Ongi funtzionatu dute Lesakako Turismo Bulegoak uda honetan eskainitako berritasunek

Paola Oskoz

Autokarabanen gunea eta bertako ekoizleen txokoa ziren Lesakako Turismo Bulegoak aurtengo udarako prest zituen berritasunak. Herrira hurbildu diren bisitariek anitz eskertuko dituzte biak, baita bertakoek ere. Izan ere, eskualdean ekoizten diren produktuen berri izan dute azken hauek eta aberasgarria izan da denentzat. Itsaso Alcalde turismo teknikaria pozik gelditu da honekin eta, aitzinera begira, bertzelako ekoizpenei ere ateak irekitzen ahal dizkiola uste du. 

Lesakako Turismo Bulegoan uda sasoia bukatu da dagoeneko eta turismo bulegoa bera, berriz ere, Burdinaren Museotik Udaletxera mugitu dute. Ordutegia ere aldatu dute, nahiz eta Lesakara ailegatzen direnei harrera egiten segituko duten. Sasoia bukatuta ordea, balorazioa egitea falta da eta, zenbaki zehatzik eduki gabe ere, uda ona izan dela argitu du Itsaso Alcalde turismo teknikariak. Ohikoak diren bisitariak ailegatu dira aurten herrira eta, mugimendua egon bada ere, bizilagunak lasai ibili direla azpimarratu du teknikariak, hori baita bere lanaren helburua.

Zenbaki zehatzik gabe, sentsazioez aritu da batez ere Itsaso Alcalde Lesakako turismo teknikaria. Uda denboraldia bukatu berri da eta, oraindik, ez dute balorazio ofiziala egin, baina Alcalde bera lesakarra denez, herriko jendearekin eta komertzio eta ostalariekin mintzatzeko aukera izan du laburrean. “Oraindik ez dit denborarik eman zenbaki zehatzetara sartzeko, baina sentsazioak onak izan dira. Jendea mugitu da eta eskertua egon da. Hemengoa naizenez, turismo bulegotik kanpora mugimendua ikusi dut eta, orokorrean, herri bizi bat. Udan zehar, komertzioetatik edo ostatuetatik pasatzen naizenean, ohitura dut galdetzeko eta beraiek ere sentsazio hori dute, jendea ibili dela eta ongi joan dela”, dio Alcaldek. Edonola ere, balorazio ofiziala egiteko, komertzio eta ostatuei galdetegi bat pasatuko die teknikariak, iritzia bildu eta 2026ko udako memoria egiteko, hori baita garrantzitsua eurentzat, “haien eta herritarren iritzia jasotzea”. 

Izan ere, turismo bulegoaren lanak ardatz garrantzitsu bat du: “Guretzat turismoak beti izan behar du jasangarria eta herria herriarentzat izan behar da. Kezka horretatik abiatzen dugu sortzen dugun guztia”. Helburua lortu dutela ere onartu du Alcaldek, “mugimendua egon delako, baina etortzen diren turistek lasaitasun bila etortzen direlako”. Beraz, desio zutena eta espero zutena bete da aurtengo udan ere. Bulegoan, gehien bat, herriaren inguruko informazio bila ari zen jendea hurbildu da: “Herriko planoa eskatzen dute eta herriko leku erranguratsuenak zeintzuk diren galdetzen dute. Planoa ematen diegu, azalpenekin, baina baita aplikazio bat. Horrekin, euren kabuz eta audiogida baten bitartez, bisita gidatu bat egiten ahal dute. Hori ez dute berez eskatzen, baina guk ematen diegu eta anitz eskertzen dute, leku gutitan ikusten omen delako hori eta prestatuak gaudela ikusten dutelako”.

Ohiko aplikazioez, mendi ibilbideez edota bizikleta ibilbideez gain, aurtengo udan bi berrikuntza nagusi izan ditu bulegoak: autokarabana gunea eta bertako ekoizleen txokoa. Biak ere primeran funtzionatu dutela onartu du Alcaldek. Autokarabana guneari dagokionez, erreserbak aplikazio baten bitartez egiten direnez, honen erabileraren inguruko zenbaki zehatzak dituzte. “Orain arte jendeak eskatzen zuen zerbait zen eta udan, baita udatik kanpo ere, jende pila bat ibili da. Ekainetik hona, 700 erreserba baino gehiago egin dira. Autokarabana bakoitzean, normalean, pertsona bat baino gehiago dago eta hori aunitz da”, dio teknikariak. Bulegoan zalantza zuten ea jende hau herritik ibiliko zen edo ez, baina badirudi bisitariek, arratsa pasatzeaz gain, herria ere ezagutu duela: “Horietako batzuk bulegora etorri dira eta komertzio eta ostatuek ere erran dute nabaritu dela herrira hurbildu direla. Gunea herritik kanpo dago, baina hurbil. Beraz, denentzat lasaia da. Kanpoan zaude, baina aldi berean, herria ezagutzeko aukera duzu”. Alcaldek gaineratu duenez, “horietako aunitz arratsa pasatzera soilik etorriak ziren eta, herria ezagututa, egun gehiago gelditu direla aitortu dute”. Europar jatorriko bisitariak izan dira, gehien bat, zerbitzu hau erabili dutenak, “Alemania, Frantzia edo Belgikatik” etorritakoak. 

Bertze berritasunarekin, bertako ekoizleen txokoarekin, bereziki kontent dago Itsaso Alcalde. “Aspaldian genuen ilusioa hori egiteko eta aurten eskaini dugu. Hagitz kontent nago erantzunarekin. Etorri denak aunitz eskertu du eta herritarrak ere hurbildu dira. Ez zeuden behartuak produktuak erostera, ideia ekoizten dena ezagutaraztea baitzen, eta lortu dugu. Kanpotik etorri diren aunitzek eraman dute produkturen bat oroigarri gisa”, erran du, eta bidenabar, Burdinaren Museoa ere bisitatu dutella. Aitzinera begira, “esperimentu” honek, bertze motatako produktuei aukera zabalduko diela pentsatzen du Alcaldek, ideia baita zerbitzua mantendu eta, ahal bada, gehiago handitzea.

Uda sasoia bukatuta, Itsaso Alcalde Udaletxeko bulegotik ariko da lanean orain, neguko eta udaberriko oporraldietan kenduta. Momentuz, epe motzean izanen duten lana, udako balorazioa egitea izanen da, “ondorioak atera eta gauzak mantendu edo aldatzeko proposamenak egin”. Epe ertain edo luzean berriz, “proiektu berriei irekiak” daudela aitortu dute eta horien esperoan egonen direla.