Iban Garro lesakarra Getariako KatuKale apartamentuan idazketa-egonaldia egiteko hautatua izan da

Paola Oskoz 2026ko otsailaren 4a

Getariako eta Lesakako Udalek, bi herrietako hainbat ostatuekin elkarlanean, martxan jarritako egitasmo honek baditu dagoeneko lehen irabazleak. Oihana Arana eta Ilargi Aristondo Lesakan izanen dira euren idazketa prozesua aitzinera eramaten. Horiez gain, Getarian, Iban Garro lesakarra, Ane Labaka eta Josu Ozaita ariko dira jardun berean.

Epaimahaikideek ebatzi dute dagoeneko zeintzuk izanen diren Getaria eta Lesakako ostatuetan idazketa-egonaldi banaz gozatuko duten autoreak. Guztira, zortzi proiektu aurkeztu ziren Getariako eta Lesakako Udalek elkarrekin abiatutako egitasmo honetan eta horietatik bost izan dira aukeratuak: OIhana Arana Cardenal Ane Labaka Mayoz, Josu Ozaita Azpiroz, Iban Garro Alzuri eta Ilargi Aristondo Merino. 

Horietatik Arana da dagoeneko egonaldiaz gozatzen ari dena, gizarte antropologoa Lesakako Pikukobordan baitago otsailaren 2tik 7ra. Dolu prozesu batetik abiatutako poema bilduma bat ontzen ari da Arana, bi urtez idatzitako poemez osatua. Aitaren heriotzaren ondorengo bizitzaren nondik norakoetan arakatzen du lanak eta doluan dagoen pertsona baten egunerokotasuna kontatzen da bertan. Proiektua bukera fasean dago, 2026ko udaberrian argitaratzea aurreikusten baita, eta beraz, poema zuzentzen, berridazten, ordenatzen eta izenburuan pentsatzen ariko da idazle gaztea. 

Lesakan egonen den bertze autorea Aristondo izanen da, azaroaren 15etik 20ra. Ekaitza ostatuan hartuko du aterpe eta bere proiektuak humanoen eta suaren arteko harremana aztertzen duen saiakera izanen da, Euskal Pirinioan egindako suaren ikerketa antropologikoan oinarrituta. Landa lanean jasotako testigantzak eta material etnografikoa berridatziko ditu Aristondok egonaldian, idazkera akademikotik aldendu eta hizkuntza narratiboago baten bidez publiko zabalagoari zuzendutako liburuxka bat plazaratzeko asmoz. 

Getarian bertze hiru autore

Getarian ere bertze hiru autorek eginen dute euren egonaldi propioa, tartean lesakar batek, Iban Garro Alzurik. Azaroan izanen da Garro han, KatuKale apartamentuan, Begiak kentzen dizkidazu lana garatzeko asmoz. Nerabezaroan geratzen den eskola jazarpenaren inguruan ariko da, gaiaren inguruan hausnartzen jazarriaren eta jazarlearen ahotsetik. Idazleak elkarrizketa, narratiba eta poesia uztartuko ditu lanean, hiru dimentsio emanez kontakizunari, bi kokapen nagusitan. 

Azkenik, Ane Labaka eta Josu Ozaita ere izanen dira Getarian. Lehena San Prudentzio hotelean izanen da, martxoan, eta bigarrena, Saiaz hotelean hilabete berean. Labakak Itzuri eleberria ontzen ariko da eta Ozaita berriz, Etnografia Getarian tesia.

2027ko edizioa martxan

Egitasmo hau Getaria eta Lesakako Udalek jarri dute martxan herriko hainbat ostalarirekin batera. Irabazi asmorik gabeko egitasmoa da, eta herriko turismo-baliabideak kultur-sortzaileen eskura jartzea eta euskarazko idatzizko sorkuntza bultzatzea ditu helburu. 2026aren bukaeran iragarriko da hurrengo deialdia, 2027. urtean bertze idazketa-egonaldiak aurkezteko.