Eskualdeko turismo bulego guztiak bezala, Lesakakoa ere prest dago bisitariak artatzeko udako sasoi hasi berri honetan. Itsaso Alcalde turismo teknikaria izanen da bigarren urtez bertan eta, opor garaietan egin ohi duen bezala, Harriondoa kultur etxean kokatua dagoen Burdinaren Etxea museoan artatuko ditu aurten ere turista guztiak. Garai batean komentua zena, gaur egun kultur talde eta ekitaldi gehienak biltzen dituen egoitza da Harriondoa eta espazioak eskaintzen duen guztia aprobetxatzen saiatzen da Alcalde, herriko erdigunetik kanpo dagoen espazio eder eta freskoa bisitariei erakusteko helburuarekin.
Astelehenetik larunbatera irekiko da aurten ere turismo bulegoa, 9:30etik 14:00etara eta 15:30etik 17:30era. Larunbatetan ordea, goizez bakarrik irekiko da, 10:00etatik 14:00etara. Ordutegi berean bisitatu ahal izanen da Burdinaren Etxea, Lesakara etortzen direnentzat lehen eskaintza. Berriki zendu den Pedro Lantz lesakarraren lanak daude bertan ikusgai. Burdingilea izandakoak, baita herriko alkate ere tarte batean, dohaintzan eman zizkion pieza anitz Lesakako Udalari eta honek Burdinaren Etxea sortu zuen, bilduma horrekin herriko ondarearen zati garrantzitsua betez eta burdingilearen lanbidea eta jakintza belaunaldi berriei transmititzeko helburuarekin.
Erakusketa doakoa da eta Itsaso Alcalde turismo teknikariak azaldu duenez, “bisita gidatuak ere” egiten dituzte tarteka, zenbait jubilatu elkartek horrela eskatuta. Lesakak “betidanik burdinarekin harreman estua” izan duela oroitarazi du Alcaldek. “Bere garaian hamasei bat burdinola egon ziren eta hemen Pedro Lantzen lanak erakusteko aukera aprobetxatzen dugu. Kanpokoentzat eskaintza polita da, baina bertakoentzat ere. Tarteka lesakarrak ere etortzen dira, normalean ahanzten baitugu hau hemen dugula”, gaineratu du. Museoan burdin piezak ikusteaz gain, “burdinaren prozesua eta hemengo ohiturak” azaltzen ditu teknikariak, baita “lehenagoko lanbideak” ere.
Horrez gain, natura ezagutzeko hainbat jarduera desberdin dituzte Lesakan eta horren bila ere turista andana bat etortzen da oporraldi bakoitzean. Alcaldek adierazi duen moduan, “hemen dugun gauza positiborik handiena natura da eta jendea horren bila etortzen da”. “Turismo jasangarria” deitzen zaio horri eta herrian ere esfortzu berezia egiten ari dira hori sustatzeko. Bisitariek inguru berde hori eskertzen dutela ere onartu du teknikariak: “Gu ohituak gaude hemengo ingurura, baina jendea harrituta gelditzen da badugunarekin”. Hori guztia erakusteko, TopRutas aplikazioa martxan paratu zuten, doakoa eta ibilbide desberdinak proposatzen dituena: “TopRutas aplikazioa dugu. Doakoa da eta ibilbide desberdinak erakusten ditu. Herria ezagutzeko paseo bat dago, audiogidarekin, eta puntuz puntu herria ezagutzeko aukera dago honekin, informazio desberdina jasoz. Mendi ibilaldiak ere sartu ditugu, luzera eta zailtasun desberdinetakoak”.
Hau osatzeko, Bidasoko Bide Berdearen inguruko informazioa ere eskaintzen du Alcaldek. Herri erdigunetik “tren txikitoaren bidea zen” horra ailegatzeko aukera dago “errepidea ukitu gabe” eta orain Elizondoraino ireki berri duten zatiarekin, “57 kilometro” osatzen ahal dira guztira, “bizikletan edo oinez”. “Publiko guztiarentzat egokia” dela azpimarratu du Alcaldek, familian ere egin daitekeena. Kirol eskaintzarekin bukatzeko, Bizibideren berri ere eman du teknikariak: “Urte guztian zehar enduro pista batzuk ditugu, Bizibide izena duena. Horren barrenean, bide eta jaitsiera anitz daude endurora bideratuak eta urte guztian zehar profil horretako turistak jasotzen ditugu”. Proiektu honek webgune propio bat duela ere jakinarazi du Alcaldek eta hor informazio guztia eskuragarri dagoela.
