Lide Igoa: «Gazte Egunaren helburuetako bat da jendea ohitzea herrian gauzak antolatzera»

Paola Oskoz 2026ko maiatzaren 29a

Larunbat honetan, maiatzaren 30ean, Lesakako Gazte Eguna ospatuko da Lesakako Gaztik taldeak antolatuta. Goizeko 10:30ean hasiko dute egitaraua txupinazoarekin eta ginkana, poteoa, bazkaria, jokoak eta Joselontxos Txaranga izanen dute euren eguna ospatzeko. Lesakako Gaztik taldeak urtean zehar antolatzen duen ekitaldirik garrantzitsuena da eta gustura egiten dela aitortu du Lide Igoa taldeko kideak, herri txikietan ekitaldiak egotea nahi bada, lana egin behar delako. 

Lesakako Gaztik bertze urte batez Gazte Eguna antolatu dute larunbat honetarako, maiatzaren 30erako. Egitaraua prest dute dagoeneko eta, azken ukituak eman beharko badiote ere, goizetik arratsera bitarte musikaz eta alaitasunez beteko dute herria; izan ere, txupinazoa, ginkana, poteoa, bazkaria, jokoak eta Joselontxos Txaranga izanen dute. Lide Igoa taldeko kideak aitortu duenez, “gustura egiten den lana da, lana bada ere”. Hain zuzen ere, hori da biharko egunean berriak izanen diren kuadrillei transmititu nahi zaiena: "Gazte Egunaren helburuetako bat da jendea ohitzea herrian gauza antolatzera. Lana da, baina polita da eta ongi pasatzen da”.

Maiatzeko hondarreko asteburua dagoeneko gazteentzat gordea dute lesakarrek, azken urteetan Lesakako Gaztik taldeak Gazte Eguna ospatzeko ohitura hartu baitu. Lide Igoa taldeko kideak aipatu duenez, “bertzeren batean, maiatza erdialdean egin dugu. Lehenago ere apiril erditsuan egiten zuten. Baina azken aldian beti egin dugu maiatza bukaeran. Batzuetan zortea dugu eguraldiarekin, bertzeetan ez, baina data polita da eta ongi datorkigu”. Ez da taldeak urtean zehar antolatzen duen hitzordu bakarra, baina bai lan gehiena eskatzen duena: “Sanferminetan, uztailaren 9an, gazte bazkaria egiten dugu. Hitzaldiren bat ere antolatu izan dugu, mendi irteeraren bat eta Gabonetan, Olentzeroren bueltan, erakusketaren bat ere egin dugu haurrekin. Hala ere, lan gehiena duena Gazte Eguna da”. Gazte Eguna antolatzeko, laguntza izaten dute ordea. “Urtean zehar gauzak antolatzeko hamar bat pertsona gaude taldean, baina Gazte Eguna antolatzeko, kuadrilla guztietako jendea biltzea eskatzen dugu eta jende gehiagok parte hartzen du. Horrela, ardurak banatzen ditugu eta lana errazagoa da”, gaineratu du Igoak. 

Hori da, hain zuzen ere, biharko egunarekin taldeak transmititu nahi duena: "Gazte Egunaren helburuetako bat hori da: jendea ohitzea herrian gauza antolatzera. Lana da, baina polita da eta ongi pasatzen da”. Horrez gain, Lesakako gazteen arteko harremanak sustatzea ere bada egunaren ideietako bat. Igoak onartu duenez herrian “anitz mugitzen gara kuadrillaka eta, egun honetan, nahasten saiatzen gara. Jokoetan, adibidez, hori egiten dugu: kuadrillako jendea taldeetan nahasi eta horrela, bertze adinetako edo kuadrilletako jendearekin harremantzen gara. Bertze egunetarako harremanak sustatzen ditugu horrela”. 

Txupinazoa, musika, bazkaria eta jokoak nagusi Lesakako Gazte Egunean

Martxo aldean hasi zen taldea aurtengo Gazte Eguna antolatzen eta “hiruzpalau bilera” egin dituzte geroztik egitarau guztia osatzeko. Normalean “egitarau bertsua” izaten dela jakinarazi du Lide Igoak, eta biharkoa ere horrela izanen da. Goizeko 10:30ean hasiko dute eguna “txupinazo xume batekin”. Horrekin batera, gosaria ere eginen dute Plaza Zaharrean, “giroa berotzen hasteko eta lotsak kentzeko”. Izan ere, hurrengo ekitaldia ginakana izanen da eta hor hasiko dira dagoeneko taldeetan nahasten. Ordubete inguru ariko dira jolasean, talde antolatzaileak banatutako argazki batzuk Lesakako txokoetan kokatzen eta, 12:30ak aldean, karro-poteoa eginen dute herrian barrena. Ondotik, mahaiaren bueltan elkartuko dira bazkaltzera. “Arranotik ekarriko dugu bazkaria Plazara, iaz bezala. Lehen paella lehiaketa egiten genuen, baina lehengo urtekoarekin gustura geldituko ginen”, azpimarratu du taldekideak. 

Bazkalondoan, jokoekin segituko dute. Momentu hori da Gazte Egunaren berezitasuneko bat eta, gazteak ez ezik, Lesakako bertze herritarrak ere elkartzen dira Plazaren bueltan, jokoak ikustera. Igoak azaldu duenez, “talde batek antolatzen ditu jokoak. Badira batzuk ezinbertzekoak direnak, baina berriak ere egonen dira”. Hiru bat ordu egonen dira horretan eta 20:00etatik aitzinera, egitaraua borobiltzeko, aurten Joselontxos Txarangaren musikarekin segituko du besta egunak. Azken ekitaldi honetan espero du Lide Igoak jende gehiago batzea. Izan ere, bazkarirako 54 pertsona daude izena emanda, baina badakite inguruko herrietatik ere ilunabar aldean hurbiltzen direla gazteak, eurekin batera eguna bukatzera eta horiek ere animatu nahi izan ditu lesakarrak.