Urko Ikardo: «Eskubideak galtzeko arriskuan gauden honetan, diskriminazioa ezabatu eta euskara biziberritu nahi dugu»

Paola Oskoz 2026ko maiatzaren 28a

Bortzirietako Hizkuntza eta Kultur Aniztasun Eguna ospatuko dute igande honetan, maiatzaren 31n, Lesakako Plaza Zaharrean. Bertako udal ordezkariek, teknikariek, irakasleek eta jatorri ezberdineko herritarrek osatutako taldeak antolatu du jardunaldia eta aldarrikapena eta besta uztartuko ditu. Helburua Bortzirietako aniztasuna eta elkarbizitza ospatzea, eta gizarte justu, inklusibo eta diskriminaziorik gabeko baten aldeko mezua zabaltzea izanen da. 

Urteak daramatzate Bortzirietan kultura eta hizkuntza aniztasuna lantzen, baita euskara biziberritzeko ekitaldi desberdinak antolatzen ere, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eskutik. Azken aldian ugariak izan dira horren bueltan egin dituzten jarduerak, hala nola, “Gogoa pauso, pausoa bide” dokumentala edota 2024an lehen aldiz ospatu zuten kultura eta aniztasunaren eguna. Tartean, zenbait jardunaldi eta hitzaldi ere egin dituzte, denak helburu berarekin: harrera, inklusioa, kultura eta hizkuntza aniztasuna aitortzea, elkarbizitza eta harremanak sustatzea eta euskararekiko balore positiboak sustatzea, herritarrei euskarara hurbiltzeko asmoz. Horretarako, 2023an kultura eta hizkuntza aniztasun taldea sortu zuten, zenbait herritar eta erakundek osatua eta hauek izan dira igande honetan, maiatzaren 31n, Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Eguna antolatu dutenak, Lesakako Plaza Zaharrean. 

Urko Ikardo Bortzirietako Euskara Mankomunitateko euskara teknikariak azaldu duenez, “egun honen gibelean, hizkuntza eta kultura aniztasun taldea dago. Orain dela hiru urte sortu genuen eta helburua harrera, inklusioa, kultura eta hizkuntza aniztasuna aitortzea, elkarbizitza eta harremanak sustatzea eta euskararekiko balore positiboak partekatzea da. Taldean ere aniztasuna islatu zen, udal ordezkariak, teknikariak, irakasleak eta jatorri anitzeko herritarrak daudelako bertan. 2023an hasi ginen 2024ko eguna prestatzen. 2024 bukaeran 2025eko jardunaldiak antolatu genituen, erakusketa bat eta hitzaldi batekin. 2026 hasieratik berriz, aurtengo eguna landu dugu”. Aurrekoen “nahasketa bat” izanen dela ere onartu du Ikardok, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuko dituen eguna alegia. 

Eguna prestatu ez ezik, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak “Ongi etorri Bortzirietara” bideoa argitaratu berri du, Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna maiatzaren 21ean ospatzen zela aprobetxatuz. Bideo honetan ere helburu bera zuen erakundeak: “Herritar etorri berriei harrera egitea, kultura eta hizkuntza aniztasuna balioan jartzea edo aldarrikatzea eta euskararen inguruko informazio eta baliabideak azaltzea”. Ez da lehen aldia horrelako zerbait egiten dutena, dagoeneko 2019an gai honi buruz bertze bat landu zuten. Oraingo honetan ordea, 2023an osatutako taldean landutako ideiak plazaratu dituzte eta bertako zenbait kidek ere parte hartu dute ekoizpenean. Euskara teknikariak jakinarazi duenez, “euskarari buruzko mezuak daude bideoan, baita aurten bertze batzuk ere gehiago azpimarratu dira. Adibidez, berdintasunaren aldeko aldarria presenteago dago, baita diskriminazioaren kontrako mezua. Gainera, arrazakeriaren kontrako mezua esplizituki azaltzen da eta ikusgarritasun gehiago dute jatorri ezberdineko herritarrek. Migratzaileak ez dira jasotzaileak, protagonistak baizik eta hizkuntza anitzak ere erabiltzen dira keinu gisa, Bortzirietan erabiltzen direnak”. Horrez gain, euskararen biziberritzearen inguruan ere zenbait ideia ageri dira ikus-entzunezkoan: “Euskararen galera eta berreskurapen prozesua aipatzen da. Arnasguneei buruzko mezua ere bada. Herriok duten funtzioa azaldu nahi diegu etorri berriei. Harremanetara, irakaskuntzan edo lan munduak aukerak handitzeko balio duela euskarak”. 

Gastronomia, musika, dantza eta jolasa Hizkuntza eta Kultura Aniztasunaren Egunean

Bideoak eta igandean ospatuko duten egunak bat egiten dute ideia edo helburu horiekin eta mezuak bertsuak izanen dira, nahiz eta aldarrikatzeko modua desberdina izan. Maiatzaren 31n, Lesakan, gastronomiaren, musikaren, dantzaren eta jokoen bueltan ariko dira aitzinetik aipatutako helburu horiek guztiak aldarrikatzen. Goizeko 11:00etan hasiko dute eguna txarangaren musikarekin eta ordu berean hasiko dira munduko jolasak ekitaldia. Sokatira, La Rayuela eta sokasaltoa izanen dituzte, leku denetan ohikoak direnak, bakoitzean bere ñabardurekin egiten badira ere. 12:00etan dantza latinoak ikasteko aukera izanen dute bertaratutakoek, jatorri kubatarra duen Lesakako Barbarorekin. 13:00etan berriz, ekitaldia ospatuko da, aldarrikapenek presentzia izanen duten momentua. Ondotik, 13:30ean, janari dastaketa eginen dute. Hamahiru jatorri desberdineko platerak probatzeko aukera egonen da hemen eta bukatzeko, 14:00etan, Roda do leo Brasilgo musika jotzen duen taldeak emanaldia eskainiko du, eguna modu ezin hobean borobilduz. 

Ekitaldi hauekin guztiekin “euskararentzat zer toki nahi dugun” hausnartzea izanen da helburua, baita gure herrietan dugun “kultura eta hizkuntza aniztasuna nola baloratu nahi dugun” ere. Horretarako, komunean ditugun arloetan erreparatu dute taldekoek. Ikardok erran duen moduan, “humanoa baita gastronomia, jolasa edo dantzaren inguruan elkartzea. Kultur guztiena da hori eta horrek badu balioa komunitatea egiten duelako”. Hori gutxietsi gabe ordea, “folklorismoan erortzeko arriskua” ekiditeko, “bertze aspektuei ere arreta jarri” nahiko diete igandean, eta “eskubideak galtzeko arriskuan gauden honetan, diskriminazioa ezabatu eta euskara biziberritu nahi dugula” transmitituko dute Lesakako Plaza Zaharrean.