Turismo jasangarriarekin lotuta, Lesakako Udalak berriki autokarabana gune bat ere ireki du, bisitari andana jaso dituena estreinatu denetik. “Aplikazio bat bada eta turistek, normalean, badute gure autokarabana gunearen berri eta hortik eskatzen dute lekua. Badira ere hori jakin gabe etortzen direnak eta hemen ematen diegu informazio hori. Hori izanen da uda honetako berritasuna eta ikusiko dugu nola funtzionatzen duen”, aipatu du Alcaldek.
Familientzat ere eskaintza zabala dute Lesakako turismo bulegoan. “Olentzeroren inguruko ginkana edo pista joko bat” dutela azaldu du Itsaso Alcaldek. “Ikatz zaku bat banatzen lagundu behar zaio Olentzerori. Mugikorrarekin egiteko jokoa da eta hemen, komentuan, lehen pista dago. Bertara sartzeko behar den QR-a ere hemen bertan dago. Herritik paseo bat emateko aitzakia da, entretenigarria. Familiek eskertzen dute herria ezagutu nahi dutelako, baina seme-alabak dibertituta”, gaineratu du. Euskal Herritik datozen bisitariek dagoeneko ezaguna dute Olentzeroren figura, baina kanpotik heldu direnei informazio pixka bat gehiago eskaintzen die teknikariak: “Nik azaltzen diet zer den Olentzero. Iaz ikerketa antropologiko bat egin zen Olentzeroren inguruan eta Lesakak horrekin duen harremanari buruz. Ikus-entzunezko bat egin den eta hemen panel bat dugu horra bideratzen duena. Jendea jakin-minarekin gelditzen bada, hori erakusten diet, herriaren nortasuna ezagutzeko aukera ematen baitu”. Lesaka herria bertsolaritzarekin lotura handia duela ere erran daiteke eta, horren harira, Oinak Bidean ibilbidea ere prest dute. Harriondoa kanpoan QR bat dago ibilbidearen track-arekin eta, puntuz puntu, Lesakako bertsolarien etxeetatik pasatzen ahal da oinezkoa, haien inguruko informazioa ere jasoz.
Azkenik, aurtengo turismo bulegoaren bertze berritasuna espazio hori Baztan-Bidasoaldeko ekoizleen produktuen erakusleiho izanen dela da. “Berako turismo bulegoan egin duen bezala, gu ere gehitu gara honetara. Azken ukituak ematen ari gara oraindik, baina turismo bulegoan txoko bat egokitu dugu inguruko ekoizleentzat”, azaldu du Alcaldek. Baztan-Bidasoaldeko ekoizle guztiei irekitako txokoa izanen da eta “denda baino, erakusleiho bat izatea” nahi dute. Produktuak erosteko aukera egonen da bertan, baina “liburuxka bat” prestatu dute bertan egonen diren produktuen eta ekoizleen inguruko informazioa jasotzen duena, “nondik sortu den jakiteko eta beraiekin kontaktu zuzena egiteko”. Teknikariak onartu duenez, turistek eskatzen zuten zerbait zen orain eskuragarri jarri duten zerbitzu hau. Hala ere, bertakoentzat interesgarria ere badela iritzi dio Alcaldek: “Herritarrei gonbidatzen diet etortzera eta ezagutzera zer den hemen ekoizten dena, anitzek ez dutelako jakinen eta aukera polita da”.
Hau guztia prest edukita, bisitariak artatzeko prest dago Itsaso Alcalde turismo bulegoan. Lesakara hurbiltzen direnak, gehien bat, “bikote helduak” direla aipatu du, batez ere turismo bulegora hurbiltzen direnak. “Turismo heldua, lasaia eta jatorra da eta eskaintzen diezun guztia ongi hartzen dute. Disfrutatzera etortzen dira eta ez dute deus zehatzik behar. Gainera eskertzen dute hona etortzea eta jendearekin solastatzea, mapak eta informazioa paperean edukitzea”, gaineratu du. Hauen jatorriari dagokionez, Espainiatik, baita Europatik ere, jendea etortzen dela dio teknikariak, nahiz eta asteburu pasa Euskal Herritarrak ere hurbiltzen diren. Hau guztia kontuan hartuta, bigarren urtez pozik eta eskertua azalduko da Itsaso Alcalde bere lantokian, Lesakak eta inguruak eskaintzeko duen guztia erakusteko prest.