Lesakako Udalak elkarretaratzea deitu du herriko ikastetxeetan eta Beti Gazte Sokatira Taldeko egoitzan egin dituzten kalteak salatzeko

Paola Oskoz

Lesakako Udalak herritarrekin partekatutako bideo batean azaldu duenez, herriko ikastetxeetako patioak behin baino gehiagotan zikinkeriaz bete dituzte azken asteetan eta kanpoko materiala hondatua agertu da. Bertan dagoen Beti Gazte Sokatira Taldeko egoitza ere kaltetua izan da oraingoan. Egoerak etenik ez duela salatzeko, elkarretaratzea deitu du Udalak Magala Haur Eskolarekin, Irain Herri Eskolarekin, Tantirumairu Ikastolarekin eta Beti Gazte elkartearekin batera, urriaren 27an, 19:00etan plazan.

Azken aste luzeetan Lesakako ikastetxeetako patioak behin eta berriz zikinkeriaz beteak agertu direla salatu du Lesakako Udalak, herritarrekin partekatu duen bideo batean. Kanpoko materiala hondatua agertu dela jakinarazi du, Magala haur eskolako, Irain Herri Eskolako eta Tantirumairu Ikastolako patioetan. Horrez gain, azken asteburuan, Beti Gazteren Sokatira Taldeak erabiltzen duen lokalean ere kalteak izan direla ohartarazi du.

Egoerak etenik ez duela ikusita, Udala Lesakako hiru ikastetxeetako eta Beti Gazte elkarteak ordezkariekin elkartu dela jakinarazi du bideoan eta "salaketa publiko komun bat egitea erabaki" dutela. Horrela bada, eragile guztiak elkarrekin elkarretaratzea deitu dute heldu den urriaren 27rako, 19:00etan, herriko Plaza Zaharrean. Mezuan "herritarrei bertara hurbiltzea" eskatu diete, "jarrera hagitz desegokiak izaten diren kontestu batean kokatzen" baitituzte jokabide horiek eta denen ardura delako horri bukaera ematea. 

Elkarretaratzea deitzeaz gain, hurrengo asteburuetan hiru ikastetxeetako instalakuntzak itxiak egonen direla azpimarratu dute, bideoan bertan ikus daitezkeen txikizioak sahiestu ahal izateko.