Iban Garrok ‘Euri Beroak’ liburua aurkeztuko du Lesakan ortzegunean

Ekhiñe Zapiain 2026ko otsailaren 24a

Iban Garro Altzuri lesakarrak ‘Euri beroak’ poema liburua kaleratu zuen joan den udazkenean Erein argitaletxearekin. Bilboko Udalaren Blas de Otero-Angela Figuera Nazioarteko XVII. Poesia Lehiaketa irabazita sortu zuen lana da, iraganeko familia kontakizun ilun batetik abiatu eta orainalditik ondu duena. Sorterrian (Lesaka) aurkeztuko du ortzegun honetan (otsailak 26), arratsaldeko 18:30ean liburutegian.

Ezberdina izaten da norberak soilik liburua irakurtzea, edota bertako hitzak idazlearen ahotik aditzea. Iban Garro Altzuri lesakarraren Euri beroak liburuan bertze modu batean murgiltzeko aukera izanen da Lesakan ortzegun honetan (otsailak 26). Izan ere, idazleak berak Olatz Rojo musikariarekin aurkeztuko du liburua, Lesakako liburutegian, arratsaldeko 18:30ean.

Bilboko Udalaren Blas de Otero-Angela Figuera Nazioarteko XVII. Poesia Lehiaketan irabazlea izan zen, eta hargatik kaleratu zuen liburua. Lehenagotik ere irabazi ditu bertzelako sariak, liburu gehiago izan dituztenak fruitutzat: Iruñeko Udalak antolatzen dituen egile berrientzao literatur lehiaketaren baitan osatutako bildumetan sortu zituen Omar (2015), Hidris-en aulkia (2016), Gure artekoaz ari naiz (2018) eta Geroxeago itzuliko naiz (2019). Udalbiltzak antolatutako Geuretik Sortuak proiektuaren lehen edizioan Urepelen (Nafarroa Beherea) izandako egonaldia baliatuz, Behe Lainoak poesia lana sortu zuen, Hamazazpigarrenean aidanez (Udalbiltza, 2022) bilduman argitaratu zena. Larrosa bat Groenlandian (Iruña Hiria saria, 2023) izan zen bakarka argitaratu zuen lehendabiziko lana, eta orain, 2024ko Blas de Otero-Angela Figuera poesia saria irabazi zuen Euri beroak du eskuartean.

Idazlearen eskutik azken lan hau ezagutzeko hitzordua otsailaren 26an, Lesakako liburutegian, arratsaldeko 18:30ean izanen da.