hau erabakitzeko ahalmena izanen dute, Udalak martxoan onartutako Parte-Hartze Ordenantzari esker. Goizez eta arratsaldez eman ahal izanen da bozka, Udaletxean: 10:00etatik 14:00etara edota 16:00etatik 20:00etara. 16 urtetik goitiko erroldatutako biztanleek parte hartu dezakete eta NAN-a, NIE-a, gidabaimena edota pasaportea aurkeztuta egin ahal izanen dute. Galdera bakarra proposatuko da bozka paperean eta bi erantzun azalduko dira aukera. Erantzun beharreko galdera zein egunetan nahi dituzu Lesakako Feriak? izanen da eta ortzeguna edo ortzirala, egunetako bat, aukeratu beharko da. Lesakako Udalak bozka eman dezakeen herritar oro animatu nahi izan du herri galdeketan parte hartzera, "ahalik eta lesakar gehienen iritzia jaso ahal izateko".