Haien asmoa da, abenduko lehen igandean urtero, Euskararen Egunarekin bat eginik antolatzen jarraitzea. Eta mementuko bigarren edizioa dute. Joseba Aurkenerena antolatzaileetako bat da, eta aitortu digunez Urruñako herriari begira antolatzen dute. “Ez dugu anbizio handirik, ez da Durango, Sara edo Ziburun egiten dutena, Lapurdiko itsas-hegian liburuak argitaratzen dituzten 20 bat argitaletxe edo elkarteak gonbidatzen ditugu”, argitu du Urrunaga elkarteko kideak.
Halere, Euskal Herrian gure kulturaren pizgarri izateko asmoa badu umiltasunez. Azokaren izenak XIX. mendearen erdialdean euskal kulturak bizi izan zuen loraldiari egiten baitio erreferentzia. “XIX. mendearen bukaeran euskal loraldia zabaldu zuen Antton Abadiak. Urruña epizentroa izan zen eta hortik Euskal Herri osora”, oroitarazten du. Eta haien nahia da, oraingoan ere, loraldi berri bat lortzea Urruñan. “Gure asmoa da euskal kulturaz eta euskaraz egiten diren gauzak jendeari aurkeztea”, dio Josebak. Kasu honetan, euskarak lehentasuna du, “azokaren funtzionamendua bera euskaraz delako”, baina euskal kulturarekin lotura duten frantsesez edo gazteleraz plazaratutako ekoizpenak ere biltzen dituzte.